Eskoletako jangelak. Bestelako ereduak

Eredu anitz erretiluan

Catering enpresen bidez kudeatutako ereduaz gainera, beste hamaika sistema indarrean dira Euskal Herriko ikastetxeetan. Denek dute helburu bera: ikasleei elikadura osasuntsua, sasoian sasoikoa eta gertukoa eskaintzea.

Ion Orzaiz - Ibai Maruri Bilbao
2019ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Garai batean ez bezala, catering enpresek kudeatzen dituzte Euskal Herriko ikastetxe gehienetako jantokiak. Hori da, gaur gaurkoz, gehien hedatu den eredua. Ez da, baina, indarrean den sistema bakarra.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, hainbat proiektu pilotu jarri dituzte martxan, kudeaketa partekatuan oinarria dutenak. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, berriz, administrazioek enpresen kontrataziora jotzen dute, baina baldintza zorrotzak jarrita. Nafarroako panorama ere askotarikoa da, gurasoen edota tokiko erakundeen esku baitaude jantokiak. Azkenik, Ikastolen Elkarteak Hego Euskal Herrian dituen 74 ikastolen erdiek sukalde zerbitzu propioa dute. Elikagaiak, aldiz, enpresen bidez erosten dituzte. Egoera, beraz, dirudien baino pluralagoa da.

Larrabetzu: guraso elkartea, arduradun bakarra

Eusko Jaurlaritzaren parte hartzerik eta laguntzarik gabe kudeatzen du jantokia Larrabetzuko guraso elkarteak

Guraso elkarteak oso-osorik kudeatzen du Larrabetzuko (Bizkaia) eskola publikoko jangela. Eusko Jaurlaritzak ez du parte hartzen, eta ez du laguntzen. Ekonomikoki ere ez. Ikasleen eta irakasleen artean, ikasturte bakoitzean 230 eta 250 menu artean ematen dituzten egunero. Ikasturte osorako aurrekontua 190.000 euroren bueltan egoten da. Boluntario bidez egiten dute kudeaketa: batek finantzak eramaten ditu, eta beste batek egunerokoari erantzuten dio. Guraso bi horietako bat da Ekaitz Barrenetxea.

2008an hasi diren modu horretan funtzionatzen. Ordura arte, eskola sortu zenetik, Eusko Jaurlaritzarekin batera kudeatzen zuten jantokia. «Kudeaketa partziala zeukan guraso elkarteak; partekatua zen. Gobernuak sukaldariak kontratatzen zituen, eta sukaldearen mantentze lanez arduratzen zen. Guraso elkarteak, berriz, jantokiko begiraleak kontratatzen zituen, eta lehengaiak erosten zituen». 2000. urteko dekretu baten bidez Hezkuntza Sailak erabaki zuen eskoletako jangelak catering enpresei esleituko dizkiela. Urte batzuetako epea izan zuten trantsiziorako. 2008an zirt edo zart egin behar izan zuten Larrabetzuko eskolakoek. «Guraso elkartea ez zegoen agindu horrekin ados. Ez genuen eskolaren kudeaketa galdu nahi. Guk ordura arteko eredua mantendu nahi genuen. Bozketa egin genuen, eta erabaki genuen gure ereduari eutsiko geniola, eta catering enpresen zirkuitutik kanpo geratuko ginela», gogoratu du. Eskola Kontseilura jo zuten, euren eskaerarekin, eta onartu egin zieten. Baina, horren ondorioz, Eusko Jaurlaritzak jantokia finantzatzeko ematen duen diru laguntza galdu zuten. «Ordutik hona, begiraleak kontratatzeaz eta lehengaiak erosteaz gain, sukaldearen mantentze lanak eta sukaldarien kontratazioa ere gure gain geratu dira».

Larrabetzuko guraso elkarteak bi helburu lortu nahi ditu eredu horrekin. Batetik, euren seme-alaben bazkariak kalitatezko produktuekin prestatzea. Horregatik, lehengaiak herrian edo eskualdean erosten dituzte, ahal den neurrian: herriko merkatariei edo baserritarrei. Era berean, sukaldeko eta jangelako langileen kontratazioan eskolako umeen gurasoek eta larrabetzuarrek dute lehentasuna. Hartara, kalkulatu dute jantokiko kudeaketaren gastu osoaren %81 inguru Larrabetzun bertan geratzen dela.

