Koronabirusa

Hegoaldea, bigarren fasera

Astelehenean jarriko dira indarrean neurri berriak, eta gutxienez hamabost egun iraungo dute. Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak asteburuan emango dute euren zehaztapenen berri
Emakume bat Tolosan (Gipuzkoa), maskara jantzita.
Emakume bat Tolosan (Gipuzkoa), maskara jantzita. JON URBE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Jon O. Urain - Paulo Ostolaza -

2020ko maiatzak 23

Hego Euskal Herria osorik igaroko da datorren astelehenean konfinamendua leuntzeko bigarren fasera. Salvador Illa Espainiako Osasun ministroak agerraldi bat egin zuen atzo Ministroen Kontseiluaren ostean, eta bertan jakinarazi zuen zer lurralde igaroko diren bigarren fasera; horien artean aipatu zituen Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa.

Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak eskatua zuten fasez aldatzea, eta, orain, hamabost egunez izango da bigarren fasea, gutxienez. Okerrik ezean, ekainaren 8an igaroko litzateke hirugarren eta azken fasera; malgutzearena.

Eusko Jaurlaritzak positibotzat jo du Osasun Ministerioaren erabakia, «herritarrei normaltasun berria berreskuratzeko bidean aurrera egiten jarraitzeko aukera emango baitie». Ohar batean nabarmendu dute datuen bilakaera ona dela, eta lortu dutela birusaren hedapena geldiaraztea. Larunbat eguerdian emango dituzte bigarren fasera igarotzeari buruzko xehetasun gehiago Nekane Murgak eta Arantxa Tapiak, Osasun eta Ekonomia sailburuek. Oraingoz, malgutasun baldintza berrien zain daudela esan dute.

Maria Txibite Nafarroako lehendakaria ere «pozik» agertu zen Nafarroa bigarren fasera igaro delako, proposamen propio batekin, gainera: «Madrili egin diogun proposamenak gure errealitateari egokitutako hainbat berrikuntza ditu». Asteburuan azalduko dituztela hitzeman du Txibitek. Fasez igarotzea datuetan oinarritutako erabaki bat dela azpimarratu zuen: «Ez gaude lasterketa batean, eta ez dugu prozesuaren erabilera politikoa babesten».

Beraz, Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak asteburuan egin ditzaketen aldaketak kontuan izan gabe, honako hauek dira bigarren fasea sartzeak ekarriko dituen aldaketak. Orain arte Madrilek ezarritako mugak are gehiago murrizteko joera hartu dute bi gobernuek.

Ordutegiek indarrean jarraituko dute?

Jarduera fisikoa egiteko, Hego Euskal Herri osoan ez da ordutegirik izango biztanle gehienentzat. Muga 10:00-12:00 eta 19:00-20:00 artekoa izango da, ordutegi horretan 70 urtetik gorakoak baino ezingo baitira irten paseatzera edo ariketa fisikoa egitera.

Gainontzeko jardueretarako, Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak erabakiko dute noiz eta zenbat denborarako irten daitekeen kalera. Adibidez, 14 urtetik beherakoen kasuan; azken egunetan hainbat guraso kexu agertu dira ordubetez soilik irten daitezkeelako.

Herrialdetik ateratzea posible da?

Orokorrean, ez. Bigarren fasean sartzeak ez du legedi horretan eraginik, eta orain arteko muga berak mantenduko dira; hau da, kasu jakinetan soilik izango da posible herrialdetik ateratzea, adibidez, lanerako edo medikutara joateko. Ondorioz, ezingo da Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa artean ere mugitu. Eusko Jaurlaritzak astelehenean kendu zuen herriz herri ibiltzeko debekua.

Zer aldatuko da taberna eta elkarteetan?

Aurrerantzean, tabernetara eta jatetxeetara sartu ahal izango da, baina %40ko edukiera izango dute gehienez. Eserita egon beharko dute bezeroek, eta ezingo dira barrara eskatzera joan. Terrazetan berdin jarraituko du araudiak, eta diskoteka eta gaueko tabernek ezingo dute ireki.

Horrez gain, hamabost lagunerainoko bilerak baimenduta egongo dira —orain hamar artekoak egin daitezke—. Eusko Jaurlaritzak orain arte ez du posible egin hori, eta Murga Osasun sailburuak herenegun aitortu zuen «murriztaileagoa» izan ohi dela euren jarrera pertsonak elkartzeari dagokionez: «Nahiago ditugu jende gutxiko bilerak, baina egia da asteak igaro ahala guk ere konfiantza handiagoa daukagula».

