joxerra senar
ANALISIA

'Ni edo kaosa'-tik 'Ni naiz kaosa'-ra

2015eko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Itxura zarpail, zurbil eta utziarekin igo zen parlamentuko atrilera Roberto Jimenez martxoaren 26an, landa eremuko eskolek baliabide gehiago izan dezatela eskatzeko. Bere azken hitzaldia zenez, baimena eskatu zuen. Urduri, azterketa gainditu ez duen ikaslearen tankeran, agurreko azken hitzak barkamena eskatzeko baliatu zituen. «Ez naiz egon Nafarroak eskatzen zuen maila berean. Aitortu beharra daukat, nire zorro barruan daramat hori». Gero, azken gogoeta egin zuen: «Legealdi hau ezin okerragoa izan da. Nire arduraren zatia hartzen dut. Badakizu, Barcina anderea, zure eta nire artekoa nahiko konplikatua izan da... Adeitasun osoz, gaur txantxetan esaten dizut».

Eskertzekoak dira halako zintzotasun ariketak, berandu eta azken unean badatoz ere. Beste jarrera bat erakutsi zuen lau egunera Barcinak. Lewis Carroll bizirik balego, apika, izenburua aldatuko lioke bere eleberri ezagunenari: Yolandaren abenturak mundu miragarrian. Izan ere, gauza bat da bere kudeaketaren alde onak azpimarratzea eta bestea da azken lau urteotako hondamendiak eragindako alde ilun guztiak ezkutatu nahi izatea, gezurrari gezurra gaineratuz, datuak nahierara erabiliz. Bere bakardade politikoa eta bere gaitzen errua bere lana oztopatzea besterik helburu izan ez duen oposizio maltzurrari bota zion, eta gobernuak, aldiz, «erantzukizunez eta seriotasunez» jokatu du. Errua beti besteena da.

Ia lau urte (mundu bat) iragan dira, Barcinak eta Jimenezek, legealdi honetako protagonistek, adeitsu zein irribarretsu prentsaren aurrean koalizio gobernurako akordioa aurkeztu zutenetik.Dokumentu hartan jada antzematen zen erabat ezinezko izango zela austeritatea eta aurrezkia ekonomiaren susperraldiarekin eta enpleguarekin lotzea. 2011ko ekaineko egun hartan, aurrezkiaren mirari hura nola gauzatuko zuten galdetu ziotenean, Jimenezek erantzun zuen goi kargudunen soldatak murriztuta bi milioi euro inguru aurreztu zitezkeela. Serio zioen, kazetariari begirada iltzatuz. Bi milioi? Huskeria bat. Ateraldi hutsa.

2011ko udako zor merkatuetako tentsioek uste baino lehenago eragin zuten lehen aizkorakada serioa kontu publikoetan. Hiru hilabete baino ez zeramaten gobernuan, eta amaitu ziren ordurako irribarreak. Lehen murrizketen atzetik murrizketa gehiago etorri ziren, ekonomia atzeraldian erori zen, ezinegon sozialak presioa handitu zuen, eta, akats politiko nabaria eginez, Barcinak UPN PPrengana hurbildu zuen. Horrek guztiak jasanezin bihurtu zuen PSNren presentzia gobernuan. Bi alderdietako liderren egoek ere izan zuten eraginik talkan, baina pertsonalismoen gainetik, egoera ekonomikoak eta sozialak eragin zuen haustura. Miguel Sanzik gabe, Barcinak urtebetean urtu zuen Nafarroako gaztatxoa.

Gaztatxoa, ordea, ez zen berehalakoan urtu, eta haren arrastoak zenbait kasutan gaurdaino iraun du. Zalantzarik gabe, hauteskunde emaitzen arabera, Jose Javier Esparza eta Maria Txibite gaztatxoa berrosatzen saiatuko dira, baina hori beste istorio bat izango da. CCOO, UGT eta CENek osatutako kontseilua osatzerakoan edo Nafarroako Kutxaren galerari aurre egiterakoan, beti elkarrekin egon dira UPN eta PSN.CANekin gertatutakoa paradigmatikoa da. Azkeneko hamarkadako kudeaketaren erabakietan parte hartu dute, dietak kobratu dituzte eta euren ardurak zuritzen ahalegindu dira. Kasu honetan, ez da inor atrilera igo mea culpa-rik oihukatzera, eta informazioa ematea trabatu dute. PSNk hiru aldiz eragotzi zuen ikerketa batzordea, eta, legealdiaren hondarrean, batzordea osatu zenean, beste behin krisiari zein Espainiako legediari egotzi zion gertatutako guztia.

Gainerakoan, bidea bakarrik egitea otu zitzaion Barcinari, eta, zalantzarik gabe, gurutze bidea bihurtu zaio. Ustekabeko gertakariek eta haren akatsek ezinezko egin dute UPNk hain gogoko duen egonkortasuna. Hiru urtez, luzatutako aurrekontuekin funtzionatu du Nafarroako Gobernuak, eta, gehiengo finkorik gabe, konfiantza moziorik aurkeztea ez zaio otu. Hala, EH Bilduk urratsa egin zuen aurrera oposizioa eta gobernua erretrata zitezen. Zentsura mozioa ez zen aurrera atera. Alfredo Perez Rubalcabak nahiago izan zuen PSOEren eta Espainiaren barne egonkortasuna gordetzea, UPN eta bere interes sarea higatzea baino.

Urtebete geroago, Idoia Nieves gobernuko Ogasuneko zuzendariak bere presidenteordearen aurka egindako salaketa larrien ondotik, Mariano Rajoy etorri zen porrotaren ertzean zegoen Barcina salbatzera. «Yolanda, izan zaitez indartsu». Barcenasekin egin bezala, haren telefono deiak hauspoa eman zion Barcinari. Hilabete geroago, berriro Rubalcabak ezezkoa eman zien Barcina boteretik kentzeko irrikan zeuden PSNko militanteei. Gaineratu koktel horri VWen BEZagatik hondamendiaren ertzean egon dela Nafarroa. Hor daude datuak, hor dago errealitatea. Hor dago legealdiko laburpena. Ni edo kaosa esaten zuten UPNk eta Barcinak, baina Ni naiz kaosa dira orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.