Johnsonen gobernua kolokan jarri dute bi ministroren dimisioek

Erresuma Batuko Finantza eta Osasun ministroek gobernua utzi dute, eta mugimenduak nabarmen zaildu dio Johnsoni agintean jarraitzea

Boris Johnson, joan den astean, Zeelanda Berrian. CHRIS J. RATCLIFFE / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2022ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroaren agintaldia atakan dago. Erresuma Batuko Gobernua kolapsatzeko arriskuan utzi zuten atzo Rishi Sunak herrialdeko Finantza ministroak eta Sajid Javid Osasun ministroak ordu erdiko tartean aurkeztu zituzten dimisioek. Biek adierazi zuten ezin dutela jarraitu Johnsonen gobernuan, kontzientzia arrazoiengatik.

Dimisioak aurkeztu zituztenean, Johnson barkamena eskatzen ari zitzaien herritarrei, ez delako lehenago ohartu jazarpen sexualagatik salaketak jaso zituen pertsona bat ez dela egoki gobernuaren parte izateko. Chris Pincher alderdikideari buruz ari zen Johnson, bera Atzerri ministro zela (2016-2018) hura ministerioko bigarren arduradun nagusi hautatzeagatik. Erresuma Batuko hainbat hedabidek atzo jakinarazi zuten Johnsonek pertsonalki jaso zuela Pincherren kontrako salaketen berri. «Atzera begira, erabaki okerra izan zen, eta barkamena eskatzen diot horregatik kaltetua izan den orori», adierazi zuen lehen ministroak.

Azalpenak ez dira nahikoa izan urak baretzeko. Are, Sunak eta Javidek dimisioa aurkeztu zuten barkamen eskearen une berean. Javidek azaldu du «konfiantza galdu» duela Johnsonengan. Haren esanetan, Erresuma Batuak «Alderdi Kontserbadore indartsu eta printzipioduna behar du», eta lehenetsi egin du alderdiari dion «leialtasuna».

Sunak ohar bidez adierazi zuen herritarrek jokabide «egokia, trebea eta zintzoa» espero dutela gobernuarengandik, eta, haren ustez, «merezi du balio horien alde borrokatzea». Dena den, dimisioaren arrazoiak ez zituen Pincherren auzira mugatu. Finantza ministroak ohartarazi zuen Erresuma Batuak «erronka izugarriak» dituela aurretik, eta «herritarrak egia hori entzuteko prest» daudela. Lehen ministroarekin datorren asterako ekonomiari buruzko diskurtsoa prestatzen ari zela, «funtsean oso desberdinak diren ikuspuntuak» dituztela ondorioztatu du. «Ezin dugu horrela jarraitu».

Presioa oposiziotik

Albisteak erreakzio ugari eragin zituen Erresuma Batuko politikarien artean. Keir Starmer Alderdi Laboristako buruak gobernu osoaren dimisioa eskatu zuen, «Erresuma Batuak behar duen aldi berria» lortzeko modu bakarra dela argudiatuta. «Argi dago gobernu hau erortzen ari dela».

Ed Davey liberal demokraten liderrak ere gobernua desegiteko galdegin zion Johnsoni. «Joan zaitez, eta joan orain». Twitter bidez zabaldu zuen mezuan, Erresuma Batuaren izena «nahikoa denbora luzean» zikintzea egotzi zion lehen ministroari.

Antzera mintzatu zen Nichola Sturgeon Eskoziako lehen ministroa. «Talde ustel osoak joan behar du». Sturgeonek nabarmendu zuen dimisioa eman duten ministroek ere Johnson defendatu dutela «herritarrei gezurra esan dienean». Eskoziak Erresuma Batuarengandik independente izateko aukera eduki behar duela gaineratu zuen.

Gobernu barruan, Johnsoni babesa adieraztera agertu ziren beste ministro batzuk; besteak beste, Nadine Dorries Kultura ministroa. Lehen ministroarekin «%100ean» dagoela esan zuen, eta ziurtatu Johnsonek «erabaki handi guztiak zuzen hartzen» dituela.

Kontserbadoreak, zatituta

Alderdi Kontserbadorearen barruan Johnsonek babes ahula duela agerian gelditu zen ekainaren hasieran, haren kideek alderdi barruko zentsura mozio bat bozkatu zutenean. Pandemian Downing Streeten egindako festen eskandaluaren harira erantzukizunak argitzeko egin zuten bozketa, eta 211 diputatuk egin zuten toryen liderraren alde, eta 148k, berriz, kontra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.