Nafarroako gobernu akordioa. Lurraldetasuna eta ingurumena

Taldeen kezka eragin du zehaztugabetasunak

AHTaren aurkako elkarteek premiazko bilera eskatu diete Nafarroako Gobernua osatzeko akordio programatikoa sinatu duten alderdi eta koalizioei; Sustraik salatu du proiektua ez dela zalantzan jartzen.

AHTaren aurkako protesta, Cadreita ondoan. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Iruñea
2015eko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Sei orri eta erdi hartzen ditu azpiegiturei eta ingurumenari buruz Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak sinatutako akordioak. Sei orri eta erdi,betzeak bertze, abiadura handiko trenari, Ezkio-Itsaso eta Deikaztelu arteko goi tentsioko lineari, haustura hidraulikoari, Esako urtegia handitzeko lanei eta hondakinen kudeaketari buruzko asmoak jasotzeko. Zehaztugabetasuna da nagusi zenbait gaitan, hainbat eragileren hitzetan. Eperik eta lan ildo zehatzik gabeko akordioa.

Abiadura handiko trenari buruz jasotakoek eragin dute kezka gehien. Azpiegituren eta ingurumenaren arloek bat egiten dute proiektu horretan; AHTak eskatzen duen inbertsio handia eta haren bideragarritasuna zalantzan jartzen duten txostenak bazter utzi gabe, ingurumenari eragiten dion kalteak ere mugitu ditu herritarrak egitasmo horren kontra. Akordio programatikoaren sinatzaileei premiazko bilera eskatu diete jada abiadura handiko trenaren aurka ari diren hainbat taldek: AHT Gelditu Elkarlanak, Erdialdea Trenaren Alde elkarteak, Mugitu Mugimenduak, Erriberako Tren Sozialaren Aldeko eta AHTaren Aurkako Taldeak, eta Sustrai Erakuntza Fundazioak.

Azken horrek argi eta garbi erran du: «Akordioak jasotzen duena da Geroa Baik goi mailako trenaren alde egindako apustua». Akordio programatikoak dio, bertzeak bertze, sinatzaileek lan eginen dutela Nafarroa ardatz atlantiko mediterraneotik kanpo gera ez dadin. «Hori da tranparik handiena akordioak proposatutako gauza guztien artean, hain zuzen ere. Horrek erran nahi du UPNk, PPk, PSOEk eta EAJk nahi duten gauza bera babesten dutela sinatzaileek ere: abiadura handiko trenarentzat bertze bide bat egitea», salatu du fundazioak.

Campanas eta Castejon arteko zatiaz akordioak jasotakoa ezin dela onartu nabarmendu du Sustrai Erakuntza Fundazioak. Loturarik gabeko zatia da hori, gaur egun, bi herrion artean. «Akordioan, ordea, ez da Nafarroako proiektua zalantzan jartzen; lanak egiteko dirurik ez dagoelako atzeratzeko aukera jasotzen da, baina ez dute egitasmoa bertan behera uzten».

Nafarroako ubidea

Bertze hainbat gai jaso dituzte Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak sinatutako akordioan. Nafarroako ubideaz, sinatzaileek diote gobernuak «alternatibak» aztertuko dituela onartutako finantza gainkostua murrizteko; hitzarmenak aipatzen du, halaber, etorkizunera begira egitasmo estrategikorik ez dutela martxan jarriko, proiektuaren ildo ekonomiko eta soziala, eta ingurumenari dagokiona kontuan hartu gabe.

Esako urtegia handitzeko proiektuari buruz, zehatzago mintzatu dira sinatzaileak hitzarmenaren testuan. Obrak bertan behera uztea eta alternatibei buruzko eztabaida abiatzea defendatu dute, hain zuzen ere. Bardeako tiro eremua ixteko eskatuko diote, halaber, Espainiako Gobernuari.

Akordioa zehatza da haustura hidraulikoari buruz, ingurumenaren arloan. Haren kontra egin dute sinatzaileek. Ez, ordea, Ezkio-Itsaso (Gipuzkoa) eta Deikaztelu (Nafarroa) arteko goi tentsioko linea egiteko proiektuaren aurka. Beharrezkoa ote den aztertzeko aukera jasotzen da, eta herritarren iritzia kontuan hartuko dutela zehazten dute. Akordioaren berri zabaldu zenean, jarrera horrekin «harrituta» agertu ziren goi tentsioko linearen aurkako plataformako kideak. Herritarrek aspalditik erakutsi dutela kontrako jarrera nabarmendu zuen plataformako aholkulari Alberto Friasek. Egitasmo horri ezetz errateko denbora gehiago ez dela behar erantsi zuen.

Hondakinen kudeaketa da akordioan jaso eta aztertutako bertze gai bat. Hartutako bidearekin «kontent» agertu da Greenpeace erakundeko Ana Malon. «Errauste planta baztertu dute», nabarmendu du. Nafarroako hondakinak kudeatzeko plan berria egiteko prozesua martxan dela gogoratu du. Apustuak konposta egiteko sistemen eta atez atekoaren aldekoa behar duela izan gaineratu du Malonek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.