jon olano
Koronabirusa. ANALISIA

Itun baten hiru ondorio

2020ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Taula politikoan kolpe bat eman du PSOEk, Unidas Podemosek eta EH Bilduk lan erreforma indargabetzearen inguruan lortutako akordioak, nahiz eta hitzarmen hori argitaratu eta hiru ordu eskasera PSOEk ñabardurak egin. Akordioak jokalekuak zabal ditzake Madrilen, baina itunaren eragina berehalakoa izan daiteke euskal politikagintzan ere.

Akordioaren edukiaz harago, aldagai ugari mugiaraz ditzakeen ondorioak ekar ditzake sinadurak. Batzuk, Madrilera begira: PSOE Ciudadanosekin flirtean hasi den asteotan, Unidas PodemosekEH Bilduren Troiako zaldia sartu dio Sanchezen gobernuari. Ciudadanos PSOEren ondotik uxatzeko antidotoa izan daiteke indar subiranista; separatistek betetzen duten espazioan, lekurik ez nazionalista espainiarrentzat. Baina pasatuko da izurria, eta PSOEk bidean mesfidantza gehiegi utziko ditu legealdi oso bat kudeatzeko; balizko bazkide ugari haserretu ditu saio bakarrean: ERC —Ciudadanosi men egiteagatik—, EH Bildu —hitzartua handik hiru ordura aldatzeagatik—, eta Ciudadanos, EH Bildurekiko ituna ezkutatzeagatik.

EAJrentzako abisua ere izan daiteke atzoko hitzarmena; EH Bildu sustatuta, euskal mintzakidetzaren monopolioa ken diezaiokete PSOEk eta UPk EAJri, eta auzitan jarri euskal agendatzat jo daitekeenaren eta EAJren agendaren arteko bat egite ia osoa. Etorkizuneko negoziazioetara begira, bi eskaintza izateak merkatu lezake bakoitzak kobratu nahi duen prezioa.

Baina, batez ere, ikusteko dago atzokoak nolako eragina izango duen uztailaren 12ko hauteskundeetan. EH Bilduk pieza handia ehizatu du akordioa sinatze hutsarekin: indar subiranistaren siglei lotuko zaie PPren gobernuak ezarritako lan erreforma bertan behera utzi —edo lehentasunetan jarri— izana, kalean mobilizazio jendetsuak eragin zituena. Eta, batez ere, egunotako markoa aldatu du, hain lokaztua zaion joko zelai batean—pintaketak, kondena, gatazkaren kontakizuna—, bigarren plano batean utzi eta arreta ezkerreko politika publikoetan jarrita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.