Uigurrak

Erbesteko uigurren samina

Txinak uigurren aurka urraketa larriak egin dituela esan berri du NBEren txosten batek. Urteotan, etnia musulman horretako lagun askok atzerrira egin behar izan dute ihes hainbatetan salatu duten jazarpenetik. Kerimen eta haren familiarena da kasuetako bat; 2017tik daude AEBetan.

Uigur batzuk Nazio Batuen Erakundearen New Yorkeko (AEB) egoitzaren parean, iragan uztailean, protesta egiten. JUSTIN LANE / EFE.
urtzirrutikoetxea
Washington
2022ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Washington hiriko bisita ohikoenetako bat hiriko zoologikoa da; Txinak adiskidetasun seinale gisa opari emandako panda hartzak dira hango animaliarik ezagunenak. Handik metro gutxira, Cleveland Park metro geltokiaren parean, Dolan jatetxea dago. Hamid Kerim uigurrak ireki zuen, Pekinen errepresioari ihesi, Ameriketara iritsi zenean. Turkiar jatorriko herri horretako kulturan sartzeko eta bertako gastronomiaz gozatzeko txokoa da Dolan, baita AEBetako hiriburuan bizi diren uigurren topagune garrantzitsua ere.

Ikusi gehiago:Ilshat H. Kokbore, Uigurren Mundu Kongresuko presidenteordea: «NBEren txostena urrats handia da»

Uigurren bizimoduaren irudiak dituzten tapizek dekoratzen dute jatetxea; atari urdin eta zuri bat ageri dituena adierazi du argazkia egiteko, «familiaren etxea». Jatetxeko plater ezagunena korma haragia da: txahalkia, barazki erreekin eta espeziadun fideoekin lagunduta. Te usaina dago barnean, eta pitxar bat te atera du; Hamidekin baso banatara isuri, eta bere istorioari ekin dio. 2018ko irailean ireki zuen jatetxea, AEBetara iritsi eta hemezortzi hilabetera. «2017ko apirilean, lagun batek esan zidan Txinako agintarien zerrenda beltz batean nengoela, eta hobe nuela ihes egitea. Nik hainbat saltoki nituen, nazioarteko merkataritzan niharduen, eta, horri esker, sarritan bidaiatu ohi nuen. Hala lortu nuen iristea, baina dena oso zaila izan zitzaidan: ez nekien ingelesez, semeak 6 urte zituen, alabak 3».

2018ko udazkenerako, Washington mendebaldean lokal bat aurkitu eta uigur jatetxe bat ireki zuen; berriki, beste jatetxe bat zabaldu du Virginian. Txinako agintariek egindako agiri bat erakutsi du, txineraz eta uigurreraz, Asia erdialdean eta Turkian negozioak egiteko bidea ematen ziona. «2013an eman zidaten agiria; orduan, normala zen. 2017rako, turkiar ideologiarekin lotu nahi zuten, hau da, uigur nortasunaren eta kulturaren aldeko nintzela. Lehen, legezkoa zen. Halako batean, Txinako gobernuarentzat onartezina zen; gure hizkuntza utzi, gure erlijioa utzi, eta Txinako kulturan asimilatu beharra zegoen» .

Senideak, preso

Xinjiango Medikuntza Unibertsitatean egin zituen Farmazia ikasketak; ordukoak, 1990eko hamarkada amaierakoak izan ziren lehen arazoak Txinako agintariekin. «Anaia Ghuljako protestetako buruetako bat izan zen; atxilotu eta hamabost urte egin zituen preso. Gure familiaren aurka ere jo zuten. Ama irakaslea zen, eta kaleratu egin zuten; aita ere lanetik bota zuen».

Abdulshukur Kerim 2012an irten zen espetxetik, baina berriz ere kartzelan dago. «Anaiari hogei urteko espetxe zigorra ezarri diote, eta haren emazteari zazpi urtekoa. Hiru ume dituzte, eta gure amak, umeen amamak hartu behar izan du haien ardura». Iazko abenduan beste anaia bat atxilotu zuten. «Ordutik ez dugu haren berririk, desagertuta dago».