Nafarroan, berrehun pertsona egon ahal izango dira ekitaldi publikoetan —1. fasean bezala—, eta itxita jarraitu beharko dute elkarte gastronomikoek eta gazteen aisialdirako lokalek, «jendetza biltzen delako horietan eta zaila delako segurtasun distantzia mantentzea».

Hezkuntzan zer?

Zer esana ematen ari da eskolak irekitzeko aukera. Espainiako Gobernuak honako hauek baimenduko ditu bigarren fasean: sei urtetik beherakoak eskolara joatea, bi gurasoek presentzialki lan egiten badute; borondatezko klaseak DBHko laugarren mailan eta Batxilergoko bigarrenean; eta formakuntza zentro batzuk irekitzea, autoeskolak eta akademiak, besteak beste.

Nafarroako Gobernuak, adibidez, jada aurreratu du Batxilergoko bigarren mailakoei soilik utziko diela ikastetxera joaten.

Adinekoak bisita daitezke?

Adinekoen zentroetara bisitan joaten hasi ahalko da. Adineko bakoitzeko senide bakarra joan ahalko da, aurretik txanda hartuta, eta salbuespen egoeretan soilik; adibidez, hiltzeko arriskuan daudenen kasuan.

Beilatokietan, berriz, 25 pertsona elkartzeko modua egongo da leku irekietan, eta hamabost itxietan. Gurtza lekuetan %50erainoko edukiera baimendu da —%30 artekoa da 1. fasean—, eta ezkontzak ere egin ahalko dira, gehienez ehun pertsonakoak.

Hondartzetan zer egin daiteke?

Lehen fasean hondartzetara paseatzera joatea soilik zegoen baimenduta. Bigarren fasean legezkoa izango da geldirik eguzkia hartzea edo itsasoan bainatzea. Igerilekuak ere ireki ahalko dira, edukiera herenera mugatuta.

Zinera edo museora joan daiteke?

Espainiako Gobernuak faseak aurkeztean eman zituen xehetasunen arabera, zineak, antzokiak, liburutegiak, aretoak, museoak... Ireki ahal izango dituzte, edukiera %30era mugatuta. Jaurlaritzak, ordea, esana dauka ekainaren 1era atzeratu nahi duela neurri hori.

Merkataritza zentroak zabalduko dituzte?

Bai, baina hainbat mugarekin. Gune amankomunen edukiera gehienez ere %30 izango da, eta ezingo da leku horietan itxaroten egon. Gainontzeko komertzioetan lehen faseko araudi bera mantenduko da.

Hotelak ireki daitezke?

Lehen fasean ere bazuten baimena, baina gehienek ez dute ireki; kontuan izan behar da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan herriz herri mugitzeko debekua indarrean egon dela duela gutxi arte. Orain, debeku hori eta beste muga batzuk kenduta, litekeena da hotel batzuk irekitzea. Besteak beste, aurrerantzean legezkoa izango da hoteletako gune komunak irekitzea; adibidez, jangela.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Sindikatuen protesta, gaur, Donostiako Amara Berriko lehen arretarako zentroan. ©Gorka Rubio / FOKU

«Sakoneko arazoei heltzeko» eskatu diote sindikatuek Osakidetzari

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Azken urteotako murrizketek «osasun publikoaren ahultze kezkagarria» ekarri dutela salatu dute SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek lehen arretako zentroetan egindako protestetan. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak erantzun diete osasun publikoa «sendotzeko konpromisoa benetakoa eta erabatekoa» dutela.

PCR probak, Gurutzetako ospitalean. ©Luis Jauregialtzo, FOKU

Gutxitu egin dira egun bakarrean atzemandako kasuak

Uxue Rey Gorraiz

Beste 793 positibo detektatu dituzte Hegoaldean, aurreko egunean baino 14 gutxiago. Ospitaleratzeek ere behera egin dute: 56 gaixo erietxeratu dituzte azken egunean. Hiru gaixo zendu dira, Nafarroan.

Ikasgela huts bat, artxiboko irudi batean. ©Jon Urbe, FOKU

Jaurlaritzak 80 ikasgela itxi ditu egun bakarrean

Uxue Rey Gorraiz

172 ikasgela daude itxita Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian. Guztira 111 ikastetxetan dute eragina itxiera horiek.

Bainako Oihana ikastolako eta Estitxu Robles kolegioko ikasleak ©Gillaume Fauveau

Ziburuko eskolan agerraldi bat atzeman dute

Oihana Teyseyre Koskarat

Eskualdeko Osasun Agentziak agerralditzat jo du Aristide Briand eskolako kasuen agertzea. Zazpi haur kutsatu dira, gutxienez.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna