Noiz sortua: 2020-01-24 00:30:00

Bohemio baten loriak eta miseriak

Bizitza laburra izan zuen Amedeo Modiglianik, eta haren obrek ez zuten arrakastarik izan bera bizi izan zen artean. Egun, baina, emakumeen aurpegi eta gorputz biluziei egin zizkien erretratuak historiako baliotsuenetarikoak dira. Gaur 100 urte dira hil zela.
Amedeo Modigliani 35 urterekin hil zen, gaixorik.
Amedeo Modigliani 35 urterekin hil zen, gaixorik. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Aitor Biain -

2020ko urtarrilak 24
Paris, 1920. Emakume batek leihotik behera bota du bere burua, Amyot kaleko etxe bateko bosgarren solairutik, negu hotzeko urtarrileko goiz elurtu batez. Margolaria zen; baita 2 urteko neskato baten ama ere, eta haurdun zegoen. Jeanne Hebuterne zuen izena, eta maiteminez hil zen, haren bikotekidea egun bat lehenago zendu baitzen. Amedeo Modigliani zen hura, emakumeen aurpegiak eta haien gorputz biluziak erretratatzen zituen margolaria. Bizialdian miseria baino ezagutu ez zuen artista, bohemio madarikatua, eta loria heriotzaren ondoren soilik iritsi zitzaiona.

Garai bertsuko beste artista asko bezala, Parisko Montparnasse auzoarekin lotuta dago Modiglianiren izena. Han igaro zuen bere bizitzaren zatirik handiena, eta bertan margotu zituen bere obrarik garrantzitsuenak. Baina sortzez Italiakoa zen: Livornon jaio zen, 1884an, jatorri judua zuen familia batean. Lau seme-alabatan gazteena zen. Ez zuen haurtzaro erraza izan, 15 urte zituela sukar tifoidea eta tuberkulosia jasan baitzituen.

Gaixotasun haiek bizi osorako ahuldu zizkioten birikak, eta, ondorioz, uko egin behar izan zion ohiko heziketa bat jasotzeari. Garai hartan hasi zen pintura ikasten, hain zuzen. Livornon bertan ekin zion aurrena, Arte Ederretako Eskolan, baina Erromara, Florentziara eta Veneziara lekualdatu zen gero. Pasio bilakatu zen margolaritza Modiglianirentzat, eta artearen munduan nor izateko nahia gero eta handiagoa izaten hasi zen haren baitan.

Paris eta gehiegikeriak

Bulkada horri erantzuteko asmoz, jaioterria utzi, eta Parisera joan zen, 22 urterekin. Frantziako hiriburua abangoardia artistikoaren foku nagusia zen garai hartan. Montmartren hartu zuen abaro lehenik; orduko margolari, eskultore, idazle, poeta eta enparauen elkargune zen Bateau Lavoiren. Bertan ezagutu zituen Parisko Eskola deiturikoa osatuko zuten artista gehientsuenak eta gerora Modiglianik berak modelo lanetarako erabiliko zituenak: Max Jacob, Pablo Picasso, Diego Rivera, Jean Cocteau, Juan Gris, Marc Chagall eta Chaim Soutine, besteak beste.

Bere lekua aurkitu zuen bertan, eta bohemio baten kanonen araberako bizimodua izan zuen. Alkoholaren, drogen eta sexuaren gehiegikeriak eta erabateko pobreziak markatu zuten haren egunerokoa. Jarrera horrekin kritikoa zen Picasso, eta behin baino gehiagotan kargu hartu zion lagunari. Bada hori bien arteko etsaitasun gisa interpretatu izan duenik, baina halakorik ukatu egin zuen Herbert Lottman historialariak, zeinak margolariaren biografia idatzi zuen.

Modiglianik bere burua galbidera zeraman aldi berean hasi ziren haren talentua eta obra garrantzia hartzen. Eskultore gisa aurkezten zuen bere burua hasieran —hala gomendatu zion Constantin Brancusik—, baina, ordaindu ezin zituen materialak eta biriketako osasun arazoak tarteko, pinturaren bidea jarraitzea beste aukerarik ez zuen izan. Eskultore gisa izandako esperientzia hark, ordea, eragina izan zuen gerora haren margotzeko estiloan; irudiaren sinplifikazioari eta kolorearen erabilerari dagokienean, batez ere.

