Albistea entzun

COP26

Aro berri baten hasiera iragarri du Txinak

Glasgowko goi bileran kritika ugari egin dizkiote Pekini, karbono neutraltasuna lortzeko konpromisoa 2060ra atzeratzeagatik. Asiako potentziak, ordea, ikatzarekiko menpekotasun handia du oraindik ere, nahiz eta iaz AEBek baino energia berriztagarri gehiago ekoitzi zuen.
Haize errotak Yancheng hirian.
Haize errotak Yancheng hirian. ALEX PLAVEVSKI / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Olatz Urkia -

2021eko azaroak 16 - Pekin

Glasgowko (Eskozia) goi bilera hasi eta berehala, Mendebaldeko komunikabide gehienek Txina eta Errusiaren aurka jo zuten. Azpimarratzen zuten Txinako presidente Xi Jinping ez zela Glasgowra joan, eta zenbaitek interes falta ikusi zuten bidaiatzeari uko egin izanaren atzean. Baina kontuan hartu behar da Txinako presidenteak laster bi urte egingo dituela herrialdetik atera gabe, pandemiaren ondorioz mantentzen dituzten prebentzio neurri zorrotzengatik. Hortaz, adituentzat ez zen inolako ezustekoa izan bileran telematikoki sartu izana. Pekinek, berriz, argi utzi nahi izan du bere konpromisoa klima aldaketaren aurkako borrokarekin.

Ezusteko handia karbono neutraltasuna lortzeko datak zehaztean iritsi zen. Glasgown bildutako ordezkari gehienek 2050erako jarri nahi zuten epemuga, baina Txinak 2060rako iragarri zuen neutraltasuna; Indiak are urrunago ezarri zuen helmuga: 2070. Baina zientzialari hainbatek lasaitasunerako deia egin dute; izan ere, Txinaren epemuga, agian, ez da hain txarra, batez ere, helmuga nagusi horrekin batera egin dituzten beste iragarpenak ikusita.

COP26 goi bileran Pekinek iragarri zuen 2030erako 1.200 gigawatt ekoitziko dituela energia berriztagarriekin, zehazki eguzki plaken eta haize erroten bitartez. Helburu hori beteko balu, Txinak ekoitziko lituzke munduko energia eolikoaren bi heren. Azken urteetan energia berriztagarriek Txinan izan duten hazkundea ikusita, iragarpenak badu oinarririk: 2020an, AEBek eta EB Europako Batasunak batera baino bi aldiz energia berriztagarri gehiago ekoitzi zuen Asiako potentziak, eguzkiaren beroa eta haizearen indarra baliatuta.

Eguzki energiari dagokionez ere Txina da lehen ekoizlea. Nazioarteko Energia Agentziaren (IEA) arabera, iazko urte amaierarako herrialde hark 253 gigawatteko eguzki energia ekoizteko gaitasuna zuen; EBk, berriz, 151 gigawatt, eta AEBek 102,8 soilik ekoitzi zitzaketen.

Beraz, ekoitzitako energia berriztagarriaren kopuruak hain baikorrak izanda, zergatik ez onartu 2050a karbono neutraltasuna lortzeko epemuga? Pekinen iritziz, Mendebaldeak jarritako data ez da errealista bere kasuan. Izan ere, Txinaren azken hamarkadetako hazkunde izugarriak bere aztarna utzi du: ikatzarekiko menpekotasun handia duen industria, adibidez.

Gaur egun, Txinan kontsumitzen den energiaren %56 ikatzaren ustiaketatik dator. Duela hamar urte %69 zen; ari da, hortaz, menpekotasun hori murrizten, baina ez da erraza izango. Aurten, ikatzaren ustiaketa azkarregi murriztu ostean, irailean Txinak energia-gabezia arazoak izan zituen, hainbat enpresa ixteraino, eta atzerapauso txiki bat eman behar izan zuen berriz ikatzaren produkzioa areagotuz meategien tradizio luzea duten eskualdeetan. Iparraldeko Datong hiriak, adibidez, 283 meategi ditu. Berriztagarrietarako jauzia, hortaz, erabateko eraldaketa da hiri askorentzat, eta denbora behar dute.

