HIRI BERRI BAT TOPATZEKO MAPA

Arabako aldundiak «aro berri bat» hasi nahi du Iruña-Veleian. Ostraken auzia amaituta, erromatar garaiko aztarnategiaren «izen ona» berreskuratu nahi du. Aztarnategi eskola eta praktika laborategia izatea proposatu du, besteak beste.

4. Macellum-a. Oraintsu bistaratu dituzte azoka baten hondakinak. ARABAKO ALDUNDIA.
aitor biain
Gasteiz
2022ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Puntu eta aparte. Horixe egin nahi du Iruña-Veleiak. Hamarkada batetik gora iraun duen etapa behin betiko itxi, eta «aro berri bat» hasi nahi du aztarnategiak. Asmo eta helburu horixe azaldu dute erakunde publikoek: Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak erromatar garaiko hiri baten hondakinak biltzen dituen gunea biziberritu nahi dute, dagokion balio kultural eta historikoa nabarmendu, eta haren «izen ona» berreskuratzeko. Datozen urteetarako bide orria zehaztu dute.

«Iragana da jada aztarnategiak hamarkada batez izan duen errezel beltza», adierazi zuen Ana del Val Arabako kultura diputatuak Batzar Nagusietan; iragan maiatzean aletu zituen proiektu berriaren xehetasunak. Bi urte dira Iruña-Veleia auziaren epaitegietako bidea amaitu zenetik. Euskarari, kristautasunaren hedapenari, eta antzinateari buruzko jakintza iraultzekoak ziren ezohiko aurkikuntzak ezagutarazi eta hamalau urtera, hamaika urteko instrukzio fase baten ostean, eta hamabi saioko epaiketa bat egin ondoren, epaileak ondorioztatu zuen grafitoak faltsuak direla.

Baina beste Iruña-Veleia bat bada horren guztiaren azpian. Hiri handi bat dago lurpean oraindik, mendeen eta naturaren geruzek estalia dutena. Izan ere, duela ia 2.000 urte atzera, Veleia izeneko hiri bat ei zegoen Zadorra ibaiaren bihurgune batek sortutako muino batean. Ez zen Erromako Inperioak inguruotan zuen gunerik garrantzitsuena, baina kokapen estrategikoa zuen Astorga eta Bordele lotzen zituen Iter XXXIV galtzadan. Haren hondakinak biltzen ditu Iruña-Veleiako aztarnategiak, hain zuzen ere, eta hura bistaratzen ari dira adituak azken urteetan. Ia dena geratzen da azaleratzeko.

Horregatik, «aukera paregabea da bertan sakontzeko», Javier Fernandez Bordegarai Arabako Museoen Foru Sarearen zuzendariaren hitzetan. «Gaur egun, Veleiako aztarnategi arkeologikoaren azalera osoak izan ditzakeen 120 hektareetatik gutxi batzuk baino ez dira induskatu, eta, beraz, ikerketarako eta ezagutza zabaltzeko duen ahalmena izugarria da oraindik». Azalera osoaren %1 inguru baino ez baita azaleratu. Batez ere oppidum edo hiri harresituaren barruan egin dira indusketa gehienak orain arte, eta egun ikus daitezkeen aztarnak ere harresiaren barruan daude, oraintsu azaleratu duten macellum edo azoka baten egitura izan ezik.

Hori dela eta, eta aurreko plana 2020an iraungi zela kontuan hartuta, Arabako aldundiak hurrengo urteetarako plana aurkeztu du, zeinak helburu duen aztarnategia ikerketarako eta turismorako erreferentziazko gune bilakatzea, besteak beste. Ikerlariak ez ezik, bisitariak ere erakarri nahi baititu diputazioak Iruña-Veleiara. Gauzak horrela, proposatu du aztarnategi eskola eta praktika laborategi bilakatzea. «Zabaldu beharreko altxor kultural bat da, eta, gainera, aukera asko eskaintzeko dituena oraindik», adierazi zuen Del Valek.