Hamid Kerimen antzeko milaka lekukotasun bildu dira azken lau urteotan, 2018an NBE Nazio Batuen Erakundeko aditu talde batek «informazio sinesgarria» zela adierazi zuenetik milioi bat uigur baino gehiago Xinjiango atxilotze guneetan giltzapetu zituztela, «berriz hezteko eta doktrinatzeko». Ordutik, Mendebaldeko gobernu ugarik salatu dute Pekinen politika, eta genozidiotzat ere jo dute Frantziako, Erresuma Batuko zein Kanadako parlamentuek.

Joan den astean, luzaz esperotako txostena argitaratu zuen Nazio Batuetako Giza Eskubideen Batzordeak, Michelle Bacheletek batzordeburu karguan egindako azken egunean. Atxiloketak «arbitrarioak eta baztertzaileak» direla dakar 48 orrialdeko txostenak: «giza eskubideen urraketa larriak egin dira terrorismoaren eta estremismoaren aurka gobernuak daraman estrategian». Txinako Gobernuak hiru aldiz luzeagoa den txosten batekin erantzun du, eta esan du «desinformazioan eta gezurretan» oinarrituta dagoela. Luzaroan ukatu ostean, estremismoaren aurkako guneak izan zirela aitortu du, baina herritarrak borondatez joaten diren leku gisa aurkeztu ditu, «pobreziari eta estremismoari ihes egiteko».

NBEren txostena «oso berandu dator, beranduegi», kexu da Kerim: «Ez naiz politikaria, nire iritzian ez da aski indartsua, ez du genozidiotzat hartzen, baina ez etortzea baino hobe da».

Milaka familia hautsi dituztela dio. «Nire familiaren %40 giltzapean da, eta berdin beste milaka familiatan. Orain Txinari eskatzen diodana da txostenak eskatzen dizuna: utzi nire anaiak libre. Inolako legerik gabe espetxeratu dituzue; uigurra izatea da haien delitu bakarra».

Behin eta berriz errepikatzen du honako hau: «Ez naiz politikaria, herritar arrunta naiz. Uigurra naiz. Eta arriskutsuak garela diote. Zergatik? Gure herrialdea maite dugulako, gure hizkuntza maite dugulako. Zergatik ezabatzen dituzte uigurrerazko afixak, seinaleak. Zeren beldur dira?». Txostena argitaratuta, orain erakunde uigurrek auzia mundu osora eramatea espero du Kerimek, Mendebaldera eta herrialde musulmanetara bereziki. «Eraman dezatela Turkiara, Saudi Arabiara, Qatarrera, Asia Erdialdera. Musulmanak direla harro esaten dute, baina inor ez da arduratu uigurren aurkako errepresioaz».

«Utzi bizitzen»

Jatetxean latinoamerikar asko daude lanean, baita India eta munduko beste leku batzuetakoak ere: «Ez dago arazorik bakoitzak bere kultura, bere hizkuntza izateko; denei irakatsi diet gustura gure sukaldaritza. Zein da arazoa bakoitzak bere kulturari euts diezaion? Zergatik nahi du Txinak denok berdinak izatea?».

Asia erdialdeko ikasle batzuk ere badira lanean. «Hamabost egun eskatu zizkidaten, oporretan familia bisitatzera joateko Kazakhstanera, normala den moduan, edozein pertsonak nahiko lukeen bezala. Baina uigurrok ez dugu hori egiteko aukerarik: Txinak uigurrei ez die pasaporterik ematen, edo kanpoan gaudenok ez dugu hara joaterik eta senideekin egoterik».

Kerimek «bizitza arrunta» besterik ez duela nahi dio. «Beste edozeinek egiten duena: familiarekin elkartu, bizitza bizi, amari deitu eta as-salam-aleikum esan. Horixe baino ez dut nahi, hemen bizitza ederra egiteko aukera daukat, gogor lan eginda, baina gustura nago; seme-alabei gogorarazten diet herrialde honetaz gain badutela beste bat ere. Zorionez, ederto egiten dute uigurreraz. Baina ez dugu etxera itzultzeko aukerarik, familiarekin egoteko betarik, amari telefonoz deitzeko aukerarik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.