Uigurrak. Ilshat H. Kokbore. Uigurren Mundu Kongresuko presidenteordea

«NBEren txostena urrats handia da»

Kokborerentzat, nazioarteko erakundearen dokumentua «espero baino hobea» da. Uigurren Mundu Kongresua laster elkartzekoa da, horri zer erabilera eman erabakitzeko, eta «ate guztiak zabalik» daude.

URTZI URRUTIKOETXEA.
urtzirrutikoetxea
Washington
2022ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Ilshat Hasan Kokbore txineraz diharduen idazle eta ekintzaile uigurra da. AEBetako uigurren elkarteko presidentea izan zen, eta gaur egun Uigurren Mundu Kongresuko presidenteordea da. 2003an Malaysiara ihes egin zuen, eta 2006an iritsi zen AEBetara. Erbesteratu eta gutxira, txinatar herritarren talde batek haren anaia hil zuen jatetxe batean zegoela. Hiru arreba ere baditu, nagusia desagertuta dago 2014an atxilotu zutenetik, eta ez du beste bien berririk ere 2016tik.

Ikusi gehiago:Erbesteko uigurren samina

Zer balorazio egiten duzu Michelle Bachelet buru zuen Nazio Batuen Giza Eskubideen Batzordeak argitaratutako txostenaz?

Espero nuena baino hobea da. Badakit uigur batzuk haserretu zirela, ez duelako genozidio hitza aipatzen. Noski, zerbait urardotu dute, baina gizateriaren aurkako krimenak aipatzen ditu, indarkeria izan dela aitortzen du, eta hori ere nazioarteko legediaren aurkakoa da. Azken unean etorri da, baina justizia gailendu da.

Noski, horrek ez du ezer aldatu edo aldatuko berehalakoan, baina urrats handia da, hala ere. Gure senideen bila ari gara oraindik. Ez dakit ama edo arreba bizirik ditudan ala ez, libre ote dauden ala atxilotze guneetan.

Zertan da, orduan, positiboa?

Zehatz irakurtzen baduzu, txostena Txinaren beraren dokumentuetan oinarritzen da. Badira lekukoen testigantzak, baina oinarri nagusia Txinatik kanpora filtratu diren dokumentu ofizialak dira, eta horiek ematen dute Xinjiango polizia indarkeriaren neurria. Ofizialki jasotako agiriak dira. Bai, orain, aurkako txostena argitaratu du Txinak, 131 orrialdekoa; badakizu, gezur bat sinesgarri egiteko mila aldiz esan beharra dago.

Eta hemendik aurrera?

Txinan bada esaera bat: gauza txarrak egiten badituzu, historia liburuetan orrialde txarra izango duzu, hala epaituko zaitu historiak. Eta NBEren txostenak orrialde hori inprimategira darama, zigilatu egiten du. Ez da AEBetatik edo Frantziatik datorren agiri bat, NBErena da, eta Xi Jinpingi leku hori ematen dio historian.

Nazioartean erreakzio handia izan da, Mendebaldean nagusiki, baina baita mundu turkiarrean eta islamikoan ere, Malaysian, Turkian eta beste hainbat herrialdetan. Beraz, bai, uste baino hobea da. Uigurren Mundu Kongresua orain batzartu egin behar da, dokumentuari zein erabilera eman erabakitzeko, baina ate guztiak zabalik daude.

Xinjiang eskualde autonomoa da ofizialki; bazeuden uigurrerazko eskolak eta hainbat eskubide onartuta garai batean.

Nik ere ezin nuen imajinatu honaino iritsi zenik. Sobietar Batasuna jausi aurretik, gutako gehienok espero genuen joera inperioak behera egitea eta irekiera handiagoa izango zela, ez zegoela atzera bueltarik. Banuen errezeloren bat errepresioarekin jarraituko zutela, ekialdeko migrazioekin jarraituko zutela txinatarrak ekartzen gure lurraldera, txinatar eskolak sortu eta uigurrak asimilatzeko ikastetxe elebidunak irekitzen, uigurrak lanera limurtuko zituztela ekialdera, baina ez kontzentrazio gune masibo hauetara iritsiko zirela.

Geopolitika joko horretan handi baten erdian zaudete. Zer karta dituzue?

Uigurrok geure buruan izan behar dugu konfiantza. Bai, kanpoko laguntza behar dugu, baina geuk egon behar dugu etorkizunerako prestatuta, edozer gertatzen dela. Ezin zara egon AEBek edo beste edozein herrialdek zerbait egingo duten itxaropenean. Orain bertan daukaguna da munduan zarata eta presioa egitea, baina geure burua prestatu behar dugu.

Ez dut indarkeria maite, baina litekeena da beste aukerarik ez izatea. Gutxienean prest egon behar dugu. Orain garai iluna da, ez da argirik ikusten, baina badakit etorriko dela; ez dakit nola, baina etorriko da. Ahal dugun guztia egiten ari gara.

Taiwanen inguruan piztu den tentsioak nola eragiten dizue?

Urrian Alderdi Komunistaren XX. Kongresua egingo dute. Ez dut esango Xi Jinping hautatuko dutenik, ez baitago bozik; haren jarraipena berretsiko dute. Barne Mongoliako eskualdea dagoeneko Txinaren patrikan dago, Tibet eta uigurron eskualdea zertxobait kanpoan daude, eta Hong Kong-en nazioarteko arreta dago, baina, oro har, Txinak patrikan ditu eskualde horiek. Taiwan, ordea, guztiz kanpo dago. Patrikan nahi du Txinak, hori da Xiren anbizioa, Mao Zedong baino handiagoa izatea. Hortik aurrera, ez du beste kongresurik beharko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.