Bilduren legeztatzea. Testigantzak. Josune Ariztondo

«Abstentziora jo zuten, eta Patxi Lopez etorri zen»

EAJri inoiz gertatu ez zitzaiona jazo zitzaion ilegalizazioen ondorioz: Jaurlaritzako agintea galtzea. Ondarroako Udala kudeatzeko bazkide izan zen Ariztondo.

MONIKA DEL VALLE / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
Bilbo
2021eko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Garai «gogor» gisa gogoratzen ditu Josune Ariztondok (Ondarroa, Bizkaia, 1948) EBB Euskadi Buru Batzarrean egindakoak: «2000. urteko urtarriletik 2008ra arte egon nintzen». Alegia, legez kanporatzeen garaian, bete-betean: «Urte tarte gogorrena hor egon zen: ilegalizazioa, Lizarra-Garaziren gainbehera...». Hiru atalaiatik egokitu zitzaion gertatzen ari zena ikusi eta bizitzea: alde batetik, EBBko idazkari gisa; bertze alde batetik, Ondarroako Udala kudeatu zuen batzordeko kide modura; eta, azkenik, Bizkaiko Foru Aldundiko kultura diputatu gisa.

Gibelera begiratuta, jeltzaleak uste du EAJri garai hori bi aldiz «sufritzea» egokitu zitzaiola: «Gu haien legeztatzearen alde geunden; hori aldarrikatu, eta horregatik sufritzea, bikoizki sufritzea tokatzen zitzaigun». Azaldu du, izan ere, «planto handia» egin zuela EAJk Alderdien Legearen aurka: «Lege horren aurkako botoa eman genuen Kongresuan». Oroitu du horren «aurrekaria» Itun Antiterrorista izan zela, 2000an onartutakoa, eta haiei ere kalte egin ziela: «Horrekin deabrutu egin gintuzten, ez alderdi abertzaleak: abertzaleak, denak».

Alderdien Legearen aurka egon arren, «paradoxikoki», Ariztondok dio ez zutela Batasuneko kideengandik «errekonozimendurik» atzeman: «'Ni zure alde banago eta zu zigortzen bazaituzte, zergatik ematen didazu niri errua?'. Hori da nolabait sentitzen genuena. Ezker abertzaleak besterik nahi zuen?». 2009ko Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetan gertaturikoa jarri du desadostasunen adibide: «Guk iradokitzen genien ezker abertzalekoei abstentzioaren alde jo beharrean esatea ez EAJri botoa emateko, baizik eta alderdi abertzaleei botoa emateko, ze bat baino gehiago baikinen. Baina hori ez genuen lortu: eurek euren indarrak neurtu nahi zituztelako abstentziora jo zuten, eta, hori zela eta, PP eta PSOE izan ziren EA eta gu baino gehiago, eta hori zela-eta etorri zen Patxi Lopez lehendakari izatera». 1979tik EAJk Jaurlaritza galtzen zuen lehen aldia zen: «Oso larriki bizi izan genituen gertaera horiek».

Udala «martxan» jartzen

Artean EBBko idazkaria zela, Ondarroako Udala kudeatzea egokitu zitzaion Ariztondori, egoera berezian: zerrenda ugari legez kanpo utzi zituzten 2007ko udal hauteskundeetan, eta tartean zen Ondarroako EAE-ANVrena. Boto baliogabea eskatu zuten, eta EAJko zerrendak baino gehiago «lortu» zituzten: PPk eserleku bat eskuratu zuen; Aralarrek, bertze bat; eta EAJk eta EAk, bertze guziak. Ariztondoren hitzetan, EAJk ezker abertzaleari proposatu zion boto baliogabeak kontuan hartuta EAJk kargu «minimoak» har zitzala, baina ezker abertzaleak ez zuen hori «onartu», eta jeltzaleek ez zuten kargurik hartu: «Uste zuten hori gerra bat izango zela». Udala kudeatzeko beharra ikusten zuen EAJk: «Haurtzaindegia behea jota, eskola publikoa desastre bat eginda... Dena zegoen hankaz gora». Bizkaiko Foru Aldundiak batzorde kudeatzaile bat izendatzea erabaki zuen, eta, ondarroarra izanda, «bere burua eskaini» zuen Ariztondok. «Gerra» bizitu zuen, halere: «Ia osokorik ere ezin izan genuen egin gure udaletxean: Ertzainetan egin behar izaten genituen, edo Bilbon». EAJko kideak oroitu du «erasoak» pairatu zituela kalean, tartean amarekin zegoela: «Barrua hartu zidan». Zailtasunak zailtasun, nabarmendu du erdietsi zutela proiektuak aitzina ateratzea. Berdintasun batzordean, adibidez: «Bizitza markatzen zitzaidan batzar bakoitzeko, baina aurrera egin genuen». «Ondo edo txarto», «funtzionatu» zutela uste du: «Engranajea martxan jartzeko gai izan ginen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.