Albistea entzun

Beste bi transferentziari buruzko proposamena egingo du Madrilek urrian

Bizitzeko gutxieneko diru sarrera eta trenbideak dira Jaurlaritzari eskualdatu beharreko eskumenak. Transferentzia aurten itxi nahi dute
Isabel Rodriguez eta Olatz Garamendi, atzo, Madrilen.
Isabel Rodriguez eta Olatz Garamendi, atzo, Madrilen. FERNANDO ALVARADO / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Gotzon Hermosilla -

2021eko irailak 18

Espainiako Gobernuko Lurralde Politikako ministro Isabel Rodriguezek eta Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburu Olatz Garamendik bilera egin dute, oraindik eskualdatu gabe dauden eskumenen inguruan berba egiteko. Oraingoan, bilera horretatik ez da eskumen berririk iritsi, baina bai Espainiako Gobernuaren konpromisoa: urrian, bi eskumenen transferentziaren inguruko proposamena helaraziko dio Madrilek Gasteizi, eta asmoa da urtea amaitu aurretik Transferentzien Batzorde Mistoa batzartu eta bi transferentzia horiek adostea. Bizitzeko gutxieneko diru sarrera eta trenbideak dira urtea amaitu aurretik eskualdatu nahi dituzten bi eskumen horiek.

Gai gehiago gelditzen dira Gernikako Estatutua osorik betetzeko: besteak beste, segurtasun zerbitzu pribatuak, meteorologia eta itsasertzaren antolaketa eta kudeaketa. Horiei aurrerago ekingo diete, baina, behintzat, bilerak balio izan du Espainiako Gobernuak «Gernikako Estatutua betetzeko eta gai guztiak eskualdatzeko konpromisoa» berritu dezan.

Izan ere, Eusko Jaurlaritzak uste du «gehiegi» moteldu dela transferentzien negoziazioa eta elkarrizketa prozesua: «Benetan garrantzitsua zera da: bi aldeek hitzartutakoa betetzeko konpromiso irmoa izatea», azaldu du Garamendik. Haren ustez, eskualdatzeek «osoak eta segurtasun juridiko osokoak» izan behar dute: «Ez dugu matxuratutako salgairik onartuko», ohartarazi du.

Antzeko mezua helarazi du Sabino Torre Araubide Juridikoko sailburuordeak, bileraren ostean egindako adierazpenetan: «Ez dago justifikaziorik emandako hitza ez gauzatzeko eta transferentziak egiteko, zailtasunak zailtasun. Transferentzia prozesuari ekiteko bidea elkarrizketa, hitzarmena eta leialtasun instituzionala dira, eta orain arte horixe erakutsi dugu, balio horiek baitira elkarrenganako konfiantzari atea irekitzen dion giltza».

Orotara, sei eskumen

Bi eskumen horien transferentzia gauzatzen bada, orotara sei izango dira aurten Espainiako Gobernutik Eusko Jaurlaritzara igaro diren eskumenak. Izan ere, joan den maiatzean Batzorde Mistoak beste lau eskumenen inguruko prozedura itxi zuen: espetxeak, errepideko garraioa, ISSN nazioarteko kode bibliografikoa esleitzea eta Ondarroako Itsas Barrutiko eraikinaren eskualdaketa.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JON URBE / @FOKU

Beste «pauso» bat «etxerako bidean»

Oihane Puertas Ramirez

Euskal presoen eskubideen aldeko manifestaziora deitu du Sarek biharko, 17:00etan, Donostian. Espetxe politikaren aldaketa «sendotzeko» eskatuko dute

78 Sanferminak Gogoan elkarteak iaz Rodolfo Martin Villaren kontra Nafarroako epaitegi aurrean eginiko elkarretaratzea. ©Idoia Zabaleta, FOKU

Martin Villak helegitea aurkeztu du Servini epaile argentinarraren autoaren kontra

Uxue Rey Gorraiz

Atzo aurkeztu zuten helegitea Espainiako Barne ministro ohiaren abokatuek. Haren bidez, argudiatu dute Maria Servini epaileak «bere egin duela» kereila bultzatu dutenen bertsioa. Salatu dute prozesu juridikoan «inpartziala eta bidegabea» izan dela.

Arkaitz Rodriguez, Radio Euskadin, gaur goizean. ©@Boulevardeitb

Sortuk dio kontuan hartzen dituela «fede onez» eginiko eskaerak

Iosu Alberdi

Arkaitz Rodriguezek azaldu du ezker abertzaleak «bere esku dagoena» egingo duela biktimen eskaerei erantzuteko.

Biktimen aldeko suontzia piztuta, atzo, Eusko Legebiltzarrean. ©BERRIA

Eusko Legebiltzarrak ez du lortu ETAren aurka agiri instituzional bat adostea

Edurne Begiristain

EH Bildu ez da batu legebiltzarrak ETA «gaitzesteko» onartutako testura. EAJ, PSE-EE, EP-IU, PP-C's eta Voxen babesa izan du proposamenak

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.