Testuinguruaren garrantzia

Asiako potentzia da, gaur egun, gehien kutsatzen duen herrialdea: klima larrialdia eragiten duten isurien %26,83ren erantzulea da. Hala ere, herrialdean 1.400 milioi pertsona bizi direla kontuan hartuta, AEBek baino askoz gutxiago kutsatzen du pertsonako —iaz 7,38 tona isuri zituen Asiako herrialdeak per capita, eta 15,52 tona AEBek—, eta, historikoki ere, herrialde garatuagoak baino beranduago hasi zenez karbono dioxidoa isurtzen, OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeko kide diren herrialdeek baino isuri gutxiago pilatu ditu Txinak: 1750etik orain arte OCDEko herrialdeek Txinak halako lau isuri dute.

Pekinek Glasgowko goi bilera baliatu nahi izan du herrialde kutsatzaileen arteko arrakala nabarmentzeko, eta gogorarazteko herrialde garatuek erantzukizun handia dutela karbono neutraltasuna lortzeko zailtasun gehiago dituzten herrialdeei laguntzeko.

Txinako Alderdi Komunistaren kongresuan ere klima larrialdia izan dute gai nagusi. Pekinen aste honetan egindako batzarrean hizpide nagusietako izan da karbono neutraltasuna, eta amaieran onartu duten ebazpenean kutsatzen ez duen herrialde bat jarri dute xede.

Sinbolikoa dirudi, baina alderdiaren historian hirutan bakarrik onartu da halako ebazpen bat, eta herrialde horretan narratiba ofizialen definizioak ezinbesteko pausoa dira hurrengo urteetan indarrean sartuko diren neurri guztiak prestatzen hasteko.

Pekinen narratiba ofizialak dio orain arte hiru mugarri izan direla duela ehun urte Txinako Alderdi Komunista sortu zenetik: lehen atalean, Mao Zedongekin, «atzerriko zapalkuntza» amaitu zen; ondoren, Deng Xiaopingen irekiera ekonomikoak hazkunde azkarra eta Txinaren erabateko eraldaketa ekarri zituen. Horrela, azken 40 urteetan 800 milioi pertsona atera dira pobreziatik, eta krisi ekonomikoa amaitutzat eman dute nekazaritza eremuetan. Baina mugarik gabeko hazkunde azkar horrek desberdintasun sozial handiak ere sortu ditu, eta kutsadura handitu du. Orain, alderdiak ofizialki hasiera eman dio desoreka horiek amaituko dituen atal berriari. Hirugarren atal horretan, Xi Jinpingen lidergopean, Txinak herrialde sozialista modernoa izan nahi du, bizi kalitatea eta hazkunde egonkorra aurretik jartzen dituen herrialdea.

Promesak eta presioak

Borroka hau ez da batere erraza izaten ari industriarentzat, eta, horregatik, kritikak piztu ez daitezen, beharrezkoa da narratiba ofiziala eraikitzeko sinbologia guztia. Azken urteotan, sektore desberdinetan presio handia izan dute politika berdeetarako eraldaketa azkar egiteko. Hebei eskualdean, adibidez, ekoizteko modu tradizionala erabiltzen duten ehunka fabrika itxi behar izan dituzte azken hamar urteetan. Jauzia egiteko gai izan direnek urratsak egiten jarraitu beharko dute aurrerantzean ere, gobernuak iragarri baitu ez dela haien zain geratuko.

Automozioaren sektorea da eraldaketa azkarra emateko presioaren adibideetako bat. Yancheng eskualdean, adibidez, KIAren fabrikako ingeniari nagusi Wu Yangek BERRIAri azaldu dio iraileko elektrizitate mozketek kezka handia eragin dutela, baina, haiek egoera hori aurreikusia zutenez, prest zeudela produkzio eredu guztia egokitzeko. Gainera, eraldaketa prestatuz joan dira azken urteetan, eta, orain, adibidez, fabrikaren teilatua eguzki panelez bete dute, eta inguruan dauden haize-errota turbinen energia ere gero eta gehiago erabiltzen dute.

