Espetxe eredua. Euskal Herriko argazkia

ITZALA ARGITZEKO ABAGUNEA

Espetxeen eskumena eskualdatzeko negoziazioak mamitzen ari dira Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua. Ikusteko dago Eusko Jaurlaritzak zein ahalmen izango dituen zehazki, baina zabalik dago diseinatu beharreko kartzela ereduari buruzko eztabaida; nola bete zigorra, nola bermatu gizarteratzea.

ITZALA ARGITZEKO ABAGUNEA.
jon olano
2021eko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Nolako espetxe eredua, halako demokrazia». Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IU legebiltzar taldeko bozeramaileak esaldi horrekin hasi zuen espetxe eskumenari buruzko hitzaldia Eusko Legebiltzarrean, otsailaren 25ean. Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua negoziatzen ari dira 1979ko estatutuan jasota baina oraindik Madrilen esku dauden eskumenen transferentzia, eta ezarritako kronogramaren lehen blokean dago espetxeei buruzkoa. Hori horrela, ikusteko dago Jaurlaritzak zein gaitasun izango dituen alor horretan, baina, jada, mahai gainean daude galdera batzuk: zein eredu dago gaur egun Euskal Herriko espetxeetan? Euskal kartzeletako egungo egoerak zer-nolako kalitate demokratikoa adierazten du? Eta, beren eskumenen barruan, zenbaterainoko gaitasuna izango dute euskal erakundeek zer-nolako espetxe eredua ezartzeko?

Aurrena, erradiografia bat: Baionan, Basaurin, Iruñean, Martutenen eta Zaballan 1.685 preso zeuden, 2020. amaieran, eta, Hegoaldeko kartzeletan, %8 emakumezkoak dira, eta %92 gizonezkoak. Euskal Herriko espetxeetan ez dago lehen graduko modulurik, eta Basaurin nahiz Baionan, ezta emakumeentzakorik ere.

100.000 biztanleko ratioari dagokionez, Euskal Herria preso kopururik gutxien duen herrialdeetako bat da (53), baina datu horrek behar ditu zehaztapen batzuk; batetik, jatorria edota ingurune soziala Euskal Herrian duten 776 preso daude Espainiako Estatuko kartzeletan sakabanatuta, eta horiei euskal espetxeren batera lekualdatzea dagokie. Horiek Euskal Herriratuta, 77 preso leudeke 100.000 biztanleko, eta 167. postuan legoke Euskal Herria. Era berean, aintzat hartu behar da krimen tasa, ez baita gauza bera preso kopuru bat izatea delitu asko egin diren herrialde batean edo gutxi egin diren beste batean. Delitu tasarik apalenetakoa duen herrialdea da Euskal Herria, eta, Jaurlaritzaren 2019ko txosten baten arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko krimen tasari legokioke 100.000 biztanleko 28 preso edukitzea. Orain dituenaren erdiak, gutxi gorabehera.

Datua Euskadin espetxe eredu bat ezartzeko ildo estrategikoen proposamen teknikoa izeneko dokumentuan jaso zuen Jaurlaritzak, eta agiri horrek izan beharko luke kartzela eredu propio bat diseinatzeko orduan Jaurlaritzak erabili beharreko oinarria. Justizia Sailak hiru helburu ezarri zituen; ratioa 40tik behera murriztea, erregimen irekian dauden presoen portzentajea %25etik %40ra haztea, eta delituak berriro egiten dituztenen ehunekoa %45etik %30era apaltzea.

Hori horrela, Jaurlaritzak espetxe arloko exekuzio eskumenak jasoko ditu, Gernikako Estatutuaren 10.14. artikuluaren arabera; «espetxetako eta gizarteratzeko erakunde eta etxeen antolaketa, araubidea eta jarduera, arlo zibileko eta zigor eta espetxe arloetako legeria orokorrarekin bat»; baliabide materialak —Basauri, Zaballa eta Martuteneko kartzelak— eta pertsonalak dira transferituko direnak, beraz. Jaime Tapia magistratuak aholkatuko du Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua eredu berriaren diseinuan, Jaurlaritzak asteon jakinarazi duenez; sailburuorde baten maila izango du.

