Gorenak itxi egin du Irungo udaltzainen euskara eskakizunari buruzko auzia

EAEko Auzitegi Nagusiaren iazko epaiari Irungo Udalak jarritako kasazio helegitea ez du onartu Auzitegi Gorenak, idatziak ez duela legeak eskatutako exijentzia nahikorik bete argudiatuta

Irungo udaltzainak. JON URBE / FOKU.
joxerra senar
2022ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Forma akatsa iritzita, Auzitegi Gorenak atea itxi dio Irungo Udalari. Atzo arratsean Euskadi Irratiak aurreratu zuenez, Espainiako Auzitegi Goreneko administrazioarekiko auzien lehen aretoakez du tramiterako onartu udalak euskara eskakizunaren alde aurkeztutako kasazio helegitea. Iaz, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi zuen Irungo udaltzain lanposturako deialdietan euskaraz jakitea eskatzea «diskriminatzailea» zela. Epaiak haserrea piztu zuen, eta udalak berak kasazio helegitea aurkeztu zuen, baina Gorenak ez du hura onetsi. Idatziak legez bete beharreko exijentziarik ez duela bete iritzi dio auzitegiak. Modu horretan, itxitzat eman daiteke auzibide hori.

Irungo hamabi udaltzainen lanposturako deialdietan euskaraz jakiteko eskakizuna onartu zuen udalak, eta erabaki horren aurka salaketa jarri zuen CCOOk. Iazko maiatzean EAEko Auzitegi Nagusiko epaileak argudiatu zuen eskakizun hori «diskriminatzailea» zela euskaraz ez dakitenentzat. Auzitegi Nagusiaren erabaki hura irmo deitoratu zuten Kontseiluak eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak, hain zuzen ere, euskaldunek administrazioan euskaraz arreta jasotzeko eskubidea urratu zela iritzita eta epai «politikoa» zela argudiatuta.

Epai hark bere erabaki baten kontra egin zuela eta, Irungo Udalak aste batzuk geroago auzibidean aurrera egin zuen. Une hartan aukera ikusten zuen Auzitegi Nagusian bertan helegitea jartzeko, baina auzialdian gora, Gorenera jotzeko asmoa zuela baieztatu zuen. Hamabost hilabete geroago, Gorenak amaitutzat jo du auzi jakin hori.

Printzipioz, baina, ez luke zertan antzeko beste auzietan eragin. Izan ere, aste berezian etorri da kasazio helegitea aintzat ez hartzeko Gorenaren erabaki hori. Udaltzainen 2021eko lan poltsari UGT sindikatuak aurkeztutako helegite baten harira, asteon Gasteizko Administrazio Auzitegiak ere «diskriminatzailetzat» jo du euskaraz jakitea eskatzea tokiko poliziei. Erabaki hori ezagututa, Jaurlaritzak irmo salatu du epaiaren edukia. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen hitzetan, Gasteizko epaitegi horrek ez du aintzat hartu 40 urtez administrazioan egin den bidea.

Ez du mamia aztertu

Jaurlaritzak helegitea aurkezteko asmoa iragarri du asteon, eta testuinguru horretan etorri da Irungo udaltzainen inguruko Gorenaren erabakia. Dena den, aintzat hartu behar da Auzitegi Gorena ez dela sartu auziaren mamia aztertzera, eta, ondorioz, juridikoki ez du eman behin betiko argudiorik. Ustez, Jaurlaritzaren helegite horrek oraindik bidea du egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.