Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna

Arreta azkarra eta integrala eskatu diote Jaurlaritzari

Indarkeria matxistaren aurkako proposamena onartu du Eusko Legebiltzarrak, ia aho batez. Elkarretaratzeak egin dituzte erakundeek

Edurne Begiristain.
2021eko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Mugimendu feministak Euskal Herriko herri eta hiriburuetako kaleak hartu zituen atzo iluntzean; goizean, berriz, ekitaldi instituzionalak egin zituzten erakunde publikoek, urtero bezala, A-25aren karira. Besteak beste, Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan egin zituzten ekitaldi bana. Eusko Jaurlaritzak elkarretaratze isila antolatu zuen Gasteizen, legebiltzarraren parean. Talde politiko guztiek egin zuten bat deialdiarekin, eta Iñigo Urkullu lehendakaria eta legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejeria izan ziren buru topaketan.

Nafarroako Gobernuak ere agerraldi instituzionala egin zuen Indarkeria Matxistaren Nazioarteko Egunaren harira. Alderdi politikoetako ordezkariak Iruñeko Sarasate pasealekuan elkartu ziren, parlamentuaren aurrean, Emakumeen aurkako indarkeria gehiagorik ez lelopean. Han izan ziren, besteak beste, Maria Txibite lehendakaria eta Unai Hualde parlamentuko presidentea.

Vox ez beste guztiak

Bestalde, EH Bilduk aurkeztutako mozio bat aintzat hartuta, Eusko Legebiltzarrak indarkeria matxistaren aurkako proposamen bat ia aho batez onartu zuen atzo. Vox ez gainerako taldeek babestu zuten testua. EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk adostutako erdibideko zuzenketa izan zen onartutako testua, Elkarrekin Podemos-IUren eta PPren aldeko botoak jasota. Agirian, Eusko Legebiltzarrak hiru eskaera egin dizkio Eusko Jaurlaritzari. Batetik, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeentzat dauden baliabideen «ebaluazio kualitatiboa» egiteko eskatu dio. Ebaluazio horretarako, besteak beste, zerbitzu horien erabiltzaileak eta bertan lan egiten duten profesionalen iritzia jasoko da. Bestalde, Jaurlaritzari galdegin diote egokitu ditzala ebaluazio horren ondorioak indarkeria matxistaren biktimei laguntzeko programetara, eta protokoloak «berrikus» eta hobetu ditzala «arreta azkarra, eraginkorra eta integrala» emateko. Hirugarren eskaera bat ere egin diote Jaurlaritzari: egin dezala bere esku dagoen guztia, indarkeria matxistaren aurkako akordio parlamentarioak bete daitezen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.