Estatus berriaren eztabaida mahai gainean jartzeko eskatu dio EH Bilduk EAJri

Otegik oroitarazi du Urkulluk 2015erako kontsulta bat egitea agindu zuela. Atutxak uste du EH Bilduk «benetako gogoeta etiko bat» egin behar duela

Arnaldo Otegi, urriaren 6an eginiko agerraldi batean. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
jon olano
2021eko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarrean ez atzera ez aurrera dago estatus berriari buruzko eztabaida. Iaz legealdia hasi zenetik, berriro eratu gabe dago Autogobernu Lantaldea. Vocento taldeak duela bi aste argitaratu zuenez, EAJk ez du asmorik eztabaida berriro abiatzeko; EAJko iturriek BERRIA-ri azaldu diotenez, jeltzaleek ez dute «presa berezirik» nabaritu gainerako alderdien artean gaiari heltzeko, baina, EAJren arabera, horrek ez du esan nahi gaia baztertuko dutenik; «giro aproposago» baten zain, gaia mahai gainean izango dute gainerako taldeekiko harremanetan.

Atzo, ordea, EH Bilduk EAJri eskatu zion mahai gainean jar dezala estatus berriaren inguruan daukan proposamena. «Jar dezala mahai gainean bere proposamena. Eta, hala, eztabaidatuko dugu, eta herri honek aukera izango du hiru herrialdeetan hori egiteko», esan zuen Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaileak: «2015. urtean Urkullu lehendakariak esan zuen estatus berri baten kontsulta egingo zela, eta ia zazpi urte pasatu dira orduz geroztik. Joan den legealdian akordio bat geneukan EAJrekin, eta zati batean Podemosekin, oinarrien eta printzipioen inguruan».

Otegik salatu zuen interesa dagoela Euskal Herriaren «anbizio politiko eta nazionala mugatzeko, horri errenuntzia egiteko, eztabaida Espainiako Konstituzioak ezartzen dituen mugetara eramateko». Horren inguruan, nabarmendu zuen euskal herritarrek ez zutela konstituzio hori onartu: «Herri honek ezin ditu mugak jarri bere anbizio nazionalen esparruan, herri hobe bat egiteko tresnen inguruan». Horrez gain, beharrezko jo du «erabaki eskubidea instituzionalizatzea», eta gogorarazi EH Bilduk idatzia duela bere proposamena: «Susmoa daukagu EAJ ez dela ausartzen berea mahai gainean jartzera».

«Sinbiosia»

Gainera, Radio Euskadin elkarrizketatuta, Itxaso Atutxa EAJko Bizkai Buru Batzarreko presidenteak esan du EH Bilduk ez duela «benetako gogoeta etiko eta moral bat egin hiltzeak esan nahi izan zuenaz». Atutxak gogora ekarri ditu Sortuk Antton Troitiñoren heriotzan esandakoak, Mikel Albisu babesteko elkarretaratzea eta David Pla Sorturen zuzendaritzarako proposatu izana: «Agian orain ari gara publikoki harritzen, baina instituzionalizatzen ari dira ezker abertzalean ohikoa eta ezaguna zena: haien borrokaren adar politikoaren eta ETAren adar armatu terroristaren arteko sinbiosia».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.