Ingurumena. Luizia Zaldibarren

Orbaina mendi mazelan

Autobideak garbitu dituzten arren, oraindik agerikoak dira Zaldibarko luiziak utzitako arrastoak. Desagerturik dauden langileei buruzko kezka nagusitzen da inguruetako herritarren artean, eta askok salatzen dute azken urteotan inork ez diela informaziorik eman zabortegiaren jardueraz.

Bi herritar, luiziak utzitako arrastoari begira, atzo, Zaldibarren. GORKA RUBIO / FOKU.
gotzon hermosilla
Zaldibar
2020ko otsailaren 8a
00:00
Entzun

Autobidearen bi noranzkoetako bat libratu duten arren, oraindik zirrara eragiten du Zaldibarko luiziak (Bizkaia) AP-8 autobidea moztu duen tokiaren paretik igarotzeak. Hondamendiaren aztarnak agerikoak dira: lur jausiak mendi mazelan utzitako orbaina, errepidea mozten duen lau metroko barrikada, hondakinez, lokatzez, harriz eta erauzitako zuhaitzez osatua. Eta, batez ere, azpian bi langile lurperaturik egon daitezkeela jakitea.

Ostegun arratsaldean luizia gertatu zenetik, azkar aritu dira errepideak garbitzeko lanetan. Donostiatik Bilbora doazen bi lerroak libre daude, eta Bilbotik Donostiarakoak oraindik itxita egon arren —ordu batzuk geroago zabaldu zituzten— ez dago aparteko arazorik Ermura (Bizkaia) sartzeko.

Ermuko kale eta tabernetan ez dago beste auturik: bezperan gertaturiko hondamendia, zabortegiaren inguruko zurrumurruak eta desagertutako bi langileak. «Ni San Lorenzo auzoan bizi naiz», esan du adineko gizon batek, «eta gure etxetik zabortegiko zuloa ikusten da. Egunero dozenaka kamioi pasatzen ziren; egun osoa ematen zuten hondakinak bota eta bota. Lehengo egunean sei trailer pasatu ziren, bata bestearen atzetik».

Batez ere, langileen egoerak sortzen die ermuarrei arrangurarik handiena: «Langileak ere askotan ikusten nituen. Etorkinak dira gehienak, lau sosen truke aritzen direnak, batek daki zer baldintzatan, baina, badakizu, gauzak dauden moduan egonda, jendeak ahal duenari heltzen dio».

Ermuko ordainlekutik oso gertu, herrigunerako bidean ezkerretara, Eitzaga auzora doan bidezidorra dago. Zaldibarko lurretan dago Eitzaga, baina Ermutik Zaldibarko herrigunetik baino askoz hurbilago dago, eta pare-parean dute hondakindegia.

Han ibili da Zaldibarko alkateorde Juan Mari Uriarte, bezperan hustutako baserri bateko jabeekin hitz egitera etorria. Nekea nabari zaio aurpegian; dioenez, gau osoa eman du esna. «Gure kezka nagusia da desagertuta dauden bi langileak, noski», azaldu du. «Atzo, zakurrek puntu bat markatu zuten han goian, zerbait egon zitekeelakoan, baina luze aritu ziren bila, eta ez zuten ezer topatu».

Amiantoaz arduratuta

Kezka zabaldu da inguruko herritarren artean jakin dutenean Verter Recycling 2020 SL enpresak kudeatzen duen hondakindegian amiantoa ere bazegoela. Uriartek dioenez, enpresak bazuen horretarako baimena, Eusko Jaurlaritzak emana: «Bilaketa lanak oraingoz bertan behera geratu dira [ordu batzuk geroago berriro ekin zioten lanari, eta gauean eten], baina ez dut uste amiantoagatik izan denik, horretarako prestatuta dauden taldeak han daudelako. Hasieran, Osalanek lanak gelditu zituen talde berezi horiek iritsi arte, baina iritsi zirenean lanei ekin zieten berriro».

Uriarteren ustez, beste bat izan daiteke erreskate lanak ordu batzuk eten izanaren arrazoia: lur jausi gehiago egoteko arriskua ez dago guztiz bazterturik. «Lurra mugituta dago, eta, seguru asko, oraindik arriskua dago. Neu, behintzat, beldur naiz lur gehiago jausiko ote den; batez ere, euria egiten badu. Interbiak-eko arduradunekin hitz egin dugu, eta hitzartu dugu autobidea zabaldu arren adi egoteko; batez ere, euria eginez gero, beste ezer gerta ez dadin».

Hodei Zenikaonandia Zaldibarko Udaleko arkitekto aholkularia da: «Kontrolaren eskumena Eusko Jaurlaritzarena da; 3.000 biztanle dituen herri batek ez dauka gaitasunik neurri horretako azpiegitura bat kontrolatzeko. Guk ez dugu erreskate lanen edo autobidean dauden arazoen berri. Gure zeregina da gure herritarrei zerbitzua ematea; horregatik ari gara baserriz baserri, batzuetan ur zerbitzua etenda gelditu delako».

Oskar Morales Eitzaga auzoko bizilaguna da: «Nik uste dut zabortegia 2011n-edo hasi zela lanean, eta, geroztik, hara doazen kamioien trafikoa izugarria izan da: batzuetan, ehun kamioi egunean ere bai. Nik askotan galdetu diot [Zaldibarko] udalari, oraingo udal gobernuari eta aurrekoari ere bai, ea hor zer pasatzen den, zer botatzen duten. Erantzuna beti izan da kudeaketa Jaurlaritzarena dela».

Moralesek dioenez, 2017an sute bat egon zen zabortegian, eta iazko udan beste bat: «Hor tximiniak ikusten dira, eta horrek esan nahi du gas isuriak daudela. Beti izan dugu kezka hori, baina orain, adibidez, ni zur eta lur gelditu naiz jakin dudanean amiantoa ere bazegoela. Auzotarroi inoiz ez digute honetaz iritzirik eskatu, ezta azalpenik eman ere».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.