Arrauna. Euskotren ligako fitxaketak. Izaro Lestayo. Tolosaldeko patroia

«Liga hau ezaguna dut lehendik ere, baina zenbait berritasun ditu»

Izaro Lestayok txopara itzultzeko hautua egin du aurten. Patroi getariarra bere herriko gizonezkoekin aritu da azken urteetan, laguntzen, eta estropada ofizialik ere jokatu du. Aurten, Tolosaldean hasi da: «Gogotsu nago».

JON URBE / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
Getaria
2023ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Zenbait urtez jaioterriko gizonezkoen lemazain laguntzaile aritu ostean, Izaro Lestayok (Getaria, Gipuzkoa, 1998) Euskotren ligara itzultzea hobetsi du aurten. Gustura ari da urdinekin osatzen ari den estreinako hilabeteetan.

Ikusi gehiago:Aldaketak dira Euskotren Ligako taldeen fitxaketetan

Berriz ere emakumezkoen arraunera bueltatu zara. Zergatik hartu duzu erabaki hori?

Ez dut kontuan hartu emakumezkoen edo gizonezkoen taldea den. Arraunera itzuli nahi nuen, eta zenbait aukera izan ditut. Azkenean, Tolosaldera joatea erabaki dut. Arraunerako gogoa nuelako hasi naiz.

Nolatan sortu zaizu Tolosaldean aritzeko aukera?

Badira hiru urte zenbait klubetatik deitu didatela. Iaz Tolosatik deitu ninduten, eta hasieran nire zalantzak izan nituen arren, azkenerako baiezkoa eman nuen.

Orain urte batzuk ere aritu zinen Euskotren ligan, eta zenbait berritasun izan dira ordutik. Esan al daiteke txapelketa berritu bat dela oraingoa?

Euskotren liga ezaguna dut lehendik ere, baina, bai, berritasunak badaude. Aurten zortzi traineru izango gara. Ea zer moduz moldatzen garen.

Nolako taldea osatu duzue?

Iaztik arraunlari dezente falta ditu taldeak. Gehienak ababorrekoak; hortaz, alde horretan izan dugu blokea egin beharra, baina osatu dugu, eta gustura gaude.

Oso gazterik hasi zinen arraunean, eta azken urteetan molde ezberdinetako taldeak ezagutu dituzu. Zer gehitu diezaiokezu taldeari?

Beste patroi bat eta biok gaude. Gazte mailakoa da hura, eta, nire esperientzia aintzat hartuta, dakidana erakutsi nahi diot. Gure helburua da bion artean ondo eramatea lehiaren mundu hori, eta elkar laguntzea. Nik gehitu dezaket itsasoan dakidan guztia, eta haiek, taldeko giroa. Multzo gaztea da, eta giro oso ona dute. Nik uste haiek ere asko eman dezaketela.

Alde handia al dago gizonezkoekin aritu edo emakumezkoekin?

Taldekideek ere galdetu didate hori, ea alderik nabaritu dudan. Haiei esan nien: mutilekin abiadura azkarragoa hartzen da, eta ontzia egonkorrago joaten da. Azken finean, emakumezkoek dituzten ezaugarri batzuk ez dituzte gizonezkoek, eta alderantziz. Batzuekin eta besteekin ondo moldatu izan naiz.

Asko kostatu al zaizu berriro ere talde baten dinamikara batzea eta errepidean aurrera eta atzera ibiltzea?

Berriz ere arraunean hastea erabaki nuenean banekien hori ere ekarriko zuela. Hasieran kostatu zitzaidan egunero entrenatu behar hori. Gero, San Juanen aritu nintzenean egunero egiten nuen [Getariarako] joan-etorria, eta banekien zer zen hori. Ez zait askorik kostatu.

Zer aurkitu duzu Tolosaldeko taldean?

Esan bezala, giro ona dute, eta hori puntu garrantzitsua izan da ni hara joateko garaian. Gero, duten anbizioa. Ababorreko ia taldekide guztiek utzi arren, mailari eusteko gogoa dute, eta hori ona da.

Nolako Euskotren liga aurreikusten duzue? Zenbat eta ontzi gehiago egon, orduan eta postu dantza handiagoa egon daiteke estropada bakoitzean.

Liga berri honi dagokionez, ikusten dugu zortzi traineru garela, baina Galiziako bi ontzik nahitaez egon behar dute ligan bizpahiru urtez. Hortaz, arriskuan egon zaitezke seigarren eginda ere, azkena geratu beharrik gabe. Gure artean hitz egin dugu gorabehera horiek egon daitezkeela. Seigarren postua ere kezkatzekoa izan daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.