Bilduren legeztatzea. Legez kanporatzeen aroa

AREATZAREN BI AURPEGIAK

Bi eserialdi, aski diferenteak. 2002ko abuztuan, Batasunaren egoitza babesteko eserialdia egin zuten herritarrek Bilboko Areatzan; legez kanpo jarduteko ziklo bat abiatzekoa zen. Bederatzi urte geroago, ia gune bereko beste eserialdi batek irudikatzen du Bilduren legeztatzea. Tartean, Alderdien Legea eta ondorio ugari.

Bilduren legeztatzea. Milaka lagun Areatzan, Auzitegi Konstituzionalak Bilduri buruzko epaia emateko zain. J. HERNAEZ / FOKU.
jon olano
2021eko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Gutxi gorabehera Areatzan hasitakoa Areatzan bertan bukatu zen. Bederatzi urtek banatzen dituzte leku bereko bi irudi: batean, Ertzaintza ageri da Batasunaren egoitzak zigilatzen eta buruzagi politikoak indarrez kanporatzen; bestean, beste buruzagi politiko batzuk eta ehunka herritar ageri dira, gauerdiz, Bildu hauteskunde koalizioaren legezkotasunari buruzko epaia itxaroten, eta, segidan, ospatzen. Asteazkenean bete zen hamarkada bat une horretatik. Bederatzi urtek banatzen dituzte 2002ko abuztuaren 27a eta 2011ko maiatzaren 5a, baina ez soilik denborak, baita testuinguruak ere: 2003ko udaberrian gauzatuko zen ilegalizazio ziklo baten abiapuntua irudikatzen du 2002koak, eta ziklo horren amaiera 2011koak. Tartean: kanporatutako zerrendak, zerrenda horiek «kutsatutako» milaka herritar, debekuen gainetik erakundeetan sartzea lortu zuten hautagaitzak, B edo C planak, gizartearen borondate politikoaren desitxuraketak eta ordezkaritza instituzionalera itzuli ahal izateko akordio berriak.

Su txikian kozinatutako platera izan zen ezker abertzalearen ilegalizazioa, aurreko saio batzuek porrot egin eta gero prestatutakoa. Izan ere, trantsizio garaitik bertatik zetorren Herri Batasuna legeriatik at uzteko mamua.

1980. urtean izan zen aurreneko saioa, baina Madrilgo Lehen Instantziako Auzitegiak ez zuen aintzat hartu HB legez kanporatzeko fiskalak aurkeztutako eskaria. 1983an, berriz, HBk Elkarteen Erregistroan sartzeko eskatu zuen, baina Espainiako Barne Ministerioak ezezkoa eman zuen behin baino gehiagotan, eskatuz HBk aurkeztutako notariotzako aktak berariaz jaso zezala Espainiako Konstituzioaren onarpena. Azkenean, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Administrazio Auzietarako Aretoan helegitea aurkeztu zuen HBk 1983ko abenduan, eta, hiru hilabete geroago, Auzitegi Nazionalak gobernuari agindu zion HB erregistratzeko, ebatzita gobernuak HBren helburuen «balorazio inplizitua» egiten zuela erregistratzea ukatuta.

Baina bigarren porrot batek eraman zituen estatuko botereak beren estrategia fintzera: HBko Mahai Nazionalaren aurkako auzibidean. 1996an, Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epaileak abiatu zuen ezker abertzaleko buruzagien aurkako instrukzioa, hauteskundeetarako iragarkien espazioa ETAri ematea, eta, horrela, talde armatu batekin kolaboratzea egotzita. Instrukzioa Auzitegi Gorenera igaro zen, inputatuetako batzuk forudunak zirelako, eta 1997ko otsailean atxilotu zituzten. Abenduaren 1ean heldu zen Auzitegi Gorenaren epaia; zazpina urteko zigorra ezarri zieten 23 mahaikideei.

Jauzi bat izan zen, eta Poliziari balio izan zion, aurrera begira, erreakzioak neurtzeko, Enrique Pamies Espainiako Poliziaren Euskal Autonomia Erkidegoko komisario buru ohiak aurtengo otsailean argitaratutako liburu batean aitortu duenez: «Operazio hura egin zenean, Xabier Arzalluzek, EAJren buruzagiak, esan zuen (atxiloketena) egia bazen, 'mendira jotzera behartuko gaituztela'. Kontua da ez zela ezer gertatu, lau manifestazioz harago. Gizartea ez zen mobilizatu, eta garrantzitsua izan zen hori frogatzea, terrorismoaren aurkako borrokaren ikuspegi berriarekin, argi zegoelako operazio sentsible gehiago egingo zirela».

