Justizia geldoa ez da justizia

Menchu Velasco Fleta, Amaia Kowasch Velasco, Iosu Chueca Intxusta eta Ramon Contreras Lopez
2023ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Auzitegiek eta epaitegiek eskubideak eta askatasunak babesteko betekizuna eta erantzukizuna dute, haiek murrizturik, urriturik geratu edo aplikaezin bihurtzea ekiditeko. Ikuspegi horretatik, botere judiziala deiturikoak (epaileak, epaitegiak, auzitegiak...) funtsezko zeregina du zuzenbide estatua finkatzeko. Espainiako Konstituzio Auzitegiaren 117. artikuluak dio «justiziak herriarengan» duela «sorburua». Hori horrela balitz, epaiketek, film iparramerikarretan bezala, «herriaren izenean» esapidearekin hasi beharko lukete. Eta ezina litzateke bista judizialarekin segitzea epaitegietako partaideak barrez lehertuko liratekeelako.

Hau guztia urtemuga baten harira dator. Izan ere, urtarrilaren 21ean beteko dira lau urte (lau urte luze!) 1978ko uztailaren 8an gauzaturiko eraso polizialaren zenbait biktimak, Sanfermines 78 Gogoan! elkartearekin batera, Iruñeko epaitegietan kereila bat jarri zutenetik. Xedea, hauxe: 1983an behin-behinean itxi ziren sumarioak berriro irekitzea, horretarako, gertaera horiek gertatu zirenetik iragandako 44 urteotan erdietsitako froga eta lekukotza berriak ekarrita.

Bada, salaketak ibilbide bihurria izan du, epaitegi batetik bertzera pasatuz; behin-behinean itxita eta berriro irekita, errekurtsoak aintzat hartu zituztelako. Baina, gaur-gaurkoz, ez dugu behin betiko erabakirik lortu. Hortaz, norbaitek kereilaren gaurko egoeraz galdetzen badigu, erantzun bakarra eman dezakegu, hots, duela lau urte aurkeztu genuenean bezalaxe dagoela.

Legeak dio ebazpen judizialak arrazoizko epean emanen direla. Lau urte, behin betiko erabakirik hartu gabe, ez da, inolaz ere, arrazoizko epea, axolagabekeria goria baizik.

Legeak epaileei ezartzen die behar adinako eginbideak egiteko betebeharra, pertsonen integritaterako duten ondorio larriengatik ikertu eta, bere kasuan, epaitu behar diren gaietan. Eta horrela izan zen 1978ko sanferminetan bidegabeki gauzaturiko indarkeria poliziala, heriotza eta zaurituak ondorio izan zituena.

Bere tenorean kereilak aurkeztu ziren, 1983an behin-behinean artxibatu zirenak. Erran bezala, orain epaitegien aurrean justizia berriro galdatu dugu, froga eta lekukotza berriak aurkeztuta, haien artean, Iruñeko Udalaren aginduz, Nafarroako Unibertsitate Publikoak eginiko txostena, hori izan baita funtsezko pieza Kereila Argentinarrean Martin Villaren aurkako inputazioa dokumentatzeko, 1978ko sanferminetako gertaerengatik.

Erran omen da Justiziaren tasunetako bat dela azkar eta luzamendurik gabe aritzea; bestela, injustizia da. Hori da 2019ko urtarrilaren 21ean, Iruñeko auzitegietan aurkeztutako kereilarekin gertatzen ari dena. 1978ko sanferminetan jasandako indarkeria polizialaren biktima izan eta erreklamatzen dutenak (300dik goiti lagun izan ziren artatuak eta ingresatuak osasun zentroetan) biktimatzat aitortu behar ditu, salbuespenik gabe, eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimen errekonozimenduari eta erreparazioari buruzko martxoaren 26ko 16/2019 Foru Legean aurreikusitako batzordeak. Dena den, aitorpen horretaz gaindi, justiziaren galdatzea, hots, haien erantzuleak identifikatu eta publikoki epaitzea ez daiteke bide galarazia, luzatua, ezta ahaztua ere izan. Baina, gaur arte, ukatu egin diete.

Bistan da aurkeztutako kereila arazo latza dela justizia epaitegietarako eta inork ez diola ekin nahi. Gai deserosoa da trantsizio demokratikorik izan ez zuen aparatu judizial batendako, oro har, iragan frankista izugarriaren gain amnesia bertute bihurtu baitzuen.

Epaitegien gelditasunaren aurrean, eta jendartea garen aldetik eta kaltetuak garen heinean, babes judizial azkar eta eraginkorra erdiesteko dugun eskubidea galdatzeko, deia egin dugu elkarretaratze bat egiteko, heldu den urtarrilaren 21ean, Iruñeko auzitegiaren aitzinean, 12:00etan. 1978ko gertaerengatik egia, justizia, ordaina eta berriro ez gertatzeko bermeak eskatzen irmo mantentzen zareten pertsona guztiak zaudete gonbidatuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.