Udal eta foru hauteskundeak. Araba

Urtaranek bere proiektua garatu dezan, konfiantza eskatu die Urkulluk gazteei

Urtaranek ohar egin du bi aukera daudela: egindako bidean segi, ala «bidean nahasi». Ramiro Gonzalezek 10.000 lanpostu hitzeman ditu

Iñigo Urkullu lehendakaria, atzo, EAJren Gasteizko mitinean. BERRIA.
Gasteiz
2019ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
«Badakigu nolako zailtasunak aurkitu zenituen eta jarri dizkizuten oposiziotik»; Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak atzo Gasteizen EAJk egindako ekitaldia baliatu zuen Gorka Urtaran Gasteizko alkate eta alkategaiaren lana goraipatzeko: «Horregatik goresten dugu horrenbeste egin duzuen lana». Alkategaiari ez ezik, EAJk eskuetan daukan proiektuari ere babesa adierazi zion lehendakariak: «Etorkizunera begira dagoen proiektu bat da». Gazteei hitz egin zien, etorkizuneko Gasteiz «gaztea», «irekia» eta «aukeraz betea» izango dela nabarmenduz. Lehendakariaren ostean aritu ziren Urtaran bera, Izaskun Bilbao Europako Parlamenturako hautagaia eta Ramiro Gonzalez ahaldungai nagusia. EAJk lau urteetan lortutakoa ardatz hartuta, botoa eskatu zuten, proiektuak segitu dezan.

Alkategaiari babesa helaraztea izan zen Urkulluren mitineko xede nagusia. «Gorka Urtaranek buelta erdi eman dio Gasteizi», esan zuen. «Elkarlana sustatu du, zorrak izatetik kudeaketa eraginkorra izan du, eta inbertsioak ez izatetik haztera pasatu da hiria».

Ekobulebar proiektua goraipatu zuen lehendakariak, eta hori garatzeko elkarrekin lanean jardungo dutela jakinarazi zuen. «Elkarrekin eta gaztetasunaren indarraren laguntzarekin aurrera egingo duen proiektua da. Gasteiz biziberrituko du».

Urtaranek, berriz, ohartarazi zuen alkatetza galtzeak ez lituzkeela «ondorio positiboak» izango: «Euskadi ondo doa. Bi aukera ditugu: bide horretan jarraitu edo bidean nahasi». Akordioak sustatuta, aurreko urteetan Gasteizko agenda bete duela ere azpimarratu zuen. Adostasun horien artean aipatu zituen Espainiako Gobernuarekin AHTa lurperatzeko lanen akordioa eta Jaurlaritzarekin garraio publikoa sustatzea.

Orain artean lortutakoa izan zuen hizpide Ramiro Gonzalez ahaldungai nagusiak. Azken lau urteetako garapen ekonomikoa goratu zuen: «13.000 lanpostu sortu ditugu». Hala ere, horretara mugatu beharrean, Araba Europan abangoardia bilakatu nahi duela zehaztu zuen: «Zimenduak jarri ditugu, baina segi behar dugu lanean. Ezin da eraiki duguna arriskuan jarri». Hauteskundeetan berriz ere ahaldun nagusi hautatuz gero, 10.000 lanpostu berri sortzea hitzeman zuen.

Beste alderdien estiloa

Lanerako EAJk dituen estiloa eta moduak ere goretsi zituen ahaldun nagusiak. Haren ustez, beste alderdiek «inposatu» eta «konfrontazioa bilatu» nahi dute; ez, ordea, jeltzaleek, «akordioak bilatzen» dituelako. «Aurrera edo atzera egin dezakegu. Aukeratu egin behar da zeinen alde egin nahi duten hautesleek».

Proiektuak garatzeko duten talde lana nabarmendu zuen Izaskun Bilbaok, dauden tokian daudela ere, balio berdinetan oinarritzen direlako: «Berdin du Gasteizen, Araban, Bruselan edo Estrasburgon izan, filosofia bera erabiltzen dugu».

Europako Parlamentuko kide izan da orain arte Bilbao, eta bertan lortutako garaipenak ekarri zituen gogora: frankismoko biktimen gaia parlamentuan lantzea edo mugikortasunaz ikasteko europarlamentariak Gasteizera gonbidatu izana, esaterako. Garoñako zentral nuklearraren kasua ere gogoan izan zuen, eta balioan jarri Gonzalez Arabako ahaldun nagusiaren lana: «Lanean aritu gara elkarrekin, zentralak araudia betetzen zuen jakiteko. Itxi bada, bere lanari esker izan da». Etorkizunean Urtaranen hiri proiektua babesteko konpromisoa duela berretsi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.