Pozik daude, nahiz eta uste duten ez dela eredurik egokiena. Iruditzen zaie Hezkuntza Sailak ere parte izan behar duela. «Guretzat garrantzitsua da Jaurlaritzaren babesa edukitzea. Adibidez, uste dugu kontratazioa euren esku egon beharko litzatekeela, bai sukaldariena, bai begiraleena. Bestela, abiapuntu ona litzateke 2008ra arte eduki genuen eredua. Horrek asko lagunduko luke kudeaketan».

Esan du ez duela uste eredu hori denik eskola guztietarako egokiena. «Catering enpresa bat ere ona izan daiteke, inguruko elikagaiak prestatzen baditu, eta iraunkortasunari begirako irizpideekin lan egiten badu. Baina guk ez dugu irabazi asmorik helburuetan, eta eurek, bai».

Gernika-Lumo: kudeaketa partekatua Eusko Jaurlaritzarekin

Allende Salazar eskolako sukaldeaz Hezkuntza Saila arduratzen da; gurasoek elikagaiak erosten dituzte

Baliabide berberekin, baina beste kudeaketa eredu batekin, emaitzak ezberdinak dira. Hori erakutsi nahi izan du Gernika-Lumoko (Bizkaia) Allende Salazar ikastetxeko guraso elkarteak. Honako hau zentroko jangelaren kudeaketa Eusko Jaurlaritzarekin partekatzen duten hirugarren ikasturtea dute. Gobernuak catering enpresetatik aparteko beste eredu batzuk probatzeko aukera eman zuen, Eusko Legebiltzarrak eskatuta. Eta, Bizkaiko beste hiru zentrorekin batera, parte hartzea erabaki zuten gernikarrek. «Balantzea oso ona da. Prozesu honetan pausoak eman ditugu heziketan. Umeek hobeto eta osasuntsuago jaten dute. Inguruko ekonomian eta ingurunean ere inpaktua dugu. Beste eskola batzuentzat eredu bihurtu gara. Eta lan baldintzen aldeko apustua ere egin dugu», egin du balantzea David Zelaiak, guraso elkarteko kideak. Euren esperientzia ikusita alboan duten ikastolak ere eredu bera ipini du martxan aurten.

Sukaldearen mantentze lanez eta sukaldariak kontratatzeaz arduratzen da Jaurlaritzako Hezkuntza Saila. Koordinatzailea ere gobernuak jartzen du: eskolako irakasle bat izaten da. Guraso elkarteak, berriz, sukalderako lehengaiak erosten ditu, eta jantokiko begiraleak kontratatzen ditu. «Gurasoek 4,60 euro ordaintzen ditugu, ume bakoitzeko. Diru hori catering enpresarentzat izaten zen lehen: haiek ekartzen zituzten bazkariak, eta haien langileak ziren begiraleak. Orain, guk kudeatzen dugu lan hori, diru kopuru berarekin».

Eredu berriarekin lortu dute euren seme-alabek jaten dutenaren %75 Euskal Herrian ekoitzitakoa izatea. Erdia inguru Busturialdean bertan produzitzen dute. Nekazaritza ekologikotik hornitzen dira, batez ere. Elikagaien bi herenak baserrikoak edota ekologikoak dira. Zelaiaren ustetan, eredurik zuzenena guraso elkarteen lana baserritarrekin sare bat osatzea izan beharko litzateke, eta kontratazio lan guztia Eusko Jaurlaritzaren esku geratu beharko litzateke.

Donibane Garazi: jantokien kudeaketa iraunkorrean aitzindari

Navarre lizeoak eskarmentu handia du gertuko lehengaien erabileran, eta alor pedagogikoan txertatu dute jantokia

Donibane Garaziko Navarre lizeoa aitzindaria da jantokiaren kudeaketari dagokionez. Inguruko nekazari eta abeltzainen ekoizpena baliatzen dute, menuak prestatzeaz gainera, ikasleen heziketa prozesuan txertatzeko. Ipar Euskal Herriko bigarren hezkuntzako gainerako ikastetxeetan bezala, Akitania Berriko eskualdea arduratzen da sukalde zerbitzuaren kudeaketaz —haur eskolen kasuan, herriko eskolen esku dago zerbitzua; eta kolegioen jantokiez, berriz, departamentua arduratzen da—. Kasu honetan, eskualdeak esleitzen ditu zerbitzuak, baina kontrol eta baldintza zorrotzak ezartzen ditu, kalitatea bermatzeko.

