Jaurlaritzak ratioak jaitsi ditu euskaltegietan, matrikulazioa jaitsi delako

Euskaltegia dagoen herriaren neurriaren araberakoak izango dira gutxieneko ikasle kopuruak. 2025era arte iraungo du aldaketak

Ikasleak euskaltegi batean, artxiboko irudi batean. BERRIA.
Julen Aperribai.
2022ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
HABEk aldatu egin du euskaltegientzako eta helduen euskalduntzerako homologatutako beste zentroentzako diru laguntzen deialdia, ikasle kopuruan izan duten galeraren ondorioz. Talde bakoitzeko gutxieneko ikasle kopurua zentroa kokatuta dagoen herriaren biztanle kopuruaren arabera kalkulatuko da aurrerantzean: 5.000 biztanle edo gutxiagoko herrietan, bost lagunekoa izango da gutxieneko ratioa; 5.000 eta 10.000 artekoetan, seikoa; 10.000 eta 25.000 artekoetan, zazpikoa; eta 25.000 baino gehiagokoetan, zortzikoa. Hasita dagoen ikasturtean aplikatuko da aldaketa, eta indarrean izango da 2025era arte.

Euskaltegiek baieztatu dute matrikulazioan beherakada «nabarmena» izan dela, HABEk jakinarazi duenez. Araban %20 jaitsi da, eta Bizkaian %15. Gipuzkoan, berriz, puntu bat igo da, iazko ikasturtearekin alderatuta. Hiriburuak kontuan hartuta, ordea, guztietan jaitsi da: Gasteizen, %25; Bilbon, %24, eta Donostian, %3.

Ratioa «bizpahiru aldiz» aldatu zen pandemian, Jokin Azkue HABEko zuzendariak aldaketaren ebazpenean gogorarazi duenez, eta argudiatu du orain ere «bidezkoa» dela: «Euskalgintza sektorean ikasleen eskariak gutxitzearen fenomenoa egiturazkoa edo epe luzekoa izan daitekeen oraindik jakin ezin badaiteke ere, fenomeno soziologiko larri honetan, irizpide berdinarekin jokatzea ulergarria izan daiteke».

Aldaketak kitapenean

Diru laguntzen kitapena egiteko era ere aldatuko du HABEk. Abuztuaren 31n onartu zituen diru laguntzak egiteko oinarriak, eta hori ordezkatu du testu berri batek. «Galeren batezbestekoa» izeneko metodologia finkatuko du 2022-2025eko epealdirako, euskaltegiek ikasturtero egin beharreko jardueretara iritsi ez izana orekatzeko asmoz: «%10etik beherako jarduera unitateen galerak edo beherakadak (esleitutakoarekin alderatuta) abiapuntu hartuta, galera horien batezbesteko bat egingo da». Euskaltegi batek dagozkionak baino jarduera unitate gutxiago egin baditu, betiere %10erainoko proportzioaren barruan, jarduera unitate denak egiteagatik legokiokeen kopurua jasoko du. Galerek %10 gainditzen badute ere, jarduera unitateak osotasunean egiteagatik jasoko lukeen laguntza berbera jasoko du, eginiko jarduerak %10 horren eta «galeren batezbestekoaren» artean badaude. Ikasturtearen amaieran egingo dute kitapena, eta 2024-2025eko ikasturtean epealdi osoari dagokion kitapena egingo dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.