Ingurumena. Luizia Zaldibarren

Aste honetan aztertuko dituzte babesik gabe aritu diren suhiltzaileak

Erne Ertzaintzako sindikatuak Segurtasun Sailaren «kudeaketa negargarria» salatu du

Ertzainak eta suhiltzaileak lanean, luizia gertatu zen egunean. SOS DEIAK.
Imanol Magro Eizmendi.
Eibar
2020ko otsailaren 12a
00:00
Entzun

Zaldibarko luizira iritsi ziren lehen langileak inolako babes berezirik gabe aritu ziren bertan. Jaurlaritzak 2015az geroztik zekien bertan amiantoa ere pilatzen zela; hala ere, inork ez zituen ohartarazi bertaratu ziren ertzain, suhiltzaile eta osasun zerbitzuetako langileak, eta ohiko babes neurriekin jardun zuten. Inon ez zegoen zehaztuta Verter Recyclingen larrialdiren bat egonez gero neurri bereziak hartu behar zirenik, eta Osalanek ez zuen arriskuaren berri eman ostiral goizaldera arte. Babesgabetasun horrek haserrea eragin du sindikatuen artean, eta Jaurlaritzaren jarduna gogor kritikatu zuten atzo.

Ertzaintzan ordezkari gehien duen sindikatua da Erne, eta atzo bilera bat egin zuten Zaldibarko operatiboa aztertzeko. Ondorioztatu zuten agenteen osasuna «arrisku larrian» jarri zela, eta, sindikatuaren iritziz, Segurtasun Sailaren kudeaketa «negargarrria» izan zen: «Barregarri utzi du larrialdiei aurre egiteko Euskadiko sistema». Ernek bere kritika Estefania Beltran de Heredia sailburuaren agintaldi osora zabaldu zuen, eta uste du karguan «aldaketa» bat beharrezkoa dela.

Suhiltzaileengandik ere ahots kiritikoak dira nagusi. LAB sindikatuak salatu zuenez, Gipuzkoatik eramaniko lau kamioiak, bina Oñatitik eta Eibartik, desinfektatu gabe jarraitzen dute ezbeharra gertatu eta sei egunera. Bertaratu ziren suhiltzaileak Bizkaikoak ziren, baina kamioi horiek laguntzera joan ziren, eta kutsaduraren azpian egon ziren. Bizkaitik joandako kamioiei dagokienez, dagoeneko desinfektatu dituzte, eta zaintzapean daude orain. Hori bai, suhiltzaileek zehaztu dutenez, kamioiak ohiko enpresak garbitu ditu, eta enpresa hori ez dago ohituta amiantoz kutsaturiko ibilgailuak garbitzen.

Bestalde, suhiltzaileak atzo goizean bildu ziren Bizkaiko Aldundiko ordezkariekin. Jakina zen mediku azterketa egin behar zietela luizian aritu zirenei, eta aste honetan bertan egingo dizkiete. Hasieran, Iurreta eta Basauriko baseetatik abiatu ziren. Atzo, aldiz, Bizkaiko base guztietatik joan ziren luizi ingurura, bizpahiru base bakoitzetik, baina ezin izan zuten sua itzaltzeko lanik egin. Zabortegiaren inguruan suhiltzaile ibilgailuen joan-etorri ugari egon ziren goizean, baina materiala eramaten jardun zuten bakarrik. Lurra ez da egonkorra, eta, euriarekin, arriskutsu zegoen. Bitartean, suteak bizi jarraitu zuen, eta ke lainoak Eibar eta Elgeta alderantz jo zuen. Arratsaldean, Ego ibaia ere zuriz zikinduta jaitsi zen Eibarrera une batzuetan, baina ikusteko dago kutsadura horrek luiziarekin harremanik duen ala ez.

«Gizatasunik eza»

Sindikatuen kritika larrialdietan diharduten langileen egoeraz harago zabaldu zen, eta Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak «gizatasunik eza» leporatu zion Jaurlaritzari hildako langileen eta haien familiekin izandako tratuarengatik. Lakuntzaren ustez, jokatzeko modu horrek «eredu baten porrota» erakusten du, Jaurlaritzak «lan baldintzen, protokoloen, ingurumen gaien eta hondakinen azterketan garatu duen» ereduarena, hain zuzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.