Albistea entzun

Urte politikoaren hasiera. Nafarroako gobernua.

«Beharrezko esperantzaz»

Nafarroako Gobernuko presidente Maria Txibitek azaldu du Nafarroa «suspertze eta berraktibatze ekonomiko eta sozialean» dela
Maria Txibite, atzoko agerraldian.
Maria Txibite, atzoko agerraldian. IDOIA ZABALETA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Uxue Rey Gorraiz -

2021eko irailak 1

Nafarroako Gobernuak gogoz zabaldu dizkio ateak urte politiko berriari, irekierak argia sarrarazi eta joan diren hilabeteetako iluna atzean utziko duen itxaropenez. Maria Txibite presidenteak prentsaurrekoa egin zuen atzo, eta hitzez aletu zituen gobernuak parean dituen hainbat asmo eta erronka. Aitortu zuen joandakoa «urte oso gogorra» izan dela, batik bat izurriagatik, baina irmoki esan zuen Nafarroa «suspertze eta berraktibatze sozial eta ekonomikoan» dela. Horregatik, haren hitzetan, «beharrezko esperantzaz begiratu behar da aitzina».

Izurriak korapilatu dituen sektoreen egoera hobetzea da gobernuaren erronketako bat, Txibiteren arabera. Besteak beste, eta batez ere osasun sistemari so, gobernuak urratsak egin nahi ditu lehen arretako zentroetan aurrez aurreko arta berreskuratzeko, itxaron zerrendak murrizteko eta «aurretik ere baziren hutsuneak betetzeko»: profesionalen eskasiari kontra egiteko, adibidez. Halaber, osasun mentalari erreparatu beharra nabarmendu zuen Txibitek: «Izurritea erretiratutakoan agerian geldituko da pandemiak buru osasunean eragindako ajea».

Osasun arlorako bakarrik ez, esparru ekonomikorako eta sozialerako asmoak ere zehaztu zituzten atzo. Esaterako, presidenteak azaldu zuen urtea bukatzerako eginak izanen direla Nafarroako trafiko eskuduntzen transferentziak, eta, era berean, urtarrila baino lehenagorako espero dute Nafarroako ubidea handitzeko lanen bigarren faseko proiektua osatzen bukatzea. Datozen hilabeteetan jarriko dute martxan herrialdeko errepideen kudeaketaz arduratuko den Nafarbide enpresa publikoa, eta, horrez gainera, Txibitek jakinarazi zuen orain arte Nafarroan inoiz egin den Lan Eskaintza Publikorako deialdirik handiena eginen dutela, batik bat behin-behinekotasunari aurre egiteko. «Esku artean ditugun datuekin, egonkortasuna bultzatzea premiazkoa da».

Gainera, Nafarroako Gobernua dagoeneko hasia da 2022ko aurrekonturako akordioa lortzeko proposamen bat ontzen; lehentasunetako bat dute hori ere. Horiei buruz, gobernuak adierazi zuen ez dutela zergak igotzeko asmorik: «Ez da garaia». Gastu muga zehazteko lanean ari dira orain; irailean onartuko dute, eta orduan hasiko dira gainerako talde politikoekin hitz egiten.

Txibitek argitu zuen «talde guztiekin» izanen direla harremanetan: «Diskurtso batzuek liskarra eta gorrotoa pizteko balio dute, eta gu ez gara politikaren pozoitze horretan eroriko», adierazi zuen presidenteak. Ordea, negoziazio horiei dagokienez, UPNko presidente eta bozeramaile Javier Esparzak dagoeneko erantzun die Txibiteren adierazpenei, kritiko: «Inork ez du sinesten gobernuak oposizioko talde guztiekin hitz egiteko asmoa duenik. Eskutik heldua du EH Bildu, eta EH Bilduren eskutan dira».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Foro Sozial Iraunkorreko koordinatzaile Agus Hernan, atzo, Zaballako espetxean. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Foro Sozialak azken bilera egin du EPPK-ko ordezkariekin

Gotzon Hermosilla

Honenbestez, bi aldeek bukatutzat eman dute 2017an irekitako elkarrizketa iraunkorreko etapa. Foro Sozialak esan duenez, EPPK-k ontzat jo du urte hauetako harremana

Gure Esku-ko Josu Etxaburu, atzo, Eusko Legebiltzarrean. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Gure Esku-k ekintzetara igarotzeko eskatu dio Eusko Legebiltzarrari

Iosu Alberdi

Elkarteak talde parlamentarioei exijitu die eztabaida «garden eta ireki» bat hasteko, erabakitzeko eskubidea arautzea helburutzat hartuta
Armak erabilerarik gabe uzteko saioan parte hartu zutenak, Luhusoko Errekarte baserrian, 2018ko abenduan. ©/ Bob Edme

Luhusoko auziko instrukzio aldia amaitutzat jo dute

Jon O. Urain

Fiskalak hilabeteko epea du orain auziari buruzko eskaera aurkezteko.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...