Gizonezko batek andre bat hil du Bilbon, San Frantzisko auzoko taberna batean

Gizonak udaltzainei deitu zien hilketaren berri emateko; gero atxilotu zuten. Aurten indarkeria matxistak hildako bosgarren emakumea izan da atzokoa

Poliziak eta larrialdi zerbitzuak, Bilboko Hilargi tabernaren aurrean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Gotzon Hermosilla - Isabel Jaurena
2022ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Indarkeria matxistak Euskal Herriko kaleak astindu ditu berriz ere. 44 urteko gizonezko batek 45 urteko emakume bat hil du Bilboko San Frantzisko auzoko taberna batean. 09:00etan, gizonezko batek Bilboko udaltzainei deitu zien telefonoz, hilketaren berri emanez eta erruduna bera zela aitortuz. Poliziak San Frantzisko auzoko Hilargi tabernara joan zirenean, emakumearen gorpua aurkitu zuten tabernako sukaldean, aiztoz eragindako zauriak zituela. Gizona ere han zegoen; atxilotu egin zuten, eta Ertzaintzak Miribilla auzoan duen polizia etxera eraman zuten.

Zenbait albiste agentziak emandako informazioaren arabera, gizona hildakoaren senarra da, baina Ertzaintzak ohartarazi du oraindik ez dakitela zein den biktimaren eta ustezko hiltzailearen arteko harremana. Bilboko Udalak indarkeria matxistaren kontrako protokoloa aktibatu zuen hilketaren berri jakin bezain pronto.

Larrialdi zerbitzuek atzo goizean topatu zuten gorpua, baina, ikerketaren arabera, litekeena da hilketa herenegun gauean gertatu izana. Antza denez, gizonak astearte gauez eraso egin zion emakumeari tabernako sukaldean, eta labankadak eman zizkion sabelean, aurpegian eta lepoan. Gero, etxera joan zen, eta, atzo goizean tabernara itzuli zenean, handik deitu zien udaltzainei.

Larrialdi zerbitzuek egiaztatu zuten emakumea hilda zegoela eta ezin zela haren alde ezer egin. Txosten judiziala egin ostean, eguerdian gorpua Auzitegi Medikuntzaren Erakundearen egoitzara eraman zuten, auzitegi medikuek azter zezaten.

Albiste agentzien arabera, emakumeak Rebeca Huayta Huacan zuen izena, eta Bolivian zuen jatorria. Gizonezkoak, berriz, aurrekariak zituen indarkeria matxistagatik, eta, beste emakume batek jarritako salaketaren ondorioz, harengana hurbiltzeko debekua ezarria zioten, betiere informazio horien arabera. Ertzaintzak ez dizkio xehetasun horiek baieztatu BERRIAri.

Bigarrena azken asteetan

Hauxe da 2022an indarkeria matxistak Euskal Herrian utzitako bosgarren biktima, eta bigarrena oso egun gutxian. Izan ere, abenduaren 19an Cortesko emakume bat (Nafarroa) kolpeka hil zuen senarrak, Zaragozan (Espainia).

Joan den urtarrilean, emakume bat hil zuten Tuteran (Nafarroan). Poliziak senarrari egotzi zion hilketa. Apirilean, Barakaldon (Bizkaia) izandako beste kasu baten berri eman zuten: 90 urteko emakume bat, Gurutzetako ospitalean hil ondoren indarkeria zantzuak aurkitu zizkiotena. Semea atxilotu egin zuten.

Irailean, berriz, jakinarazi zen Soraluzeko emakume bat (Gipuzkoan) hilik aurkitu zutela Benidormen (Herrialde Katalanak), ustez senarrak hilda. 2003tik, 117 emakume eta 11 ume hil ditu bortxa matxistak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.