Ugo Mayor.
Koronabirusa. ZIENTZIA PENTSALDIAN

Suteari aurre eginez

2020ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Etorriko diren kalte sozioekonomikoengatik, guda batekin konparatzen dute batzuek gaur egungo egoera. Ospitalek jasan zuten —eta berriro ere datorkien— egoeragatik olatu edota tsunami batekin ere alderatu izan dugu.Baina, pandemia-krisi honi aurre egiteko nola erantzun behar zaion hoberen irudikatzeko, sutearen metafora hartuko nuke nik.

Aurretik immunitaterik ez dugulako, gizaki oro gara erregai sute honen zabalkuntzan. Suebaki mota ezberdinak direlako eraginkor: etxean bakartzea, distantzia, musukoa... Baita zenbait bigilantzia estrategia ere: PCR masiboak, kontaktuen jarraipen estua... Sugeldorik han edo hemen bizirik dagoen bitartean, beste berpizte bat etor daitekeelako, behin eta berriz. Eta suhiltzaileen kopurua sutearen neurrira dimentsionatu ez denean, kontrolpetik ihes egin duelako berriro ere egoerak. Gu geu kaltetu zuzen izan ez arren, suak lurralde osoa hartzen badu, pilatuko den keak arnas barik utziko gaituelako; hau da, osasun sistemaren saturazioak beste edozein arazo txiki hilkor bihur dezakeelako ere bai.

Oraindik errekurtso nahiko edota esfortzu berritzailerik martxan jarri nahi ez dituzten horiek sute honek duen potentzial txikitzailea ulertu ezinean dabiltzala esango nuke nik.Ulertu ezinean, edota erronka berri honi nola erantzun jakiteko erabat ezgai. Pasa den astean Hego Euskal Herrian batez beste ia 20 pertsona COVIDarekin egunero hil direnean, beste azalpenik ez dut topatzen. Eta inolako autokritikarik egin beharrean, arduradun instituzionalek sute honen zabalkuntzaren ardura osoa norbanakooi leporatzen digutenean, ezin sinetsita geratzen naiz. Denok ardura bat dugulako, bai. Baina bakoitzak bere ardura edota posizioaren araberakoa.

Guzti hau nahikoa ez balitz, piromano gutxi batzuk sugarrak hauspotzen dabiltza. Akaso interes ilun eta zehatz batzuen onurararako edo, besterik gabe, sugar bizi horien distirarekin liluratuta, haien bizilagun edo senitartekoei egingo dieten kalteaz oraindik ohartu gabe. Oraindik; haizearen norabide aldaketarekin gertukoak kaltea jasotzen dutenean, orduan begi tristeekin begiratuko diotelako suari.

Atzerrira begiratuz jarraitu beharko dugu, ordea, hango suhiltzaileen irakaspenak hemengoek martxan noiz jarriko zain. Berandu bada ere, orain arte bezala. Hemen bertatik sortutako edo plazaratutako proposamen eta ideiak gutxiesten direla ikasia dugu, hilabeteak pasa ahala martxan jartzen direla ikusten ari bagara ere. Bitartean, auzolanean bada ere, suhiltzaile brigada edo lantalde boluntario ezberdinen bitartez egokitu zaigunari aurre egiteko aukera ezin galdu.Euskal gizarteak jakin badaki nola antolatu, instituzioen barnean edo kanpo, eta horrela eginez jarraituko dugu. Elkar zainduz, eta elkar eraikiz. Sutea guztiz amatatzea lortzen dugun egunean elkarlanean babestutako basoaz goza dezagun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.