Koronabirusa

Sindikatuek proposatu dute ikasturte amaiera «segurua eta adostua» izatea

Jaurlaritzari eskatu diote «alde bakarrez hartutako erabakiak gelditzeko». Ikuskaritzako eta ikerkuntzaren alorreko langileak gaur bueltatuko dira

Gasteizko Zabalgana eskola, itxita. RAUL BOGAJO/ GASTEIZ.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2020ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Steilas, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek ikasturte amaiera «seguru, adostu eta kalitatezko baterako proposamena» egin diote Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailari. Sindikatuek «hutsuneak eta gabeziak» ikusten dizkiote Jaurlaritzak eskolak irekitzeko egindako planteamenduari, eta proposamen alternatibo bat bidali diote. Proposamenaren ardatz nagusietako bat da «bai osasun protokoloetan eta gainerako dokumentazioan jasotako prozedurak eta bai edukiek dituzten gabeziak osatzea», sindikatuekin negoziatuta. Hala, eskatu dute langileen ordezkariekin adostea ikastetxe bakoitzeko arriskuen ebaluazioa eta kontingentzia plana, eta haiekin eztabaidatzea eta aztertzea protokoloak jasotako neurri zehatzak.

Horrez gain, aurrez aurreko eskoletara itzuli behar duten ikasleak bi multzotara mugatu nahi dituzte sindikatuek: selektibitateko azterketa prestatu behar duten Batxilergoko bigarren mailako ikasleak, eta «arrakala digitalaren ondorioz konfinamenduaren ondorio kaltegarriak modu gehigarri batean jasan» eta errefortzuak behar dituztenak.

Halaber, Hezkuntza Sailari eskatu diote ikastetxe guztiei irizpide bera ezartzeko, ez «ikastetxe bateko eta besteko ikasleen arteko arrakalarik sortu edo areagotzeko».

Sindikatuek «jokaera arduragabea» izatea egotzi diote Hezkuntza Sailari, eta oharra egin dute: «Negoziazio prozesua gauzatu arte eta bidalitako proposamenean jasotako eskaerak betetzen ez diten bitartean, ikasturte amaierara begirako aldebakarreko erabakiak bertan behera utz ditzala, hezkuntza publikoko langileak eskolara presentzialki itzultzeko maiatzaren 19ko jarraibidea barne».

Agindu berria

Hain justu ere, atzo Hezkuntza sailak ikastetxeei eta sindikatuei bidalitako jarraibidean jasotzen da ikasgeletara itzultzeko erabakia. Gaur, ikuskaritzakoak eta ikerkuntzaren arlokoak izango dira itzultzen lehenak. Astelehenean, berriz, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako laugarren mailako ikasleek, Batxilergokoek eta Lanbide Heziketakoek itzuli beharko dute aurrez aurreko eskoletara, hala egitea erabakitzen duten ikastetxeetan.

Sindikatuek atzo kaleratutako oharrean salatu zuten Hezkuntza sailaren azken planteamendu horrek ere ez duela jasotzen «osasunerako berme eta irizpide pedagogorik», eta gobernuari egotzi zioten erabakiak «inprobisatzea» eta «alde bakarretik» hartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.