'Eta galtzen bagara zer?'

Galderetan galduz

Idazlea: Egoitz Zelaia. Argitaletxea: Elkar.

2016ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Askori Egoitz Zelaia ez zaie ezezaguna egingo; izan ere, urteak daramatza bertsolaritzaren munduari lotuta, bere dohainak plazaz plaza zein bertso-eskoletan erakutsiz. Oraingoan, berriz, bat-bateko ahozko jardunetik idatzizkora jauzi egin du. Berriki, bere lehen obra aurkeztu du, Eta galtzen bagara zer? izenburukoa. Lanak Iparraldeko gazteen artean literatura sorkuntza sustatzea helburu duen Gazteluma VIII. Literatur Saria eskuratu ondoren ikusi du argia.

Liburua zortzi ataletan banatuta dago, eta horietako bakoitzak pertsonaia baten izena ageri du. Izenak beti pertsonaiaren batekin lotzen badira ere, horiek ez zaizkio beti protagonistari egokitzen. Zaila da ipuin bilduma ala eleberri baten aurrean gauden erabakitzea. Alde batetik, badira zortzi pertsonaien arteko loturak; batzuk bistakoak dira, eta beste zenbait sakonago doaz. Istorioak autonomoak balira bezala irakurriz gero, berezko interesa badutela eta, zentzu osoa izateko osagai nahiko badirela jabeturik, ederki funtzionatzen dutela konturatuko gara. Hala ere, irakurlearentzat erronka handiagoa gerta daiteke atalez atal hariak azaldu ahala lotzen joatea, pertsonaien arteko harremanak josiz, modu zuzen edo zeharkako batean, denek istorio bakarrean nola batzen ote diren deskubritu arte.

Zelaiaren lana eleberri zatikatu gisa irakur daitekeen arren, inork ez dezala pentsa gaia bakarra denik. Pertsonaia bakoitzak bere istorioa kontatzen du, bere bizitzaren pasarte bat, alegia. Salbuespen dira, beren pausoek une eta leku berean bat egiteagatik, gertaera beraren ikuspegi ezberdinak eskaintzen dituztenak. Oro har, Eta galtzen bagara zer? obran istorio pertsonalak eta, zama sozial edo politikoa erakustearen ondorioz, historia kolektibo baten oihartzunak jasotzen dituzten bizipen indibidualak nahasten dira. Aldakortasunak definitzen du lan honetako diskurtsoa: kontu azalezkoetatik sakonagoetara igarotzen da, pertsonaien artean elkarrizketa arduragabeak zein gogoetatsuak antzeman daitezke, jolas hutseko uneak bezainbeste dira momentu serioak, tonu arina eta existentziala txandakatzen dira, eta abar.

Nahiz eta haien artean oso ezberdinak izan, atal batetik hurrengorako trantsizioan ez da jauzi handiegirik edo eten desegokirik hautematen; egileak argumentua ondo josi duelako seinale, jakina. Idazleak sinpletasunera jo du estiloan, artifiziorik gabeko idazkera txukun baten alde eginez; erraz irakurtzen den testua da horren emaitza. Kontaketa gehiena, bestalde, lapurterako doinu goxoak busti du, hegoaldeko euskararen presentzia eta eraginei uko egin gabe, ordea.

Airean galdera ugari uzten dituen obra izanik, ezinbestekoa du irakurlearen parte hartze aktiboa, hari ez beste inori baitagokio loturak ezarri eta istorioa osatzea. Izan ere, Zelaiaren lehendabiziko liburuak, entretenitua eta irakurtzen ezin atseginagoa izateaz aparte, interpretazioetara zabalik dagoen neurrian, amaierara iritsita berriz hasierara bultzatzen gaituen horietakoa da, hots, bigarren irakurraldi bati ekitera, bidean galdu ez eta guk irudikatutako loturak zuzenak direla egiaztatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.