Ekoizpen prozesuan estu hartzen dituzte kutsadurarik isuri ez dezaten, baita kutsatzen ez duten produktuak sor ditzaten ere. Wu Yangek azaldu duenez, KIAren kasuan, orain ekoizten dituzten autoen %60 elektrikoak dira, eta gobernuak eskatzen die 2025. urterako ibilgailu guztiak izan daitezela elektrikoak. Hori dute helmuga.

Presio egiteko beste modu bat da diru laguntzak ematea, eta salto ekologikoa egiten duten enpresek edo energia berriztagarriak sortzen dituztenek gobernuaren babes handia izaten dute. Iaz, trantsizio ekologikoa egin ahal izateko, gobernuak 1.850 milioi dolar eman zizkien enpresei mailegu berdeak esaten dieten laguntza berezietan.

Haize errotak ekoizten dituen SHFRP Dongtai New Energy enpresaren Jiangsuko fabrikan, arduradun nagusiak azaldu du fabrika iazko martxoan ireki zutela. Orain, urte eta erdi geroago, 89 metroko turbinak Europara ere esportatzen dituzte. Arduradunaren arabera, hiru hilabetean eraiki zuten fabrika, eta hori ez litzateke posible izango gobernuaren diru laguntza eta prozesu burokratikoen errazterik gabe.

Eta ikatzarekiko adikzioa zuen herrialdetik herrialde ekologikora eman nahi den saltoak fronte asko ditu; ez da egiten bakarrik turbina eolikoak edo eguzki panelak instalatuz. Aipatzekoa da ere aforestazioaren kasua: Txina da orain munduan zuhaitz gehien landatzen dituen herrialdea, eta, 2021etik 2025era bitarte, urtero 36.000 kilometro karratu baso landatzen jarraitzea agindu du.

COP26n agerian geratutakoa ez da borroka berria, aspaldikoa baizik. Pekindik 600 kilometrora, iparraldean dago munduko baso artifizialik handiena. Saihanba parke naturalean 1950. urtean hasi ziren urkiak eta pinuak landatzen, eremua basamortu bihurtzeko puntuan zegoelako, Gobitik zetorren harearen ondorioz. Mongolia barnealdea eta Hebei eskualdeen arteko mugan bizi diren herritarren hiru belaunaldik landatu dituzte zuhaitzak, eta orain egurrezko harresi ikusgarriak desertua geldiarazten du. Urte askotako saiakeren ondoren, Txinak landatzen ditu munduan urtero landatzen diren zuhaitzen %25.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

 ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

«Gerra apartekoa da antolaketa sozial bat ezartzeko»

Igor Susaeta

Gerra erregimenaren eskema gobernatzeko eredu gisa aplikatzeak eragiten dituen egoerez eta ondorioez ohartarazi du Sanchez Cedillok 'Esta gerra no termina en Ucrania' liburuan.
NATOk berretsi du «behar beste denboraz» lagunduko diola Ukrainari

NATOk berretsi du «behar beste denboraz» lagunduko diola Ukrainari

Mikel O. Iribar - Igor Susaeta

Aliantzaren helburuetako bat da Putinek «irabazten ez duela bermatzea». G7ko herrialdeek adostu dute Ukrainako gerra krimenen ikerketak koordinatzeko sare bat egitea
Jiang Zemin, 2007ko argazki batean. / ©MICHAEL REYNOLDS, EFE

Jiang Zemin hil da, 1993tik 2003ra Txinako presidente izandakoa

Jon Ordoñez Garmendia - Maddi Iztueta Olano

Tiananmen plazako protesten ostean hartu zuen kargua, eta Alderdi Komunistan merkatu ekonomia sozialista kontzeptua txertatu zuen.

Raisi Irango presidentea eta Al-Sudani Irakeko lehen ministroa, atzo. ©EFE

Irakek ez du utziko «Irakeko lurraldetik» Irani eraso diezaioten

Ander Perez Zala

Bi herrialdeetako agintariak elkartu egin dira kurduez eta eskualdeko segurtasunaz aritzeko. Harremanak «hobetzea» adostu dute

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.