Dena da ETA izenpean ezagutu izan den estrategiaren lehen harria izan zen Mahai Nazionalaren aurkako operazioa, formalki 1998ko uztailean Egin egunkariaren eta irratiaren itxierarekin abiatu zena, eta 18/98 auzian gorpuztu zena.

HBren Mahai Nazionalaren aurkako ekinbideak, ordea, muga juridiko batekin egin zuen topo; 1999ko uztailaren 20an, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak baliorik gabe utzi zuen Auzitegi Gorenak jarritako zigorrak, ebatzita zigortuei urratu egin zitzaiela Espainiako Konstituzioaren 25. artikuluak jasotzen duen legalitate penalerako printzipioa. Espetxeratuta zeuden kide guztiak askatu zituzten.

Bilduren legeztatzea. Milaka lagun Areatzan, Auzitegi Konstituzionalak Bilduri buruzko epaia emateko zain. JON HERNAEZ / FOKU

Alderdien Legea

Ezintasun juridiko horien gainean eraiki ziren ezker abertzalearen alderdi politikoaren ilegalizazioa legalki sostengatu behar zuen araudi berriaren zimenduak. Testuinguru politikoa ere aldatuz joan zen; 1995etik, ETAk jopuntuan zituen PPko eta PSE-EE-PSOEko ordezkariak, eta, besteak beste, 1996ko otsailaren 14an hil zuen Francisco Tomas y Valiente Auzitegi Konstituzionaleko presidente ohia. Lizarra-Garaziko akordioaren testuinguruan (1998-1999) ETAk emandako su-etena amaituta, ordezkari politikoen aurkako kanpaina abiatu zuen ETAk, eta 2000n 23 lagun hil zituen; tartean, Fernando Buesa, Juan Mari Jauregi, Ernest Lluch (PSE-PSOE), Jesus Maria Pedrosa, Jose Maria Martin Carpena, Manuel Indiano, Jose Luis Ruiz Casado eta Francisco Cano (PP). PPk gogortu egin zituen bere posizioak 2000ko hauteskundeetan gehiengo absolutua lortu eta gero, eta politika «antiterroristan» bat eginda aritu ziren hortik aurrera PP eta PSOE.

Horren ondorio da, lehenik, bi alderdiek sinatutako Itun Antiterrorista (2000ko abendukoa). 5. artikuluan dago gakoa: «Erakunde terroristen delituak bereziki larriak eta gaitzesgarriak dira, ordena demokratikoa irauli eta herritar guztien artean beldurra zabaldu nahi dutelako. Gure zigor sistemak erantzun juridiko egokia ematen du delitu horiek erreprimitzeko. Hala eta guztiz ere, delitu forma berriek edo modu objektiboan elkarlanean aritzea edo terrorismora bultzatzea ekarriko luketen jarrera eta portaerek lege erreformak eskatuko balituzte, konpromisoa hartzen dugu erreforma horiek elkarrekin adostutako esparruan bultzatzeko». Hortaz, itun horretan du jatorria 2002ko ekainean Espainiako Kongresuak onartutako Alderdi Politikoen Legeak. Arau hori izan zen ordutik aurrera hainbat alderdiren eta hauteskunde zerrendaren debekua ahalbidetu zuen tresna. Ekainaren 25ean jaso zuen behin betiko onespena, Espainiako Senatuak babestuta: 214 boto alde (PP, PSOE, PSC, CIU eta CC) eta 15 kontra (EAJ, EA, IU, ERC, BNG, CpC).

Bi artikuluk osatzen dute arauaren mamia: 9. artikuluaren arabera, alderdi bat legez kanpokotzat joko da «haren jarduerak printzipio demokratikoak urratzen dituenean»; besteak beste, «indarkeria sustatzen, ahalbidetzen edo legitimatzen badu helburu politikoak lortzeko metodo gisa», edota «bultzatzen, justifikatzen edo zuritzen» bada «pertsonen bizitza edo osotasunaren aurkako atentatuak edo pertsonak beraien ideologia, erlijio edo sinesmen, naziotasun, arraza, sexu edo orientazio sexualagatik baztertzea edo jazartzea».

