Udal eta foru hauteskundeak. Bizkaia eta Gipuzkoa

PSE-EEk «enplegu duina eta eskubideduna» aldarrikatu du Bizkaian

Ekitaldi bat egin dute Portugaleten, Jose Luis Abalos ministro espainiarra bertan zela. Teresa Laespada: «Gobernatzen dakien ezkerra gara»

Jose Luis Abalos, atzean Idoia Mendia duela, atzo, Portugaleten. M. TOÑA / EFE.
gotzon hermosilla
2019ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Bizkaiko Ezkerraldean hamarkada askotan alderdi nagusia izan ostean, duela lau urteko udal hauteskundeetan eskualde horretako herri bakar batean eutsi zion PSE-EEk alkatetzari: Portugaleten, hain zuzen ere. Eta Portugalete aukeratu dute Bizkaiko sozialistek kanpainako ekitaldi nagusietako bat egiteko, eskualde horretako emaitzen garrantziaren jakitun. Diskurtsorik sozialena berreskuratu du PSE-EEk horretarako, eta «enplegu duin eta eskubideduna» aldarrikatu dute ekitaldian.

Mitinean hizlari aritzeko aukeratutakoak ere badira PSE-EEk Ezkerraldea berreskuratzeari ematen dion garrantziaren seinale: Mikel Torres Portugaleteko alkategaia, Teresa Laespada Bizkaiko ahaldungai nagusia eta Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusia egon dira, baina haiekin batera Espainiako Sustapen ministro Jose Luis Abalos ere mintzatu da, bezperan Errenterian (Gipuzkoa) egon ondoren.

Laespadak esan du PSE-EE «gobernatzen dakien ezkerra» dela, eta «pertsonak, kalitateko enplegua eta eskubideak» direla haien lehentasunak. «Herrialde duina defendatzeko modurik onena ez dira banderak edo identitatean oinarritutako politikak, baizik eta berdintasuna eta eskubideak hedatzeko balio duten erabakiak», esan du.

Zuzenean aipatu ez badu ere, EAJren hautagai Unai Rementeriak asteon plazaratutako txioa ere izan du gogoan: «Enplegu duina eta eskubideduna da nire kezka nagusia», esan du, eta deitoratu egin ditu «hamasei orduz lan egin, kexatu ez eta laguntzarik eskatzen ez duten esklaboak» eredu gisa jartzen dituztenak.

Naval ontziola ere izan du mintzagai. Esan du PSE-EE «langileekin» dagoela eta «politika errealistak eta soluziobide zehatzak» proposatzen dituztela. «Baina guk ez ditugu haizatzen inora ez doazen diskurtso demagogikoak», ohartarazi du.

PSE-EEko idazkari nagusi Idoia Mendiak botoa eskatu du, Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan lorturiko «garaipen argia» errepikatu ahal izateko: «Oraindik ez dugu amaitu lana», esan du.

EAJ kritikatu du «banatzea eta Europako herrialdeak katramilatzea beste xederik ez duten proposamenak» egiteagatik, eta galdetu du nola defendatuko duten jeltzaleek kontzertu ekonomikoa «Europako Parlamentuan Ciudadanosen talde parlamentario berean baldin badaude».

Portugaleteko alkate Mikel Torresek, berriz, laudoriozko hitzez deskribatu du bere herriko egoera. Haren esanetan, «ukaezina» da Portugaletek «aurrera» egin duela, eta kritikatu egin ditu «ezezkoan tematzen direnak eta Portugaleteri buruzko proposamenak aurkezten ditugunean beste aldera begiratzen dutenak».

Azkenik, Jose Luis Abalos Sustapen ministroa Espainiako politikaz aritu da bere berbaldian. Kataluniako indar independentistak kritikatu ditu Miquel Iceta Espainiako Senatuko presidente izendatzea galarazteagatik, eta PP eta Ciudadanosen kontra ere jo du. Azken horiei «Espainiako gobernabidea» lehenesteko eskatu die.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.