Eta indar guztiak jarriko ditu horretarako: aurten bakarrik milioi bat euro pasako aurrekontua izango du planak, nahiz eta zati bat hurrengo urterako ere gordeko den. Eusko Jaurlaritzak jarriko du diru horretan zatirik handiena: 150.000 euro Kultura eta Hizkuntza Politika sailaren aurrekontutik bideratuko dira; eta 900.000 euro Europako Next Generationen diru poltsa nagusitik, Suspertze eta Erresilientzia Funtsa deitutakotik. Aldundiak 100.000 euro jarriko ditu. «Iruña-Veleiaren izena ona berreskuratzeko Arabako diputazioak eta Eusko Jaurlaritzak martxan jarriko dugun kolaborazio baten lehen urratsa da», adierazi zuen Bingen Zupiriak orain aste batzuk, diru ekarpenaren berri emateko agerraldian.

Hiru epe muga, hiru fase

Inoiz ez bezalako kopurua da, eta horrek agerian uzten du erakundeen apustuaren garrantzia eta tamaina. «Inoiz ez da horrelako inbertsiorik egin; are gehiago, urte bakarrean azken hamabi urteetan egindako inbertsioaren %50 da», azpimarratu zuen Del Valek. Izan ere, 2,3 milioi inbertitu dira aztarnategian azken urteetan. Diru hori egun induskatuta dagoen harresiaren zati bat finkatu eta kontserbatzeko erabiliko da. Hori baita epe laburrera begira egin beharreko zereginen zerrendan planak jasotzen duen lehena.

Izan ere, Iruña-Veleia biziberritu eta garatzeko aldundiaren planak hiru epe muga eta hiru fase ditu: epe laburrera begira egin beharrekoak (2022 eta 2023 artean), epe ertainera begira egin beharrekoak (2023 eta 2025 artean) eta epe luzera gauzatu beharrekoak (2025 eta 2035 artean). Aurreneko bi faseak «trantsiziorako» izango dute, aztarnategian egin beharrekoak zehaztuko dituen plan zuzentzaile berri bat adostu ahal izateko.

Hain zuzen, Del Valek argi utzi zuen ez dela plan zuzentzaile bat, «azken bi urteetan egindako hausnarketari esker» ondutako plan bat baizik. «Nahiago izan dugu egingarria izango den proiektu bat egitea, helburu zehatzak dituena, eta aurrekoaren aldean nabarmen laburragoa izango dena. Trantsiziorako balioko du, 2025era bitarte, eta orduan bai, espero dugu baldintza onetan egotea erabaki zehatzagoak eta epe luzerakoak hartu ahal izateko».

Hori horrela, indusketen ordez bestelako lanak lehenetsiko dira hurrengo bi urteetan. Bost lan ildo finkatu dituzte. Ikerketa da horietako lehena. «Ezertan hasi aurretik, Iruña-Veleia hobeto ezagutu behar dugu, eta horretarako ezinbestekoa da ikerketa proiektu sendo bat egitea», adierazi zuen museo sarearen arduradunak. Azterketa geofisikoak egingo dituzte horretarako, «hiriaren mugak zeintzuk diren ezagutzeko eta lehentasunak identifikatzeko». Dagoeneko hasiak dira metodologia hori probatzen; egungo bisitarien aparkalekuaren inguruak aztertu dituzte, eta emaitza «ikaragarri onak» lortu dituztela azpimarratu zuen Fernandezek Batzar Nagusietako hitzartzean.

Lehendik induskatuta dauden eremuak eta egitura arkeologikoak finkatu eta zaharberritu egingo dira, halaber. Lehentasunezko lan ildoa izan da hori hurrengo urteetan, diputatuaren hitzetan. Batez ere, hiri harresituaren barruan egingo dira lan horiek. Gainera, bisitarientzako harrera gune berri bat ere eraikiko da, eta bertan kokatuko da etorkizuneko ikerketa arkeologikorako laborategia ere. Zentroak, baina, beste kokapen bat izango du, orain dagoen etxolaren eremua lehengoratu egingo baitute.

Aztarnategia bisitatzen dutenei ere tresna berriak jarriko zaizkie eskura. Hala, karteldegia eta panelak berrituko dituzte, eta errealitate birtuala darabilen mugikorrerako aplikazio bat ere sortu dute. Iruña-Veleia ezagutzera ematea baita helburu nagusia. Horrez gain, aztarnategia inguruarekin «hobeto integratzea» du xede aldundiak, «ezagutza hedatu eta dagokion balioa eman ahal izateko». Del Valen hitzetan, tokiko erakundeen lankidetza ezinbestekoa izango da horretarako.

Jarritako helburu nagusiak lortzeko gutxienez hamar urte beharko badira ere, azpiko hiriaren lehen harriak bistan dira jada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.