Miren Basaras Ibarzabal.
Koronabirusa. ZIENTZIAREN TALAIATIK

Eskuak desinfektatzeko gelen gorabeherak

2020ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
COVID-19 gaixotasunaren eraginez, eskuko gel desinfektatzaileen salmenta eta batzuetan prezioa ere nabarmen igo da. Azken egunetan, eskuko gel horien eskasia dela eta, sarean hainbat errezeta ikusi dira horiek prestatzeko.

Eskuak mikroorganismoak transmititzeko mekanismo oso erraza dira. Horregatik, beren higienea eta desinfekzioa funtsezkoak dira. Osasunaren Mundu Erakundeak zehaztuak ditu Eskuen higienerako bost mementoak, ospitale barruan edo kanpoan egon bete behar ditugunak: gaixoa ukitu baino lehen, ekintza garbi edo aseptiko bat egin baino lehen, gorputz-jariakinak ukitzeko arriskua dagoenean, gaixoa ukitu ondoren eta gaixoaren inguruarekin kontaktua izan eta gero.

Gel desinfektatzaile hauek oso eraginkorrak dira mikroorganismo ezberdinak suntsitzeko (bakterio, onddo edo birusak). Birusei dagokienez, bereziki estalki edo geruza bat dutenak ondo suntsitzen dira produktu horiek erabiliz. Koronabirus berria, SARS-CoV-2 izenekoa, horrelako birusa da, geruza bat du eta arnasa-tantei esker ondo hedatzen da. Edozein gainazal kutsatu eskuekin ukitzerakoan eta ondoren ahoa, sudurra edo begiak eskuekin ukitzerakoan ere sar daiteke. Eta, egia esan, aurpegia sarritan ukitzen dugu. Kwok-ek eta laguntzaileak Australian egindako ikerketa batean ondorioztatu zuten orduero 23 aldiz ukitzen dugula aurpegia, horrek dakarren arriskuarekin.

Koronabirus motako birusak suntsitzeko errazak diren modu ezberdinak daude. Eskuen higienea da horietako bat. Ur eta xaboiaren konbinazioak 40 segundoko garbiketa zehatza eginez, gure eskuetan dauden mikroorganismoak kanporatu ahal ditu.

Urik eta xaboirik ez dugunean, gel desinfektatzaileak erabiltzea aukera bat da. Eskuetako gel desinfektatzaile mota ezberdinak daude, eta bakarrik alkohola dutenak dira gai koronabirusa suntsitzeko. Gel hidroalkoholiko horien alkohol proportzioa %60-%95 bitartekoa izan behar da. Alkohol kantitate gutxiago izanik, ez da eraginkorra birus gehienen kontra. Alkoholaren funtzioa da birusak dituen proteinak desnaturalizatzea, horrela birusaren erreplikazioa eten eginez eta bere biziraupena inhibituz.

Eztula edo doministikuak egitean, eskuen gainean, birusekin batera arnas mukosaren arrastoak gera daitezke, eta, nahiz eta gel desinfektatzaileak erabili garbitzeko, posible da arrasto horiek inhibitzea bere ekintza. Kasu horietan hoberena da, ahal izanez gero, eskuak urarekin eta xaboiarekin garbitzea.

Beraz, COVID-19 gutxitzeko mekanismo bat alkohol proportzio egokia duten eskuko gel desinfektatzaileak izan daitezke, betiere esku guztiaren gainazala ondo igurtziz.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.