ainara arratibel gascon
Tokio 2020. KEN ZAZPI [ORDU]

Merezi izan du

2021eko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Lan ordu amaigabeak, nekea, gaizki eta desorduetan jatea.... Besteak beste, hori dena dira kazetarion Jokoak. Oraingo hauei maskara, lekuetara sartzeko mugak, autobus ordu amaigabeak eta beste gehitu behar zaizkio. Baina merezi izan du. Merezi izan du euskaraz egitea. Milaka kazetariren artean guk bakarrik dugu aukera hori. Beste urrats bat euskararen normalizazioan.

Kirolari olinpikoei gertatu moduan, denbora beharko dut bizi izan dudana barneratzeko. Egunerokoak jan egiten zaitu. Ez dizu uzten unea bizitzen, perspektiba hori izaten. 9 urterekin, kirol kazetari izatearekin amesten hasi nintzenean, nekez pentsatuko nuen Olinpiar Joko batzuen berri emateko aukera izango nuenik: hiru domina kontatzeko, 100 metroetako eta gimnastikako banakako finala ikusteko... Horregatik ere merezi izan du. Nahiz eta baldintza berezietan izan den.

Orain, Olinpiar Jokoetako fokuetatik urrun, beste kirol kazetaritza bat egitea tokatzen zaigu. Baina herenegungo zutabean nioen bezala, Olinpiar Joko batzuetan egoteak ematen dizun ikuspegi gehigarriarekin. Horren ikusgaitasun handia ez duten kirolei leku gehiago egiteko ideia argiarekin. Kirolari horien atzean dagoen eguneroko ahalegina itzalpean ez uzteko konpromisoarekin. Argi izanda zenbateko exijentziarekin ari diren, eta fisikoki ez ezik psikologikoki ere zenbateko zama duten.

Amaierako paragrafoak, noski, eskerrak ematekoa izan behar du. Eskerrik asko, Jakes, esperientzia honetan bidelagun izateagatik; Julen, egunero goizeko zortziak inguruan kasu egiteagatik, eta Jonerekin batera, batetik bestera genbiltzanean, gure testuak jaso eta orrazteagatik. Diseinu eta bideo taldekoei, gure lanak jaso eta edertzeagatik. Eta etxekoei eta lagunei, egun hauetan ere hor egoteagatik. Sayonara eta arigato, Japonia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.