Koronabirusa

Egun bakarrean 612 kasu positibo atzeman dira Hego Euskal Herrian

Urriaren 6tik aitzina izandako kasu kopururik apalena zenbatu dute Hegoaldean. 182 lagun daude ZIUetan ospitaleratuta COVID-19agatik

PCR probak Gurutzetako ospitalean, artxiboko irudi batean. L. JAUREGIALTZO / FOKU.
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2020ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Beheranzko joerari eutsiko dio egun bakarrean zenbatutako kasu kopuruak. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak atzo emandako datuen arabera, 612 positibo izan ziren igandean Hegoaldean egindako testetan, aurreko egunean baino 90 gutxiago, alegia. Bosgarren egunez jarraian egin zuen apaltzera positibo kopuruak. Hala ere, aintzat hartzekoa da proba kopuruan izandako beherakada; izan ere, PCR probak eta antigeno testak aintzat harturik, herenegun 8.511 test egin ziren Hego Euskal Herrian. Bezperan, aldiz, ia 11.000.

Lurraldez lurralde, Bizkaian atzeman zuten positibo gehien: 243, bezperan baino 36 gutxiago. Gipuzkoan, berriz, 202 izan ziren positiboak, aurreko egunean baino 89 gutxiago. Araban 50 detektatu zituzten, eta, beraz, pixka bat hazi zen kopurua: larunbatean 45 izan ziren. Halaber, EAEtik kanpo bizi diren beste lau herritarri ere atzeman zieten birusa. Hala, Osakidetzak egindako testen %6,8k eman zuten positibo igandean.

Bestalde, Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak jakinarazi duenez, Osasunbideak 113 kasu positibo atzeman zituen herenegun egindako probetan. Zehazki, COVID-19a atzemateko 1.221 test egin ziren igandean Nafarroan, eta horien guztien %9,2k eman zuten positibo. Hortaz, detektatutako kasu kopuruak ez ezik, positiboen ehunekoak ere nabarmen egin zuen gora aurreko eguneko datuen aldean. Izan ere, larunbatean 1.364 test egin ziren Nafarroan, eta 84 kasu zenbatu zituen Osasunbideak; hartan, testen %6,15ek eman zuten positibo. Dena dela, azken astean, egun bakarrean atzemandako kasu kopuruak ez du inoiz gainditu berrehun positiboen langa.

Birusarekin hildakoen datuei dagokienez, Nafarroako Gobernuak beste bost heriotzaren berri eman zuen atzo. Gobernuak esan duenez, 78 eta 91 urte bitarteko hiru gizonezko eta bi emakumezko zendu ziren herenegun COVID-19arekin eri zirelarik.

802 pertsona ospitaleetan

Osakidetzak eta Osasunbideak emandako datuen arabera, oraintxe bertan 802 lagun daude Hegoaldeko ospitaleetan gaitzarengatik: zehazki, 620 gela arruntetan daude, eta 182, aldiz, ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.