Estilo propioa

Montmartreko kafetegi batean margotzen zuen, oinetan iragarki bat zuela: «Modigliani naiz, judua, bost franko». Hamarkada batez, ehunka margolan eta marrazki egin zituen. Hainbat artista eta mugimenduren —Cezanne, kubismoa, faubismoa, espresionismoa edo Picassoren aro urdina, besteak beste— eragin nabarmena jaso zuen, baina estilo bakan eta propioa garatu zuen. Kutsu nostalgiko eta dotorea zuten giza irudiak izan ziren haren lanak, eta forma sinpleak eta kolore biziak erabiltzen zituen. Itxuraz gorputz biluzien ohiko erretratuak zirenak edertasunez eta misterioz betetako artelan bilakatu zituen.

Bere obrarik garrantzitsuenak 1915etik aurrera margotu zituen. Ia denak lagunen erretratuak dira, edo emakumeen gorputz biluzienak. Haren margolanetan behin baino gehiagotan agertzen den emakumea Hebuterne margolaria da; hil baino bi urte lehengo ezagutu zuena, hain justu. Bizitzaren azkenetan bikotekide izan zuen, eta gutxienez 27 aldiz erretratatu zuen, baina inoiz ere ez biluzik, beste askorekin egin zuen moduan.

Erakusketa bakarra egin zuen bere bizitza osoan. 1917an izan zen, Parisko Berthe Weill galerian. Lagun eta miresle zuen Leopold Zborowski poeta poloniarrak antolatu zuen, margolariaren obrak saldu eta haren ekonomia hobetzeko asmoz. Ez zen ongi atera, ordea: lanok erretiratzeko agindu zuen Poliziak, lizunak zirelakoan. Margolariak ez zuen horietako bat bera ere saldu; areago, oparitu egin zituen, Cocteauk aipatu izan zuenez.

Egun, margolan horiek artearen historiako obrarik baliotsuenetakoak dira; eta Modigliani bera, XX. mendeko artistarik garrantzitsuenetakoa. Tuberkulosiak eragindako meningitisaren ondorioz hil zen, gaur bezalako egun batez, duela 100 urte. 35 urte zituen, eta negu beteko egun hotza zen Parisen. Hil baino egun batzuk lehenago, Jeanne Hebuterne bikotekidearekin ezkontzeko baimena eskatua zion Frantziako Gobernuari.

Albiste gehiago

Martxoaren 29an eguneratua, 14:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 7.773 gaixok eman dute positibo koronabirusaren proba eginda, administrazioen arabera. 350 hil dira. COVID-19 gaitza izandako 1.528 pertsonari eman diete alta. Grafikoak, albiste barruan.

Iruñeko kaleak, hutsik. ©Iñigo Uriz / Foku

Tapiak dio dekretuak «zirrikituren bat» uzten duela enpresak irekita mantentzeko

Berria

Espainiako Gobernuak atzo onartutako dekretua indarrean da, eta funtsezkoak ez diren jardueretan aritzen diren langileek etxean geratu beharko dute gaurtik aurrera. Urkullu ez dator bat neurri horrekin, eta Confebaskek «buruarinkeriaz» jokatzea egotzi dio gobernuari.

Kaleak hutsik atzo, igandez. ©Jaizki Fontaneda / Foku

Espainiako Gobernuak 24 orduko luzapena eman die enpresei, itxialdira egokitzeko

Jon O. Urain

Sanchezen gobernuak igande gauez argitaratu du funtsezkoak ez diren jarduerak eteteko dekretua. 25 sektore zerrendatu ditu.

Ertzaintzaren atxiloketa bat Bilboko San Frantzisko auzoan, alarma egoeran

SOS Arrazakeriak salatu du Ertzaintzak «gehiegikeria areagotu» duela konfinamenduan

Berria

Elkarteak aipaturiko lekukoen arabera, poliziek buruko gaitz bat duen gazte bat «indarkeriaz» atxilotu dute Bilboko San Frantzisko auzoan, eta haren ama ere «jo» eta preso eraman dute. Ertzaintza agente horien jarrera ikertzen ari da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna