Eusko Legebiltzarrak baliabide gehiago eskatu ditu ustelkeria ikertzeko

Jaurlaritzari galdegin dio fiskala «behar besteko baliabidez hornitzea». EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PPk babestu dute egitasmoa

Jone Goirizelaia, iazko ekainean, Eusko Legebiltzarrean. JUANAN RUIZ / FOKU.
jon olano
2019ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justizia Sailari eskatu dio Delitu Ekonomikoetarako fiskala «behar besteko baliabide material eta pertsonalez hornitzeko», ustelkeria delituak ikertu ahal ditzan. EH Bilduk aurkeztu zuen egitasmoa, eta ondoren Elkarrekin Podemosekin adostu. Biei batu zaie PP. EAJk eta PSE-EEk aurka bozkatu dute.

EH Bilduren jatorrizko testuan jasotzen zen ustelkeriaren aurkako fiskaltza bat sortzeko eskaria. Aldiz, joan den asteartean, Espainiako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen Jose Manuel Ortiz Marquezen izendapena Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan delitu ekonomikoak ikertzeko fiskal gisa, eta, hori ikusirik, jatorrizkoa erretiratu eta beste proposamen batzuk aurkeztea hobetsi zuen EH Bilduk.

Hori horrela, Eusko Legebiltzarrak Jaurlaritzari eskatu dio berehala ugaritu ditzala giza baliabideak eta materialak ustelkeria delituak ikertzeko, eta, zehatzago, lan horretan aritu behar duten eta «formakuntza eta kualifikazio zehatzak» dituzten polizia gehiago bideratzeko zeregin horretara. Era berean, administrazio publikoei eskatu die kolaborazio ahalik eta «osoena eta azkarrena» emateko fiskaltzari.

EAJren «koherentzia falta»

Jone Goirizelaia EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu duenez, proposamenean jaso nahi izan dituzte Carmen Adan Euskal Autonomia Erkidegoko fiskalburuaren eskakizunak, eta EAJren «koherentzia falta» salatu du. EAJko legebiltzarkide Joseba Zorrillari, berriz, «harrigarria» iruditu zaio egitasmoarekin gertatutakoa, uste baitu hura babestu dutenen asmoa «onura politikoak lortzea» dela, «haizagailua jarrita eta ustezko ustelkeria kasuak haizatuta». Eztabaida politikoa «lokaztu» nahi izatea egotzi die oposizioko taldeei.

Cristina Makazaga Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak, berriz, salatu du Euskal Autonomia Erkidegoak ez duela izan«bitarteko materialik» ustelkeria kasuak ikertzeko, eta zalantzan jarri du aurrerantzean izango duen ere. PSE-EEko Alexia Castelo «harrituta eta deseroso»azaldu da EH Bilduk eztabaida mantendu duelako: «Irudipena» dauka fiskalen «beharrak» ez direla parlamentura eramandako testuaren leitmotiva». PPko Javier Ruiz de Arbulok ere EH Bildu kritikatu du testua «azken unean» aldatzeagatik, baina babestu egin du, «zentzu komuneko kontuak» jasotzen dituelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.