Nola neurtzen da legean elementu horiek badauden alderdi bat legez kanporatzeko? Besteak beste, irizpide bat da «zuzendaritzan edo hautagai zerrendetan terrorismo delituengatik zigortu dituzten pertsonak sartzea edo publikoki terroristen bitartekoak eta helburuak publikoki baztertu ez dituztenak, edo afiliatuen kopuru zabal batek militantzia bikoitza izatea talde terrorista edo indarkeria erabiltzen duen bati lotutako erakunde edo organizazioetan».

10. artikuluan ageri da alderdi politiko bat agindu judizial baten bidez desegiteko prozedura: «Zigor kodean elkarte ez zilegien moduan tipifikatuta dauden kasuetan erortzen denean», «barne egitura baten edo funtzionamendu demokratikoaren betekizuna modu jarraian, behin eta berriro eta larri hausten dituenean», eta «behin eta berriro modu larrian bere jarduerak hastapen demokratikoak bortxatzen dituenean edo askatasun erregimena hondatu edo suntsitzea bilatzen duenean edo sistema demokratikoa ezindu edo ezabatu nahi duenean».

Jaurlaritzak helegitea jarri zuen, funtsean, argudiatuta ezker abertzalea ad hoc legez kanporatzeko arau bat zela. Ez zen sekretu bat ere: estatuaren abokatuak aitortu zuen «agerikoa» zela 9. artikulu hori idatzi zela «euskal alderdi politiko nabarmen baten ibilbidea kontuan hartuta». Baina testuak aurrera egin zuen.

Behin legea onartuta, udan eman ziren Batasuna legez kanporatzeko pausoak. Horretarako argudioak biltzen zituen txostena aurkeztu zuen gobernuak abuztuaren 21ean; adibiderako, Batasunak ez gaitzetsi izana ETAk Santa Polan eginiko atentatua, alderdiak Donostian abuztuaren 11n eginiko manifestazioan ETAren aldeko oihuak egin izana, Arnaldo Otegi alderdiko buruzagia «terrorismo delituengatik zigortutakoen eta hildako terroristen» aldeko omenaldietan egon izana, eta ETAk abuztuaren 13an legez kanporatzea kritikatuz argitaratu zuen komunikatua.

Bost egun geroago, abuztuaren 26an, Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epaileak auto bat argitaratu zuen, eta Batasunaren jarduera oro eteteko agindu. Hurrengo egunean hutsarazi zituen egoitza guztiak. Oraindik alderdia legez kanporatu gabea bazen ere, ezker abertzalea klandestinitatera kondenatuta zegoen. 2003ko neguan eman zen bataila juridikoa, Auzitegi Gorenean, baina 61. aretoko epaileek Batasunaren ilegalizazioa ebatzi zuten, martxoan. 2009ko ekainean, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ontzat jo zuen legez kanporatzea.

Sufragio pasiboa, urratuta

Zerrenda «kutsatuen» eta «garbien» kontzeptua erabiltzen hasi zen orduan; zerrenda osoak baliogabetzen ziren hura osatzen zutenen parte hartze politikoaren arabera. Horrek, de facto, sufragio pasiborako eskubidea urratu zien milaka herritarri: kalkulatzen da 40.000 pertsona baino gehiago geratu zirela bozetara aurkeztu ezinik. Berehala sortu zen eztabaida juridikoa, Autodeterminaziorako Bilgunearen zerrendak legez kanporatzeak neurri horren konstituzionaltasunari buruzko zalantzak azaleratu zituelako: 241 zerrenda baliogabetuak osatzen zituztenek ez zuten hautagai izatea debekatzen zien zigorrik edo prozedura judizialik. Ez soilik sufragio pasiboa: Nafarroan, bederatzi herritan bozak egin ezinik geratu ziren, beste zerrendarik ez baitzen aurkeztu.

Hala ere, ezker abertzalearen zerrendak hauteskundeetatik kanpo geratzea izan zen araua 2003 eta 2010 artean. Soilik EHAK-k gainditu zuen galbahea osorik, 2005ean.

2011ra arte. Hilabete batzuen buruan, pauso esanguratsuak emanak ziren bakegintzan; ETAren azken erasoak 2009ko uztailekoak ziren —2010eko martxoaren 16an Frantziako polizia bat hil zuen «gogoz kontrako liskar batean»—, eta ezker abertzaleak 2010eko otsailean plazaratu zuen estrategia politiko-militarra alboratzen zuen Zutik Euskal Herria ebazpena. 2011ko apirilaren 3an aurkeztu zuten Bildu, eta maiatzaren 5etik 6rako gauerdian eman zuten berria Areatzan: Bildu legezkoa zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.