21. Korrika. Helduen euskalduntzea

Doakotasuna probekin lotu nahi dute EAJk eta PSEk

Batez beste, 39 urte dituzte euskaltegietako ikasleek. JON URBE / FOKU.
2019ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Helduen euskalduntzeari buruzko eztabaida hasiko dute aurki Eusko Legebiltzarrean. Euskara ikasteari buruzko lege proposamen bat aurkeztu zuen azaroan EH Bilduk, bi zutabe nagusi dituena: batetik, B2 mailara arte doakotasuna bermatzea euskaltegietan; bestetik, ikasleek maila hori egiaztatzea derrigorrezko irakaskuntza bukatu aurretik. Proposamena tramiterako onartu zuen parlamentuak, PP ez beste taldeen babesez. Zuzenketak egiteko epea joan den astean bukatu zen. Eusko Jaurlaritzako bi taldeek, EAJk eta PSEk, erroko aldaketak proposatu dituzte: doakotasuna mailak gainditzearekin lotzea —oraingo eredua, alegia—, eta hezkuntzari buruzkorik ez sartzea lege horretan.

Lege proposamena izanik, Jaurlaritzak berak irizpen bat eman zuen; tramitera onartzearen alde agertu zen, baina ohartarazi zuen proposamenetako batzuk beste lege batzuetan garatzekoak dituztela —adibidez, hezkuntza legea egiteko aurreproiektua taxutzen ari dira orain—. Zuzenketetan argudio hori eman dute EAJk eta PSEk.

Elkarrekin Podemosek, berriz, harago jo nahi du puntu batzuetan: B2ra arte ez, C1era arte bermatzea doakotasuna —EGA tituluaren pareko maila da—. Beste proposamen bat ere egin du: euskaraz ikasi dutenei maila aitortzeko dekretua, 2012koa, lege bihurtzea. Horren bitartez, milaka ikasleri aitortzen diete euskara gaitasuna badutela—adibidez, C1 maila aitortzen dute karrera euskaraz eginda—.

Proposamena tramiterako onartzearen aurka agertu zen PP, eta zuzenketetan ere horri eutsi dio: adierazi du ez dela horrelako legerik «behar». Ez da agertu euskara ikasteko laguntzen aurka, baina adierazi du ez duela zertan «doakotasuna» izan. Derrigorrezko irakaskuntzaren amaieran B2 maila egiaztatzearen aurka jo du.

Behin lege proposamenari buruzko zuzenketa guztiak aurkeztuta, lantalde bat eratuko dute orain parlamentuan. Bertan eztabaidatuko dute gaia. Ez daukate epe zehatzik lege proiekturen bat adosteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.