Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. PP+C's

PPk ez du Ciudadanosen batura nabaritu, eta lau jarleku galdu ditu

2016an PPk eta Ciudadanosek lortutako botoen erdiak baino gehiago galdu ditu koalizioak, baina abstentzioaren ondorio izan da, Iturgaizen arabera. Emaitza «tarteko helmuga bat» dela azaldu du PPkoak

joxerra senar
2020ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
ESERLEKUAK

5

BOTOAK

60.299

LEGEBILTZARKIDEAK

Araba: Carmelo Barrio, Laura Garrido, Jose Manuel Gil.

Bizkaia: Carlos Iturgaiz .

Gipuzkoa: Muriel Larrea.

Iraganeko mezuak iraganeko argazkia utzi dio PP-Ciudadanos koalizioari. 2000 hasieran erdietsi zituen PPk emaitzarik onenak, baina orduko hartatik oso urrun geratu da, baita 2016an Alfonso Alonsok lortu zituen emaitzetatik ere. 100.000 botoren langatik oso behera geratu da, eta, botoen %6,7 eskuratuta, bost eserleku lortu ditu. Hartara, Ciudadanosen batura ez du nabaritu; alderantziz, duela lau urterekin alderatuta, lau jarleku galdu ditu. Gauak aurrera egin ahala, gorabehera handiak izan zituen, eta Araban hirugarren eserlekua lortuagatik, azken unean Bizkaian bat galdu zuen. Ondorioz, bat erdietsi du han, eta beste bat Gipuzkoan.

Alde positiboa ikusi nahi izan zuen Carlos Iturgaiz lehendakarigaiak:«Inkestei irabazi egin diegu, horietako batzuk bost eserleku baino gutxiago ematen zizkigutelako». Iturgaiz bereziki kexu azaldu zen CISek botoen %2,8 izango zituztela iragarri zielako: «Komunikabide batzuk zifra hori baliatu zuten eta gure koalizioa Gasteizko legebiltzarretik desagertuko zela nabarmendu zuten». Beti esan izan ohi da politikan benetako inkesta hauteskunde egunekoa izaten dela, baina txirrindularitzako metafora erabiliz, Iturgaizek azpimarratu zuen atzoko emaitza «tarteko helmuga bat» baino ez dela, Espainiako Gobernutik Pedro Sanchez kentzeko. Hala, EAEko bozak Galiziakoekin parekatu eta poztu egin zen Elkarrekin Podemos-IU «hondoratu» egin delako eta PSEk atzera egin duelako.

Apustua gaizki atera da

Pablo Casado PPko buruak Iturgaizen hautagaitza babestu eta Ciudadanosekin koalizioa bultzatu zuen, baina apustuak ez du fruiturik eman: 2016an, bananduta aurkeztu arren, PPk eta Ciudadanosek 129.284 boto eskuratu zituzten; lau urte geroago, elkarrekin, erdia baino gehiago galdu dute. Iturgaizek ez zuen autokrititikarik egin eta abstentzioari leporatu zion jaitsieraren errua: «Euskal herritarroi kezkatu egin beharko ginateke biztanleen erdiak ez duelako parte hartu nahi izan». Bere hitzetan, abstentzioaren ardura Eusko Jaularitzak du.

Iturgaizen hitzetan, abstentzioak mesede egin die alderdi abertzaleei: «Ganberan, bost legebiltzarkidetatik lau abertzaleak dira». PP-Ciudadanosen lehendakarigaiaren arabera, Espainian eta Nafarroan EH Bildu «zuritzen dutenek, sendotu egin dute». Koalizioak Konstituzioa, estatutua eta Espainiaren batasuna defendituko dituela berretsi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.