Roberto Moreno Euskal Autonomia Erkidegoko Arartekoaren Justizia eta Espetxeratuen arloko koordinatzaileak xehatu ditu BERRIArentzat Jaurlaritzak jasoko dituen baliabide materialak eta pertsonalak: «Martutene oso espetxe zaharkitua da, ez duena aukerarik ematen gizarteratze prozesurik egiteko; ez da modularra, non pertsonak bizi ahal diren euren delituaren eta gizarteratze prozesuaren arabera». Ondorioa da 300 preso gipuzkoar daudela Espainiako Estatuko beste kartzela batzuetan, Euskal Herrikoetan soilik «gatazkatsuak ez diren presoak» daudelako. Zubietako kartzelak ordezkatuko du Martutenekoa, 2023an, eta izango du gizarteratze zentro bat. Bestalde, Basaurikoari «erabat desegoki» deritzo Morenok, eta uste du aukera dagoela hura gizarteratze zentro bilakatzeko: «Erabat birgaitu beharko litzateke, eta errotuagoa egon beharko luke gizartean». Zaballakoa da Jaurlaritzaren esku geratuko direnen artean berriena —berriagoa da Iruñekoa—; «modernoena» da, eta azpiegiturek «aukera» ematen dute gizarteratze prozesuak garatzeko, baina baditu arazoak ere: Gasteizekin «komunikatzeko» zailtasuna, besteak beste.

Presondegietako langileria ere bere gain hartuko du Jaurlaritzak, segurtasuneko funtzionarioak nahiz tratamendukoak —legelariak, gizarte langileak, psikologoak...—, eta giza baliabideak ezarri nahi den espetxe ereduaren arabera diseinatzea izango da gobernuaren zereginetako bat. Morenok uste du funtzio publikoko deialdiak atera beharko liratekeela, eta hor integratu hizkuntz eskubideak. Segurtasunekoak dira funtzionario gehienak, eta ez dute traturik presoekin: «Egun, kartzelek ez dute lehengo arriskua, eta aukera dago bestelako funtzionarioak erakartzeko. Horretarako, estigma guztiak kendu beharko lirateke, psikologoek, gizarte langileek, soziologoek eta hezitzaileek lan aukera moduan ikusi ahal izateko, horren araberakoa izango baita gizarteratzeko aukerari buruzko eredua».

Baliabideen beharra

Hori da Jaurlaritzak jasoko duena, eta Arartekoak zenbait kezka ditu horren inguruan. Esaterako, kartzelen betetze mailaz eta leku faltaz: «Batetik, jada gainezka daudelako, eta pandemian ezin direlako presoak pilatu. Eta, bestetik, ingurune soziala Euskal Herrian duten preso sakabanatuek eskubidea dutelako euskal espetxeetara eramateko, baldin eta horietan lekua badago. Transferentzia jaso eta biharamunean zera izango dugu: presoen erdiak inguru ezingo direla egon beren eskubideak betetzeko moduan».

Horregatik, bi arlo indartzea jo du premiazkotzat: batetik, kartzeletan leku gehiago egotea, horrek ahalbidetuko duelako Euskal Herritik kanpo dauden presoak gizarteratzea; bestetik, gizarteratzeari dagozkion baliabideak sendotzea, hirugarren sektorekoak: «Sare profesionalizatua eta teknifikatua daukate, eskuz esku lan egiten dutena hiru espetxeetako zuzendaritzekin. Hori dirua da, aurrekontua; oso egoera prekarizatuan daude».

Hain justu, horrekin bat dator Jose Mari Larrañaga Arrats elkarteko koordinatzailea: «Diru gehiago sartu behar da. Presoentzako etxeak badauzkagu, irteten direnerako, baina hor atzera goaz; orain bi toki gutxiago dauzkagu». Orain, eskumena eskualdatuta eta beste eredu bat diseinatzeko aukera ikusirik, presoen arreta lanetan diharduten elkarteekin foro bat osatzeko eskatu dio Jaurlaritzari, horiek ari direlako lanean eremu horretan.

