«Osasun sistemak izan behar du Volvo bat, ez Seat Panda zahar bat»

Etorkizunari baikor begiratzen dio irakasle nafarrak: azpimarratu du zientziak «urteetako aurrerapausoak» eman dituela hilabete gutxitan

JESUS DIGES / EFE.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2020ko apirilaren 26a
00:00
Entzun

Mikrobiologiako doktore eta dibulgatzaile zientifikoa da Ignacio Lopez-Goñi (Iruñea, 1962). 21 milioi ikustaldi izan ditu COVID-19ari buruz The Conversation agerkari digitalerako otsailean idatzi zuen artikuluak.

 

«Baikor izateko motiboak» aipatu zenituen artikulu horretan. Bi hilabeteren ostean, baikortasunari eusteko arrazoirik antzematen duzu oraindik?

Gaitza oso larria da, eta ez nuke banalizatu nahi, bereziki, tartean hildako ugari egon direlako, baina bai: uste dut tunelaren bestaldean argia ikusten dela. Zientziak aurreranzko urrats izugarriak egin ditu hilabete gutxitan. COVID-19a azaldu zenetik, 4.000 artikulu zientifiko baino gehiago argitaratu dira gaitzari buruz. Txertoei dagokionez, 115 hautagai daude dagoeneko, eta 80 saio kliniko egin dira antibiralekin. Ohikoan, urteak beharko genituzke halako corpus bat lortzeko.

Luze joko du txerto bat lortzeak, ezta?

Bai, txertoen gaineko araudia oso zorrotza delako. Azken batean, txerto bat jarri behar zaio osasuntsu dagoen pertsona bati, ez da edonolako kontua. Horregatik, txertoak dira munduko botikarik seguruenak. Eta berme horrek denbora eskatzen du. Tramiteak bizkortu daitezke, baina, proba zientifikoei dagokionez, urrats guztiak egin behar dira, bidezidorrik hartu gabe. Urte eta erdi, bi urte... Nekez helduko da txerto bat hori baino lehenago.

Eta bitarte horretan, zer gertatuko da itxialdia amaitzean?

Birusen esparruan, ziurtasun gutxi dauzkagu. Kalkuluak egin daitezke, beste birusekin dugun esperientzian oinarrituta. Oraintxe, esan dezakegu, ziurrenik, birusa ez dela berehalakoan desagertuko. Ez dakigu udako tenperatura handiek eragin handia izanen duten; badirudi baietz, baina ezin dugu ziurtatu. Argi dago SARS-CoV-2a birus indartsua dela, eta espero izatekoa da arrasto epidemikoa ere luzea izatea.

Ez du merezi konfinamenduari eusteak?

Konfinamenduarekin lortu duguna da epidemiaren kurba apaltzea, baina bi ahoko ezpata da: balio du birusaren transmisioa eteteko, baina trukean epidemia luzatu eta immunizazio kolektiboa eragozten du. Aldiz, kurba zorrotzagoa duten epidemiak laburragoak izaten dira, baina askoz hildako gehiago uzten dituzte. Ongi egin dugula uste dut, baina gertu da arintzeko garaia ere.

Nolakoa izan beharko luke konfinamenduaren arintzeak?

Sekuentziala, eta atzera egiteko modukoa: atea pixka bat zabaldu, eta begiratu nola eragiten dion horrek epidemiaren kurbari. Ongi goazela? Bada, aurrera. Zerbaitek huts egin duela? Bada, atzera egin beharko da. Argi dago lurraldeka egin beharko dela, gaitza ez baita abiadura berean hedatzen Bizkaian edo Madrilen.

Gaixotasunaren agerraldi berriak sor daitezke...

Sortuko dira, bai. Kasu gehiago azaleratuko dira datozen aste eta hilabeteetan. Horregatik, ezinbestekoa da osasun sistema ongi prestatzea. Langileak behar dira, baliabideak eta kudeaketa on bat.

Une egokia da hau konfinamendua arintzen hasteko? Betetzen al dira OMEk eta Europak ezarritako baldintzak?

Ez dut uste konfinamenduaren arintzea arduragabeki eginen denik. Aurrerantzean, haurrek aukera izanen dute kalera ateratzeko, eta hori da orain arte egin den arintze bakarra. Ez zait burugabekeria iruditzen. Bigarren faseari ekiteko, baldintza nagusia da positibo berrien kopurua murriztea, eta beheranzko joera hori jarraitua eta iraunkorra izatea. Bi astekoa, gutxienez. Oraindik ez gaude egoera horretan: beheranzko joera antzeman da ospitaleetan, baina koska bat falta zaigu. Bigarren baldintza da osasun sistema behar bezala hornitzea: osasun sistemak, oraintxe, Volvo bat izan behar du, segurua eta fidagarria, eta ez segurtasun uhalik eta frenorik ere ez duen Seat Panda zahar bat. Hirugarren baldintza, azkenik, diagnostikoa da: test fidagarri asko behar ditugu, gaixotasunaren foku berriak sortu ahala detektatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.