PERTSONAIA. Rosa Zarra

25 urte pilotakada hartatik

BERRIA.
Erredakzioa
Donostia
2020ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Rosa Zarra Donostian hil zen, 1995eko ekainaren 30ean, 58 urte zituela, Ertzaintzak jaurti zuen gomazko pilota batek sabelean jo eta astebetera. Euskal Herria Askatu izeneko mobilizazio batean zegoela jo zuten, Bakearen Usoaren inguruan. Ikerketa bat abiatu zuen Ertzaintzak, baina Juan Mari Atutxa Eusko Jaurlaritzako Barne sailburuak argudiatu zuen gomazko pilota batek jo arren ez zela hil horrek eragin zizkion zaurien ondorioz, baizik eta aurretik zituen osasun arazoengatik. Zarraren senideek salaketa bat jarri zuten, baina artxibatu egin zieten 1995eko irailean.

Jaurlaritzak Bizitzeko Eskubidearen Urraketen Udal Erretratuak (1960-2010) txostena aurkeztu zuen 2015ean, eta aitortu zuen auzia sakonago ikertu behar zela. Hau da txosten horrek Zarraren heriotzaz dioena, hitzez hitz: «Ertzainek sei metro inguruko distantziara jaurtitako pilotakada batek sabelean jo zuen Rosa Zarra [...]. Auzitegiko medikuen arabera, eta Madrilgo Toxikologia Institutu Nazionaleko azterketa anatomiko patologikoko emaitzek ziotenez, Rosa Zarra berez hil omen zen. Dena dela, agiri bat bidali zuen hedabideetara Donostiako Arantzazuko Ama Ospitaleko nefrologia zerbitzuko Alex Elosegi Mendizabalek —bera izan zen Zarraren medikua—, eta, hartan esaten zenez, 'gertaerak nola izan ziren ikusirik, guztiz normala da pentsatzea pilotakada izan zela Rosa hil zuena. Kolpeak tronbosi bat eragin zion arterietan, eta horrek, batetik, kolona zulatu zion [...]'».

Euskal Memoria fundazioak egindako bilduma batean, gomazko pilotek eragindako bost heriotza zenbatu dituzte Hego Euskal Herrian: tartean dago Zarrarena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.