Koronabirusa munduan

Amerika, pandemiaren epizentroa

Latinoamerikan atzematen dituzte eguneko positibo berri gehien. OPS kezkatuta agertu da Brasilen, Peruren eta Txileren egoerarekin

Segurtasun indarretako agenteak gizon bati tenperatura hartzen, Brasilen. ANTONIO LACERDA / EFE.
Jone Bastida Alzuru.
2020ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Amerikak duela bi aste gainditu zuen Europa kutsatze kopuruetan, birusaren epizentro berria bilakatuz, eta etenik gabe jarraitzen du COVID-19ak kontinente hori jotzen. Alde handiz, AEB Ameriketako Estatu Batuetan daude positibo eta hildako gehien, baina, azken egunotan, beste eskualde batek piztu du kezka: Latinoamerikak. Mike Ryan OME Osasunaren Mundu Erakundeko Osasun Larrialdietarako zuzendari nagusiak joan den ostiralean iragarri zuen Hego Amerika «pandemiaren epizentro berria bihurtzen» ari dela, eta antzera aritu zen herenegun Carissa Etienne OPS Osasunaren Erakunde Panamerikarreko burua. Haren arabera, Latinoamerikak Europa eta AEBak gainditu ditu «eguneroko kutsatu berrien kopuruetan».

Modu horretan, hiru herrialdetako egoera kritikoa azpimarratu zuen OPSko zuzendariak: Brasil, Peru eta Txile. «Hego Amerikan bereziki kezkatuta gaude joan den astean, zazpi egunean, agerraldia hasi zenetik inoiz atzemandako kasu berri gehien erregistratu zituztelako Brasilen. Peruko eta Txileko intzidentzia tasa ere handia da, herrialde horietan transmisioa bizkortzen ari den seinale». Hori ziurtatzearekin batera, adierazi zuen orain ez dela murrizketak arindu eta prebentzio estrategiak gutxitzen hasteko ordua. «Hau ez da distrakzioetarako garaia».

Halaber, kutsatzeak eragozteko neurriak betetzearen garrantzia nabarmendu zuen Jarbas Barbosa OPSko zuzendariordeak: pertsonen arteko distantzia errespetatzea, testak egiteko ahalmena indartzea eta pazienteen harreman kateak detektatzea. Horrez gainera, beste kontu bati ere heldu zion Ciro Ugarte erakundeko Osasun Larrialdietarako zuzendariak. Haren esanetan, pandemia kontrolatzeko funtsezkoa da datuak gardenak izatea, «egoera zehatz-mehatz ezagutu ahal izateko eta biztanleek neurri egokiak har ditzaten».

Kasuak, goraka

AEBen atzetik, Brasilek baieztatu ditu munduan kasu gehien: 391.000 baino gehiago. Hildakoak, berriz, 24.500 lagunetik gora dira. Perun ia 130.000 gaixo hauteman dituzte, eta Txilen 84.000. Mexikon eta Ekuadorren ere gogor jo du gaitzak: estatu horietan, 74.500 eta 38.000 positibo detektatu dituzte, hurrenez hurren.

Alabaina, datuei erreparatu besterik ez dago jakiteko Brasilgo egoera dela latzena. Hain justu, han atzeman zuten Latinoamerikako lehen koronabirus kasua, duela hiru hilabete, otsailaren 26an. Ordutik, etengabe ugaritu dira positibo berriak, eta, oraindik ere, goranzko joeran segitzen du kutsatuen kurbak. Hau da, ez du gailurra jo.

Bien bitartean, Jair Bolsonaro Brasilgo presidentea ekonomia berraktibatzearen alde agertu da, eta konfinamenduaren aurkako adierazpenak egiten jarraitzen du.

Testuinguru horretan, estatu batzuk hasi dira itzulera planifikatzen, eta Joao Doria Sao Pauloko gobernadoreak atzo iragarri zuen ekainaren 1ean ekingo diotela neurriak laxatzeari, «modu gradualean».

Peruko azken datuak ere ez dira onak, eta, herenegun, orain arte egun bakar batean hautemandako kasu gehien detektatu zituzten: 5.772. Horiek horrela, itxialdia ekainaren 30 arte luzatu du Peruko Gobernuak, nahiz eta neurri batzuk arinduko dituen. Horrez gain, gaixoak artatzeko zentro berriak ere prestatzen ari dira, horiek kolapsotik gertu daudelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.