Indarkeria matxista

Emakume bat hil dute Soraluzen, eta semea atxilotu du Ertzaintzak

74 urteko andre bat da hildakoa; kolpe bat zuen aurpegian. Feministek, hilketa izan dela salatu, eta mobilizazioak antolatu dituzte. Gipuzkoako Aldundiak gertaera gaitzetsi du

Emakume bat hil dute Soraluzen, eta semea atxilotu du Ertzaintzak.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2020ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Emakume bat hilik aurkitu zuten atzo goizean Soraluzeko etxe batean (Gipuzkoa). Ertzaintzak haren semea atxilotu zuen handik ordu gutxira, ama hil izana leporatuta. Gizonak 33 urte ditu, eta Elorrioko (Bizkaia) udaltzain bat da, Efe agentziaren arabera. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi zuenez, andreak 74 urte zituen, eta aurpegian kolpe bat zuen hilda aurkitu zutenean.

Ertzaintzaren arabera, 03:00ak baino lehen hil zen emakumea. Ordu horretan, ertzainek dei bat jaso zuten, eta Soraluzera joan ziren. Iritsi zirenean, gizon bat aurkitu zuten kalean, eta hark esan zien bere etxean norbait hilda zegoela eta atea irekita utzi zuela. Ertzainak haren etxera joan ziren, eta emakumea hilotz aurkitu zuten. Horren ostean atxilotu zuten semea.

Oneka euskal emakume pentsiodunen plataformak hilketa matxista izan dela salatu zuen: «Berriro ere emakumeok gara heriotzaraino iristen den indarkeria matxistaren helburua; hori sistema patriarkalaren ondorioa da, zeinak emakumeok gizonen azpitik jartzen gaituen». Are, erantsi zuen emakumea eta nagusia izatea indarkeria matxista pairatzeko «goi mailako faktorea» dela, eta, sarritan, indarkeria mota hori ikusezina eta iraunkorra izaten dela; egoera ekonomiko «ahulagoa» izateak ere haien bizitza larritzen duela azaldu zuten. Gogoan izan zituzten konfinamenduaren ondorioz etxean egon behar duten eta indarkeria jasaten duten emakumeak: «Itxialdi honek emakume asko behartzen ditu beren erasotzailearekin batera egotera».

Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak ere mobilizatzeko deia egin zuen. Kazola jotzea egin zuten atzo iluntzean Soraluzen, nork bere balkoitik, Emakume eraila Soraluzen! Toli, gogoan zaitugu! lelopean. Gaur, berriz, Euskal Herriko herri guztietan ekinaldi berbera egiteko eskatu dute. Euskal Herriko mugimendu feministak ere, konfinamendua oinarri, gogoan izan zituen indarkeria matxista jasaten duten emakumeak: «Indarkeriaren biktimak bakartuta geratzen dira, eta erasotzaileengandik ihes egiteko aukerarik gabe».

Feministek ez ezik, Soraluzeko udal taldeek ere «irmoki» gaitzetsi zuten hilketa, adierazpen instituzional bat onartu ostean. Hildakoaren familiari ere dolua adierazi zion udalak, eta jakinarazi zuen «beharrezko bitartekoak» jarriko dituztela haien eskura. «Lanean jarraituko dugu emakume taldeekin batera indarkeria sexista errotik kentzeko», gehitu zuen, eta dei egin zuen mugimendu feministak antolatutako mobilizazioetan parte hartzera.

Gipuzkoako Foru Aldundiak ere «gaitzespen irmoa» azaldu zuen. Eider Mendoza bozeramailearen esanetan, halako hilketek berdintasunik eza islatzen dute, eta, gaineratu zuenez, «emakumeak kontrolpean eta mendean eduki nahi dituzten ideia matxisten testigantza latzenak» dira. Nabarmendu zuen indarkeria matxista herritar orori eragiten dion errealitate bat dela, eta, beraz, beharrezkoa dela herritar guztiek salatzea.

Guztira, 105 hildako

Indarkeria matxistak, guztira, 104 andre hil ditu 2003tik Euskal Herrian. Are gehiago, Soraluzeko azken gertakaria hilketa matxista izan dela baieztatuz gero, 105 lirateke hil dituzten emakumeak; beraz, aurtengo hirugarrena. Izan ere, gizon batek bikotekidea eta alaba hil zituen Abanton (Bizkaia) joan den astean. Miren Uranga zuen izena bikotekideak, eta 54 urte zituen. Paola Mendez zen alabaren izena, eta 24 urte zituen. Goizean hil zituen gizonezkoak, eta arratsaldean atxilotu zuten.

Euskal Herriko kasuan, bikotekidea izan ohi da gehienetan hiltzailea (%46,7), eta, gero, bikotekide ohi bat (%22,9) eta senide bat (%17,1), hurrenez hurren. Lurraldeei dagokienez, Bizkaian gertatzen dira kasurik gehienak; ondoren, Lapurdin (21) eta Nafarroan (18). Hil dituzten emakumeen adinari erreparatuz gero, gehienak (%26,7) 30 eta 39 urte arteko eta 16 eta 29 urte arteko (%21,9) emakumeak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.