Albistea entzun

Gainezka egingo duen uholdeari

Irene Solaren lehen eleberria itzuli du Joxan Elosegik: 'Dikeak'. Bizitzaren anabasa eta istorioen sorkuntza eta garapena bera ditu ardatz nobelak. Alberdaniak argitaratu du
Irene Sola idazlea, artxiboko irudi batean.
Irene Sola idazlea, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Naroa Torralba Rodriguez -

2022ko azaroak 19 - Donostia

Idazkuntza propioa du Irene Solak (Malla, Herrialde Katalanak, 1990). Pertsonaia guztiek hartzen dute hitza, bizidun izan edo ez. Narratzailearen ahotik mintzo dira bizigabeak, baina guztiek dute ahots eta ikuspegi propioa. Hori nabarmendu du Jorge Gimenez Alberdaniako editoreak Dikeak liburuaren aurkezpenean. Joxan Elosegik itzuli du euskarara, jatorriz Els dics dena.

Solak idatzitako lehen eleberria da Dikeak, nahiz eta euskarara lehenago heldu zen idazlearen bigarren nobela, Nik kantatu eta dantza egiten du mendiak (Alberdania, 2020). Eleberri horien aurretik, Bèstia poema liburua izan zen egilearen opera prima (Galerada, 2012), eta Amadeu Oller saria eman zioten harekin. Aurretiaz euskaraturiko Canto jo i la muntanya balla nobelak (Anagrama, 2019) Anagrama Eleberri saria eta Europako Batasuneko Literatur saria irabazi zituen, eta Elosegik egindako itzulpenak ere jaso zuen aitortzarik: 2021eko Euskadi saria, hain zuzen. Els dics-ek, berriz, Documenta saria irabazi zuen 2017an.

Ingalaterran idatzi zuen Solak lan hori. Arte Ederren Ikasketak ditu idazleak, eta hango galeria batean lanean ari zela osatu zuen eleberria. Formaren aurrean duen kezka orokorra da idazlearengan, Elosegiren ustez, edozein diziplinatan. Gimenezek ere aipatu du eleberri honek baduela gai nagusi bat beretzat, muinean «ikerketa» bat dena: nolakoa izan behar duen kontakizun baten sorkuntzak eta garapenak, eta nolako boterea bereganatzen duen kontatzen duenak.

Tituluaren inguruan, idazlearen ideiak ekarri ditu itzultzaileak: «Solak dio modu nahasian eta ordenarik gabe eta askotan batera agertzen direla gauzak mundu honetan». Gehitu du dikeak hizkuntzaren bidez eraikitzen direla, istorioa igorleak nahi duen bidetik joan dadin. «Alegia, uholde anabasa horretan bide apur bat egiteko hizkuntza erabiltzen dugula». Gaineratu du bizitzaren uholdeak lehenago edo geroago gainezka egiten duela eta hori dela bizitza Solarentzat, kezka horrekin idatzi zuela eleberria.

Oharkabeko errepikapena

Protagonista «argi bat» dauka nobelak itzultzailearentzat: Ada izeneko gazte bat. «Baten batek esan lezake urrutira jo gabe idazlea bera dela, Solaren jaioterri inguruan kokatzen baitu Ada; hortik aurrera, ezin da deus gehiago esan, nobelari buruz hizketan ari garelako».

Herrialde Katalanetako Osona eskualdean dauka kokalekua eleberriak, Vic hiriburuaren inguruan: «Ez gaude, beraz, hiri baten erdian; larre usaina du mundu honek, eta agertzen zaizkigu mendia, arroa eta piztia animaliak». Deskribatzen duen landa eremua «kuriosoa» egin zaio Elosegiri: «Ada bera eta beste pertsonaiak oso hurbil sentituko ditugu guregandik. Agertzen zaigun guztia sentituko dugu, pertsonaiak ez direlako beste mundukoak, gureak baizik».

Narratzaileak «etengabe» erakutsiko dizkio irakurleari ingurukoak eta ingurunea bera. Horretarako formula bat erabili duela zehaztu du Elosegik, denbora guztian darabilena Solak nobelan: katalanez aquesta és, aquest és eta aquests són, euskaraz hona hemen itzuli duena berak. «Ez gara konturatuko». Bigarren eleberriarekiko desberdintasunik behinena dela nabarmendu du itzultzaileak, eta Dikeak eta Nik kantatu eta dantza egiten du mendiak lanen arteko beste alde bat ere aipatu du: lehenengoan, Ada izango da hari nagusia eta elkargunea; bigarrenean, ez dago halakorik.

Solaren begi zorrotza azpimarratu dute Elosegik eta Gimenezek. «Izugarria da zeinen ondo aurkezten dizkigun pertsonaiak eta horiei gertatzen zaizkienak». Eta agertokiaren garrantzia gogorarazi du editoreak: «Paisaiaren lekuko bihurtzen gaitu oso modu errealean; irudi lezake tokian gaudela eta gu ari garela azaltzen duena ikusten».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Ruper Ordorika eta Joseba Sarrionandia, atzo iluntzean, Bilboko Kafe Antzokiko Kutxa Beltza aretoan. ©ARITZ LOIOLA

Honetaz eta hartaz, giro intimoan

Olatz Enzunza Mallona

Elkarrekin izandako bizipenak ardatz hartuta, askotariko gaiez solasean aritu dira Ruper Ordorika eta Joseba Sarrionandia ‘Huntaz eta hartaz’ emanaldian. Atzo hasi, eta ostegunera bitarte egingo dituzte saioak, Bilboko Kafe Antzokiko Kutxa Beltza aretoan. Amaitu dira sarrera guztiak.

Ezker-eskuin, Mari Jose Telleria, Adriana Moscoso del Prado eta Denis Itxaso, atzo, Artistaren Estatutuaren aurkezpenean. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

«Konponbide duin bat» sortzaileei

Miren Mujika Telleria

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Espainiako Kultura Ministerioak kulturaren sektoreko lan baldintzak hobetzeko hartu dituzten neurrien berri eman dute Donostian. Langile asko joan da azalpenak aditzera.

 ©Iñigo Uriz / Foku

Irulegiko Eskuak leku berezia izango du 21. Arkeologia Jardunaldietan

Erredakzioa

Gaur hasi eta ostiralera bitarte egingo dituzte topaketak, Donostiako San Telmo museoan. Hitzaldietan hainbat gai jorratuko dituzte

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...