Eredu berriaren musikarekin «pozik» dago Larrañaga: «Ez dugu sinesten espetxe ereduetan, baina iruditzen zaigu, espetxeen transferentziarekin, momentua dela espetxearen ordezko neurriak jartzeko». Oharra egin du, halere: lan handia dago egiteko: «Esaten da kartzela izango dela azken neurria. Guk urteak daramatzagu diskurtso horrekin, eta horretarako, epaiketetan, abokatuak, epaileak... Ohitu behar dira modu horretan jokatzera; hezkuntza handia behar da». Lana, ez soilik auzibidean: «Lekuak jarri behar dira jendea bideratzeko kanpoan zerbait egitera, eta ez kartzela barruan».

Morenoren esanetan, baliabide ekonomikoak behar dira presoak erregimen irekira bideratu ahal izateko, gizarteratzeko zentrorik ez dagoelako Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta hori delako azken urratsa presoa hirugarren graduan dagoenean gizarteratzeko: «Horri lotuta doaz unitate dependenteak; gazteentzat, seme-alabak dituztenentzat, droga menpekotasunak dauzkatenentzat... Komunitatean gizarteratuko lirateke, baina ez dago batere. Hori inbertsioa da, eta borondate politikoa aurrekontuetan ikusten da. Hori ez da etorriko eskumena transferitzean».

Hortaz, aurrerantzean zer egin; hor zalantza. Eusko Legebiltzarrak eztabaida monografiko bat egin zuen 2019ko martxoaren 13an, eta 59 proposamen adostu zituzten, beste eredu bat diseinatzean aintzat hartu beharrekoak. Legebiltzarrak berak duela bi aste babestu zituen 2019ko martxoan adostutako neurri horiek.

Hain zuzen, eztabaida horren beharra azpimarratu du Morenok: «Espetxeak izango dira euskal gizarteak erabakitzen duena. Kezkatuta gaude kolektiborik zaurgarrienekin; plazarik ez badago, lotura sozial eta familiar gutxien dutenak dira urrunen bidaltzen direnak? Gizartearen erantzunaren eta egiten den presioaren araberakoa izango da espetxe eredua». Ildo horretan, uste duabagune «funtsezkoa» dela, «gauza batzuk hasiera-hasieratik eratzen ez badira, gero ez direlako sekula gauzatzen. Orain da eztabaida hori izateko momentua».

Eskumenen transferentziak sor ditzakeen aukerekin eszeptikoago ageri da Jaione Aspiazu Salhaketako kidea.Haren ustez, espetxeen eskumenaren eskualdaketak , «eredu bera erreproduzituko» du «beste aurpegi batekin», ezarriko diren legeak orain arteko berberak izango direlako: «Legedia berbera izango da aurrerantzean ere; legeria gogorra bada, eta Zigor Kodea aldiro gogortzen bada, zailagoa da kartzela saihestea». Aurrekari batzuk ere aipatu ditu: «Osakidetzak kartzeletako osasun arretaren eskumena dauka, eta esan daiteke presoek ez dutela hartzen gutxieneko arretarik; kartzeletako mediku kopurua oso urria da». Uste du presoen egoera ez dela «premia bat sistemarentzat», eta, beraz, ez dute «sinesten» bestelako eredu bat ezartzeko abagunean.

Hala, preso kopurua apur bat apaldu bada ere, Aspiazuk azaldu du «sistemak beste errepresio mekanismo batzuk» darabiltzala: «Kopurua jaitsi nahi da, baina makrokartzela bat eraikitzen ari dira Zubietan. Kartzela hobe bat saldu nahi digute, baina kartzela bat da». Horregatik, presondegien inguruko gogoeta beste parametro batzuetan kokatzearen aldekoa da: «Gure eztabaida gaia ez da nolako kartzelak nahi ditugun, baizik eta nahi ditugun ala ez, eta guk geure burua kokatzen dugu kartzelarik gabeko gizarte batean». Aspiazuren iritziz, «zaila» da «sistema kapitalistan kartzelaren sistema kolokan» jartzea: «Etengabe sartu diguten iruditeria da ertzetan kokatzen direnak arriskutsuak direla».

Nafarroan, gogoeta

Orain ere baditu eskumen batzuk Jaurlaritzak. Horietako bat da kartzeletako osasun arretarena. 2003koa da espetxeko osasun eskumenak erkidegoen esku utzi nahi zituen Espainiako Kongresuko legea, baina orain arte Kataluniak eta EAEk baino ez dituzte beren gain hartu. Gaia indarrean dago Nafarroan; Nafarroako eta Espainiako gobernuak hiru eskumenez negoziatzen ari dira, etaosasun arretarena dago aurreratuena. Bada zeregina: iaz, 11 preso hil ziren; sei Zaballan, bi Martutenen, bi Iruñean eta bat Baionan.

