Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

VI. Xilaba

Bertsolariak eta zaleak elkartasunak loturik

Donibane Lohizuneko Jai Alai ongi bete da Zuberoa, Lapurdi eta Nafarroa Behereko bertsolari txapelketaren finalean. Publikoak malgutasunez jarraitu die umoretsuak bezala hunkigarriak ziren eleei.
<b>1.200 lagunetik goiti bildu da Xilabako finalean.</b>
1.200 lagunetik goiti bildu da Xilabako finalean. BOB EDME Tamaina handiagoan ikusi

Ainize Madariaga -

2021eko azaroak 14 - Donibane Lohizune

Donibane Lohizuneko zeruetan hegoalderat buruz badoaz lerro-lerro kurriloak, Ithurralde karrikan ere berdin, jendea Jai Alaiak erakarririk ilaran doa.

Aretoak sor lezakeen hotza itzali du Xilabak, egon gela abegikorreko berotasuna piztuz: 1.200 lagunek ito baitute gunea, zalu eta puntual.

Osagarri ziurtagiriaren bahea behin iraganik, begitarteek ez dute musukoaren hersturarik pairatu behar izan, nahiz eta Miren Artetxek estralurtarraren larruan kritikatu musukorik gabe jendeak «itsusiagoak» diren.

Bazter orotan dira bertsozainak, jantziak dituzte bizkarreko gorriak eta gidatu dute jende uholdea haien jarlekuetara, antolaketari bikaintasuna elkartuz.

Abiatzearen izotza laster apurtu dute bertsolarien agur beroek, Amets Arzallusenak, konparazione, bihotzak urtzeraino: bertzeak bertze, ama zendu berriari egin baitio keinu, txalo zaparrada erraldoia eraginez. Patxi Iriartek, berriz, umoreari egin dio leku hatsarretik: Sustrai Colina «loditua» taularatu balitza bezala.

Prentsaren presentziak publiko ikusezinaren begirada salatzen du, taula gainetik hurbil, bi mahai lerro ontsa beteetan.

Sustengu parrastak, berriz, ez du bere burua kukutu: entzuleen buru gainean paratu baitizkiete banderolak bertsolarien bisean bis, publikoari bizkarra emanez: «Xilabatik amets Munuzeneara baietz», Txoperena Iribarrenen potreta marraztuak lagundurik; «Kit-kat zurekin bat! Aupa Maddi Ane»; «Aupa Maddi Ane betsoaren kabitik hegan finalera»; «Txapela ganbaran».

Hainbertzeko sustenguaren jabeari eskerrak itzuli dizkio Txoperenak, agur bertsoan, umoreari kartsuki helduz: «Pankarten txapelduna ni naiz ze opari».

Artetxeri ere zuzendu dizkiote ele batzuk: «Gauza bat da gauza bat ta beste gauza bat da beste gauza, Artetxe sexy!»; Iriarterenak ere umorerik ez du eskas: «Patxi is black, saka zak».

Eskatu bazuten ere sakelekoak itzaltzea, isiltasunari kendu dio protagonismoa txirrinak, une labur batez. Halaber, saioa akitu arte toto egoteko galdea ere luzatua zuten antolatzaileek, baina Ziburuko ikastolako taloen usain tirriagarriak erakarri ditu ezin egonak.

Joan jinen artetik, seikotearen azken ariketa aitzineko etenean, batzuk ateaz bestaldeko kartzelan gelditu behar izan dira, hurrengo bertsolariaren aldira arte.

Kartzelako gaiak eman die bide gogoeta sakonei: bertzeen soak preso atxiki baitezake edonor. «Nire izatea ez da besteen begirada», burutu du Amets Arzallusek, azal koloreak baldintzaturiko baten baitatik kantatuz.

Txaloen zaparrada Maialen Arzallusen hitzek ere kausitu dute, mutiko bilakatzen ari den neskaren begirada ekarri baitu kanpoko soari muzin egitea deliberatzen duenari: «Baina uste dut ni neu naizela gogorrena guztietan».

Hari beretik ere, Odei Barroso Gomilak sexua eta generoaren arteko konkordantziaz abestu du.

Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdiko VI. bertso txapelketaren finalak ibilbide guziko borroka lagunak bildu ditu: elkartasunak ez du hutsik egin. Lehiatik guti du honek, ez balitz epaileek deliberatu puntuazioagatik.

Aritz Bidegain gai emailea etorkizunera begira jarri da. Jakin minez beteriko unean, aretoa irri karkailez betetzera eragin baitu, suspensearen tentsioa apalaraziz: 2022ko irabazlearen izena ematekotan egon baita: «Zer erran dut? Atx, barka!».

Xilaba heldu da gailurrerat heltzeko leporaino: sei finalistetarik bigak bakarrik segitu baitute kantuz: Amets Arzallus Antiak eta Miren artetxe Sarasolak.

Harmailek, aldi honetan ere, ez dute disimulatu poza, txaloak, txistuak eta aupa oihuak aditu baitira bazter orotatik.

Kurriloen udaberriko norabide berean zetozen hiru zenduei hiru lili eskaini dizkie Arzallus txapeldunak.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Langile bat paper sortak mugitzen, Leitzaran inprimategian, Andoainen (Gipuzkoa). ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Urrialdia pasatzeko zain

Andoni Imaz

Paperaren eskasiak eta banaketaren gorabeherek arazoak sortu dituzte inprimategi eta argitaletxeetan. Materiala aldatu behar izan dute, eta argitalpenen bat atzeratu.

Iban Zaldua, atzo, <em>Nola izan garen gauza</em> liburua eskuetan hartuta. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

«Gauzaren» bueltako obra oso bat

Andoni Imaz

Iban Zalduak euskal gatazkaren inguruan idatzi dituen ipuinen bilduma bat egin du: 'Nola izan garen gauza'. Erein etxeak eman du argitara

 ©MAIALEN ANDRES / @FOKU

Ahalduntze baterako esperimentu politikoa

Gorka Arrese

Henry David Thoreau idazlearen 'Walden' euskaratu du Danele Sarriugartek. Bi urtez basoko txabola batean bizitzeari buruzko esperientziaren kronika bat da. Politikoa eta poetikoa du idazkera

 ©MARISOL RAMIREZ / @FOKU

Arte unitate minimoa

Iñigo Astiz

Maria Helena Vieira da Silva artistaren hamabi artelan ikusgai jarri ditu Bilboko Arte Ederren Museoak, Bilboko FIG azokarekin elkarlanean

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.