Bakea, armarik onena

2017ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Apirilaren 9an ETA erakunde desarmatu bat izango da. Jean Noel Etxeberri Txetxekintzaileak Le Monde-n iragarri zuen albistea eta Miarritzen berriki egin diren desarmatzeari buruzko jardunaldietan Bakearen Artisauak taldeko kidea den Mixel Berhokoirigoin-ek berretsi du berria. Espainiako eta Frantziako Estatuko gobernuek adierazi dutenaren arabera, ez dute parte hartuko armagabetzean, munduan inoiz gertatu den egoera berri bat sortuz. Nazioarteko bitartekarien aburuz, ez dago halako aurrekaririk munduan. Urte luzez gatazka armatua bizi izan duten bi estatuko gobernuek ez diote lagundu nahi armagabetzeko erabakia hartu duen erakunde armatuari. Brian Currinek BERRIAn esaten zuen bezala, «sinestezina den egoera» bat da, eta, horren aurrean, «bake prozesuaren grabitate zentroak» Euskal Herrian egon behar zuela aholkatu zuen.

Ipar Euskal Herriko gizarte zibilak kasu egin dio, Berhokoirigoinen hitzetan: «Jabetu ginen armagabetzea giltzarria zela prozesua desblokeatzeko, eta, era berean, gizartezibilak inplikatu behar zuela konturatu ginen». Euskal Herriko instituzio politikoek ere, bere ardura erakutsi dute ETAren armagabetze prozesua amaitzeko prestasuna agertuta. Iñigo Urkullu lehendakariak ziurtatu du Jaurlaritzak «bere esku dagoen guztia» egingo duela, eta Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko presidenteak «konpromisoa» azaldu du, desarmea ahalik eta azkarrena aurrera eramateko bere esku dagoena egiteko. Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko presidenteak erabateko adierazpenak egin ditu, hautetsiek ezin dutela ardura beste batzuen esku utzi, eta adieraziz bat egin behar dutela gizarte zibilarekin: «Bake prozesuaren momentu erabakigarri batean gaude, eta hautetsiek ez dute ardura beste baten gainean utzi behar». Hortaz, desarmatze prozesua gizarte zibilaren eskutik etorriko da hautetsi eta herritarren parte hartze masiboarekin.

Bake Bideko kidea den Anaiz Funosasek esan duen moduan, armagabetzea ez da izango ETAren alde bakarreko prozesua, lurralde oso baten alde bakarreko prozesua baizik. Hor partaide izango baitira gizarte zibila, hautetsiak eta nazioarteko eragileak. Eta gako horretan kokatu daiteke prozesu honek sortzen duenaukera bide berria. Estatuen mugiezintasunaren aurrean gizarte zibilak bakearen aldeko dantzaren alde ekitea erabaki du, bakearen bide neketsuan ibiltzeko gogoari astindu bat emanez. Bide berritzaileak martxan ipini dira, bakea ez delako berezko egoera bat, sortu behar den egoera baizik eta lan horretan denak daukagu zer egiteko.

Testuinguru horretan, euskal gizarteak argi dauka irabazle eta galtzaile eskemak gurean ez daukala tokirik. Gai horren gainean galdetzen zuen azken soziometroaren emaitzen arabera, gizartearen %79k irabazle eta galtzailerik ez dela egon behar adierazten zuen, eta %87k polizia indarkeriaren eta ETAren biktimen errekonozimendua eta ordaina emateko eskariaren alde agertu ziren, alde guztietako biktimen eskubideak homologatuz. Baina bai Estatu frantziarra, bai espainiarra ere, eta gizarte frantziarra eta espainiarra esatera atrebituko nintzateke, ez dute afera modu berdinean ikusten. Kuriosoa da, Euskal Herrian gatazkarik ez dela egon esaten duten berdinek, are gutxiago gerra bat, guda diskurtsoa erabiltzea momentu oro. Esaterako, terrorismoaren biktimen elkarteak, Covitek, ETAren armagabetzean laguntzeko prest agertu diren Iparraldeko gizarte zibileko kideak Auzitegi Nazionalean lekuko gisa deklara dezatela eskatu du.

Horregatik, ipar Euskal Herriko gizarte zibilak bakearen alde gauzatzen ari den pauso erraldoi hau blokea ez dezaten, Euskal Herriko gizarte osoak argitasunez adierazi behar du bakearen bidea egiteko prest dagoela. Adibide gisa, Hego Euskal Herriko gehiengo politiko eta sozialak 2016ko abenduaren amaieran egindako komunikatua izan daiteke. Abenduaren 16an, frantses eta espainiar segurtasun-indarrek elkarrekin egindako polizia-operazio batean Luhuson gizarte zibileko bost lagun atxilotu zituzten, ETAren arma batzuk deuseztatzen. Bake artisauen izena jaso zuten, eta horien atxiloketen aurrean, EAJ, EH Bildu, Geroa Bai, Podemos Nafarroa, ELA, LAB eta Steilasek euskal gizarteak bake osoa eta behin betikoa nahi zuela baieztatu zuten aipatutako komunikatuan. EHUko hainbat irakaslek, egoera horisalatzeko, agiri bat sinatu genuen Hegoaldeko erakundeak proaktiboak izan behar direla aldarrikatuz. Ekintzan oinarrituta eta ez egonean, eta gizarte zibila babesteko prest. Iparraldeko erakundeetako ordezkariek emandako ereduaren pareko batasun eta irmotasun berarekin izan behar du Hegoaldeko erakundeena, gehiengo politiko eta sozialaren adierazpenari erantzuteko.

Armagabetzea aurrera eramateko gauzatzen ari den ekintza kolektibo honek gizarte osoaren babesa jasotzen badu ezin izango dute olatua geldiarazi. Bakearen artisauen atxiloketek berriz ere gerta ez daitezen aho batez azaldu behar dugu biolentzien garaiarekin amaitzeko erabiltzen ari diren estrategiak guda estrategiak direla eta joku horretan euskal gizarteak ez duela parte hartuko. Desarmatzeaz ari garela, Nelson Mandelaren hitzak gogoratu behar ditugu: gure armarik onena, bakea dela frogatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.