Espainiako aurrekontuen zirriborroak arlo sozialeko hainbat neurri dakartza

Amentzako laguntzak, pentsioen igoera eta aldirietako trenak doakoak izatea agertzen dira egitasmoan. Gastu militarra %25 handituko da

Maria Jesus Montero ministroa, aurrekontuen proiektuarekin. J.C. HIDALGO / EFE.
gotzon hermosilla
2022ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak oniritzia eman dio 2023ko aurrekontuen lehenengo zirriborroari. Seguru asko, egitasmoak aldaketak izango ditu, talde parlamentarioekin egin beharreko negoziazioen ondorioz, baina jadanik arlo sozialeko zenbait neurri agertzen dira zirriborroan, «ongizatearen estatua indartzeko inoiz egindako gastu sozialik handiena» osatzen dutenak, Espainiako Gobernuaren hitzetan: 0-3 urte bitarteko seme-alabak dituzten amentzako diru laguntzak, gazteei alokairua ordaintzen laguntzeko diru poltsak, langabezia sarien eta pentsioen igoera, eta beste zenbait.

AMENTZAKO LAGUNTZAK

Orain arte, 0-3 urte bitarteko seme-alabak dituzten emakumeek diru laguntza bat jaso izan dute, baldin eta ama horiek lan finko bat bazuten. Aurrekontuen zirriborroaren arabera, laguntza hori jasotzeko eskubidea ez da unibertsal bilakatuko, baina horretarako baldintzak malgutu egiten dira: ez da beharrezkoa izango amek lan finkoa edukitzea, eta nahikoa izango da Gizarte Segurantzan 30 egunez egon izana edo langabezi saria jaso izana. Diru laguntza ehun eurokoa izango da seme-alaba bakoitzeko.

Eusko Jaurlaritzak badu bere plana 3 urte arteko seme-alabak dituzten familiei laguntzeko. Plan horren arabera, urtarrilaren 1etik aurrera Jaurlaritzak 200 euroko laguntza emango du seme-alaba bakoitzeko. Ikusteko dago bi laguntzak uztargarriak izango ote diren; oraingoz, Jaurlaritzak adierazi du bere dekretuarekin aurrera egiteko asmoa duela, Espainiako Gobernuaren proposamenaren xehetasunak jakin bitartean.

PENTSIOEN IGOERA

Aurrekontuen zirriborroan pentsioak %8,5 inguru igotzea aurreikusten da. Igoera hori aurrerago doitzeko asmoa dute, azken datu ekonomikoen arabera: «Izan daiteke %8,4koa edo %8,6koa», azaldu du Ogasun ministro Maria Jesus Monterok. Bizitzeko gutxieneko diru sarrera ere beste horrenbeste igotzeko asmoa dute.

ETXEBIZITZA

Etxebizitza lortzeko bideak erraztea xede duten neurriak ere agertzen dira egitasmoan. Horretarako aurrekontua 3.472 milioi eurokoa izango da, hau da, aurtengoa baino %5,4 gehiago. Gazteei etxebizitza alokatzeko ematen zaien diru laguntzari eusteko asmoa du Espainiako Gobernuak, eta 200 milioi euro jarri nahi ditu horretarako. Gaur egun, 250 euroko laguntza ematen diete hilean diru sarrera apalak dituzten 18 eta 35 urte bitarteko gazteei etxebizitza edo gela bat alokatzeko. Neurri horri eusteaz gain, alokairu merkeak sustatzeko programa bat jarri nahi dute abian, eta 260 milioi euro jarri nahi dituzte horretarako.

GARRAIO PUBLIKOAK

Energia aurrezteko planaren barruan, Espainiako Gobernuak zenbait neurri jarri ditu abian garraio publikoak erabiltzea sustatzeko; adibidez, aldirietako trenetako bidaiak doakoak izatea garraiobide hori maiz erabiltzen dutenentzat. Neurri horiek irailean jarri zituzten indarrean, eta hasieran abenduaren 31ra artekoak ziren, baina orain neurriok 2023an luzatzeko aukera jaso dute zirriborroan, horretarako aurrekontua %41 handituta.

BESTELAKO NEURRIAK

Familia Lege berrian kontziliazioa errazteko neurriak sartzea, horien artean langile guztiei ordaindutako astebeteko baimena ematea gertukoak zaintzeko; menpekotasunen inguruko politikak 600 milioi euroko diru poltsa batekin indartzea; bekak handitzea, eta antzeko beste zenbait neurri ere agertzen dira aurrekontuen zirriborroan.

GASTU MILITARRA

Zirriborroan iragarritako neurri guztiak ez dira gizarte arlokoak, eta, esaterako, gastu militarra %25 handituko da Espainian datorren urtean. NATOk kide diren estatu guztiei eskatu die gastu militarra igotzeko, 2029an herrialde bakoitzaren BPG barne produktu gordinaren %2 izan dadin. Igoera horrekin, NATOk egindako eskaerara hurbilduko da Espainia.

Defentsa Ministerioaren aurrekontua %6,5 handituko da. Igoera %8,4koa da alor horretarako jarritako dirua Europako diru funtsak kontuan hartuz gero. Baina horri guztiari gehitu behar zaio Espainiako Gobernuak prestatu duen plan berezia «armada modernizatzeko»: 4.900 milioi euro.

Montero ministroak esan du ez dela igoera horren «irakurketa militaristarik» egin behar, eta dirutza horrek «lanpostuak sortzeko eta sektoreko enpresei laguntzeko» ere balioko duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.