jakes goikoetxea
Tokio 2020. SURIMIA

Harakiria

2021eko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
Ez dakit japonieraz. Oinarrizko agurrak baino ez: kon'nichiwa (arratsalde on), say?nara (agur), arigato gozamaisu (eskerrik asko)... Baina hoteleko gelan telebista piztuta edukitzen dut beti. Japoniako telebista kateak baino ez daude, bederatzi. Ia guztiak ari dira Olinpiar Jokoen berri ematen. Nabarmentzekoa da NHK telebista kate publikoaren ahalegina, ia egun osoa eskaintzen baitie Olinpiar Jokoei eta herrialdeko kirolariei. Kirolariekin hitz egiten du lehiaketa bukatu berritan, hurrengo egunetan, haien senideak elkarrizketatzen ditu, kirolarien umetako ibileren berri ematen du...

Lehiaketa bukatu eta berehala, kirolari japoniarrak elkarrizketatzen dituztenean, horietako askok negar egiten dute kameren aurrean. Batzuek pozagatik, urrezko domina irabazi dutelako; baina gehienek tristurak jota. Eta bada joera deigarri bat: negar egiten duten horietako batzuek, esaten dutena ulertu gabe ere atsekabetuta daudela nabari den horietako askok, domina bat irabazi dute. Ez urrezkoa, jakina, zilarrezkoa edo brontzezkoa baizik. Beste asko finaletara iritsi dira.

Lur jota daudela erakusten dute, negar zotinka eta hitz totelka. Domina irabazi eta triste? Lur jota? Bai. Ez hori bakarrik. Barkamena eskatzen diete ingurukoei eta japoniarrei, urrea ez irabazteagatik. Haien itxaropenak ez betetzeagatik. Huts egiteagatik. Joera hori agerikoa izan da, esaterako, judoan, japoniarrek sortutako eta menderatutako kirolean.

Kenichiro Fumitak, borroka greko-erromatarrean zilarrezko domina irabazi eta gero, esan zuen telefonoa hartzeko «beldurra» zuela, «ez bainuke jakingo zer esan nire aitari». Borroka greko-erromatarreko entrenatzailea du aita.

Japoniako kirolariak ez dira samuraiak, ez daukate katanarik eskuetan, baina harakiri publikoa egiten dute egunero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.