Nafarroak Foru Hobekuntzaren Legean jasota dauka Espainiako espetxe legeria exekutatzeko eskumena, baina hori Madrilen esku dago, gaur-gaurkoz. Halere, Nafarroako Gobernuaren esku dago zigorrak nola betearazi, eta atzo hilabete aurkeztu zuen dokumentu bat, espetxea azken aukeratzat jo eta zigorrak betetzeko «neurri alternatiboak» lehenesten dituena.

Bestelako arauei jarraitzen badie ere, Hegoaldeko presondegienantzekoa da Baionakoa. Ipar Euskal Herrian, 117 pertsona daude preso Lapurdiko hiriburuko espetxean, behin-behineko espetxealdian daudenak edo bi urtetik beherako zigorrak betetzen ari direnak. Hamar urtetik gorako zigorrak dituztenak espetxe «zentraletan» dituzte —Lannemezan da gertuen dagoena—, eta bi eta hamar urte bitarteko zigorrak betetzeko, Mont-de-Marsan, Okzitaniako Tolosa eta Bordeleko kartzelak dira Euskal Herritik hurbilen daudenak. Hori horrela, gainpopulazioa da Baionako espetxeko arazo nagusia, Maite Etxeberria OIP Presondegien Nazioarteko Behatokiaren Baionako taldeko bozeramaileak ohartarazi duenez; 75 presorentzako lekua dago Lapurdiko kartzelan, baina, 117 dira espetxeratuak: «Metatze hori da arazo nagusia, lekuaz gain, guzia dagoelako 75entzako prestatua: osasun zerbitzuak, zaindariak...».

Behin-behineko kartzelaldien datuari erreparatu dio Etxeberriak: 72.000 preso daude Frantziako Estatuan; herenak, zigor irmorik gabe. Horrek eragiten du pilatzea Baionan: «Oso portzentaje handia da. Ezin onartuzkoa da jendea preso sartzea zigortu gabe». Gibelean, ordea, ikuskera bat nabari du: preso guztiak «lanjerosak» diren ustea zabaltzea eta horiek baztertzera jotzea; hain justu, gizarteratzearen kontrako bidea hartzea: «Sarri, kondenatu gabeko herritar bat preso sartzearen ondorioak dira bizitokia galtzea, lana galtzea, harreman sozialak etetea».

Espetxea soilik zigor gisa erabiltzearen joera hori arbuiagarri zaio Etxeberriari, eta uste du badirela zigorrak betetzeko beste modu batzuk, «plantan jarri ez direnak»: esaterako, «gizartearentzat lan egiten duten elkarteetan lanak egitea» edota eskumuturreko elektronikoa jartzea, denbora muga batzuen barruan betiere.

Izan ere, kartzelaren kostu ekonomikoaz ohartarazi du Etxeberriak: presoentzat duen kostuaz, baina baita gizartearentzat ere, aintzat hartuta presondegiak eta horien funtzionamendua zergen bidez pagatzen direla: «Kartzela jende pobrearekin betetzen da, eta kostu handia dauka preso eta senideentzat». Adibideak jarri ditu: kartzela barruan, garbiketarako tresnak-eta pagatu behar dira, baina presoen soslaia ere txiroagoa izanik, zenbait behar asetzeko zailtasunak izaten dituzte. Eta hor ere gurutzatzen da genero aldagaia, kanpoko laguntza ekonomikoa beharrezkoa den heinean: «Gizonezko presoei laguntzeko emazteak izan ohi dira, baina gizonezko gutxiago doaz emazte preso bat laguntzera; hor badugu arazo bat gizarte gisa».

Zigorrean bainoago, gizarteratzean inbertitzearen abantaila ekonomikoari erreparatu dio Morenok ere: «Gure sistema ekonomikoaren injustiziaren katean azkeneko katebegia da kartzela. Inbertitzen ez badugu horiek gizarteratzean, injustizia gehiago izango dugu eta gizarte arriskutsuagoa. Erregimen itxia salbuespena izan behar da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.