Zehazki, Acena erakundeko kide da lizeoa; 328 kolegio, 203 lizeo, 31 nekazaritza-lizeo eta hamasei azpiegitura publikoko jantoki kudeatzen dituen elkartea. Lan karga handia izanagatik, tokian tokiko ekoizpena sustatzea dute xedetzat, eta prezio onak lortzen dituzte, taldeka, kopuru handiak erosiz eta bertako ekoizleekin negoziatuz. Hala ere, prezioa ez da jantoki zerbitzuetako kontratuetan pisu handien hartzen duen faktorea —%30eko puntuazioa du baldintzetan—, eta horren ondorioz, ekoizle txikiek ere aukera dute euren produktuak administrazioen jantoki proiektu kolektiboetan sartzeko. Klausula sozialak eta ingurumenari buruzkoak ere badaude.

Donibane Garaziko lizeoaren kasuan, eskualdeko nekazari, abeltzain eta saltzaileekin harreman zuzena dute ikastetxeko arduradunek, baina baita ikasleek ere. Hala, neska-mutilak maiz eramaten dituzte baratzeetan edo soroetan aritzera, fruta jasotzera edota abereak ikustera. Janariarekin harremana duen guztia curriculumaren parte da. Askotan, ekoizleak joaten dira ikastetxera, ikasleen galderak zuzenean erantzutera. Lizeoko sukaldariek ere prestakuntza jasotzen dute, elikagai freskoekin lan egiteko moduei buruz.

Iruñea: 0-3 zikloko jangelak, udalaren esku berriro

Legealdi honetan, Iruñeko Udalak bere gain hartu du haur eskoletako jantokien kudeaketa; kalitateak gora egin du

Aldaketaren ikur bihurtu dira Iruñeko Udalaren 11 haur eskoletako jangelak. Urteetan pribatizatuta egon zen zerbitzua, baina 2017an, kudeaketa bere gain hartzea erabaki zuen udalak. Ordutik, kalitateak gora egin duela diote arduradunek, eta eredu gisa azaltzen dira hainbat elkarte independentek ondutako ikerlanetan —Carro de Combate, Del Campo al Cole eta SEO Birdlife gobernuz kanpoko erakundeen urteroko txostenean, adibidez—.

Zehazki, jantoki zerbitzua eskaintzen dute 11 eskoletatik hamarretan: Mendebaldea, Haurtzaro, Mendillorri, Printzearen Harresi, Donibane, Izartegi, Goiz Eder, Hello Buztintxuri eta Hello Egunsenti zentroetan, hain zuzen. Horietan guztietan, sukalde propioa daukate. Jose Maria Huarte haur eskola da salbuespena, egun erdiko zaintza soilik eskaintzen baitu, bazkaririk eman gabe.

Gainontzekoetan, Hemengoak izeneko egitasmoa abiatu du Iruñeko Udalak, «bertako elikagaiak, sasoikoak eta ekologikoak» eskaintzeko.

Hala, haurrentzako menuan eskaintzen dituzten haragi bolak saltsan, ziazerbak, barazki krema, txitxirioak, oilasko bularkia eta legatzak badute ezaugarri komun bat: «Denak dira bertokoak, hurbileko elikagaiak», Haur Eskolen Erakunde Autonomoaren arabera. Haur eskoletako mila bat ikaslerentzako menuak prestatzen dituzte egunero.

Haur eskoletako jantokien kudeaketa bere gain hartu aurretik, 2016ko otsailean, Milango Ituna sinatu zuen Iruñeko Udalak. Hainbat konpromiso bete behar dituzte elikadura iraunkorrari buruzko itun horren sinatzaileek; adibidez, «lan egitea elikagai sistema iraunkorrak, inklusiboak, erresilienteak, seguruak eta dibertsifikatuak garatzeko, herritar guztiek janari osasungarria eskuratu dezaketela bermatzeko»; eta «koherentzia sustatzea elikadurari buruzko politiken eta udal programen artean».

 

Jantokiko lezioa gainditu ezinda

«Jaki frijitu gehiegi jaten dute etxean; beraz, eskolan ez dira komeni»

Parte izan nahi dute, baina gero eta aparteago daude

Merkatu eta harrobi baserritarrentzat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.