Zabalzarena xeheki ikertzeko exijitu du Nafarroako Parlamentuak

Parlamentariek aho batez eskatu dute Mikel Zabalza torturatuta hil zutela dioten audioak «sakonki ikertzeko», adierazpen batean

maddi ane txoperena iribarren
2021eko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Nafarroako Parlamentuak Mikel Zabalzaren kasua argitzeko eskatu zuen atzo, aho batez onarturiko adierazpen instituzional batean. Joan den astean zabalduriko Alberto Perote CESIDeko koronel eta zerbitzu sekretuetako buruaren eta Pedro Gomez Nieto Guardia Zibileko kapitainaren arteko elkarrizketetako audioak «sakonki ikertzea» galdegin du, hain zuzen. Elkarrizketa horretan, Gomez Nietok Peroteri erran zion bere ustez Zabalza galdekatu zutenei «eskua joan» zitzaiela: «Itaunketan gelditu zaie».

EH Bilduk, Ahal Duguk eta Ezkerrak proposaturiko testuan zehazten denez, «Mikel Zabalza gaztearen heriotzaren inguruko egia jakiteko» beharrezkoa da audio horietako edukia ikertzea. Navarra Sumak ere babestu du adierazpena: alderdi horretako parlamentari Carlos Perez Nievasek zehaztu du «botere judizialak» ebatzi beharko duela «gai horrekiko egoki ikusten duena». Ainhoa Unzu PSNko parlamentariak, berriz, adierazi du eskaera babestu dutela uste dutelako «ahalbidetu» egin behar direla «ikerketa eta gertaturikoaren argipena». Maria Solana Geroa Baiko parlamentariak azpimarratu du aho batez egin duela Parlamentuak adierazpenaren alde, eta horixe nabarmendu du EH Bilduko Bakartxo Ruizek ere. Ruizek, halaber, Espainiako Gobernuari eskatu dio gertaturikoaren «ardura» har dezala.

Sortuk, bestalde, adierazi du azken egunotan torturak «tabu izateari utzi» diola, eta kasu guzien argipenean «sakontzeko» deia egin du. Larunbatean Iruñean protesta egitera deitu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.