Klima larrialdia. Lorea Flores. Greenpeaceko Hego Euskal Herriko koordinatzailea

«Energia iturriak aldatu behar dira, baina baita hura kontsumitzeko modua ere»

Klimaren eta krisi ekologikoaren ikuspegitik mundua larrialdi egoeran dagoela azpimarratu du Lorea Flores Compainsek. Agintariek, baina, hitzetatik harago, ez dituzte ekintzak aldatu, eta horren eredu gisa jarri du Euskal Herriko egoera ere.
JUAN CARLOS RUIZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Iñaki Petxarroman -

2019ko abenduak 1

Duela urtebete izendatu zuten Greenpeaceko Hego Euskal Herriko koordinatzaile Lorea Flores Compains (Iruñea, 1985). Dioenez, tokiko berezitasunak eta euskarak zerikusi handia izan dute Espainiako Greenpeacek bere burua deszentralizatzeko.

Klima larrialdian gaude, eta kaleko mobilizazioetan nabari da. Hala ere, aldaketa politikoak motel doaz, eta erregai fosilen kontsumoak berean jarraitzen du. Nola ikusten duzu egoera?

Kontzientzia gero eta handiagoa da herritarren artean, eta bereziki gazterian. Eta horren adierazle dira mobilizazioak. Badira adierazpen instituzionalak ere: udalek eta Jaurlaritzak berak deklaratu dute klima-larrialdi egoeran gaudela. Zientzialariek diote hamaika urte ditugula, baina ikusten duguna da hedabideei begirako adierazpen hauetatik kanpo falta direla benetako konpromisoak, ekintza jakinekin, epe motz, ertain eta luzera aldaketa bat egon dadin bermatzeko.

Gazte mugimendua ari da nabarmentzen kalean, nahiz eta ez den ekologismotik sortutakoa. Zer iritzi duzue?

Positiboa. Batez ere Greta Thunbergek abiatu zuen mugimendu horrek mundu mailan lortu duen oihartzun horri esker uste dugu ari dela iristen agenda politikoetara klima aldaketaren gaia. Hala, trantsizio energetikoa eta halako hitzak entzuten ari gara... Ildo horretan, ikusten dugu jarraitu beharko duela jendeak mugitzen, oraingoz topo egiten baitugu administrazioarekin eta politikariekin. Hitz politak dituzte, badirudi aurrera egin nahi dutela, baina oraindik ekintzak falta dira.

Greta Thunbergen fenomeno mediatikoak zeresana eman du. Zer iruditzen zaizu?

Neska gazte ausart bat da, eta, bere protesta propioarekin hasi zen arren, lortu du bere mezuarekin gazte anitz identifikatzea. Eta hori guretzat beti positiboa da, kalean mezu hori egotea. Irailaren 27an ia hiriburu guztietan manifestazioak egotea ikaragarria da, eta hori, neurri batean, hark sortutako mugimenduarengatik izan da.

Zeintzuk dira Greenpeaceren erronkak?

Mundu mailan bi erronka nagusi ditugu: bioaniztasunaren galerari eta klima aldaketari aurre egitea. Bai IPCCk eta bai IPBESek argitaratutako bi txostenek argi utzi dute ditugun bi arazo nagusiak horiek direla, seigarren masa desagertzearen atarian uzten baikaituzte, eta, gainera, gizakiaren eraginez. Klima aldaketari aurre egiteko, batez ere, arreta jarria dugu erregai fosilak eta energia nuklearra alde batera uztean, eta, beraz, energia berriztagarriei bultzada bat ematean, baina ez edozein modutan. Anitz begiratzen diegu herrietatik sortutako proiektuei, egitasmo kolektiboei... Beste modu batera sortu behar da energia.

Arriskua da erregai fosilen ustiatze modu bera kopiatzeko energia berriztagarrietan ere?

Hori da. Behar ditugu energia berriztagarriak, baina trantsizioa behar dugu sortzeko moduan ere. Modu herritarrago bat behar dugu, justuagoa, denen eskubideak eta beharrak kontuan hartuz eta ez multinazional handien interesak bakarrik. Eta, bestalde, bioaniztasunaren gaian, baditugu erronka handi batzuk: ozeanoak babestea, esaterako. Aurten ipar polotik hegora joan gara, ikusiz kalte guztiak: plastikoak, indusketak, petrolio erauzketak, ekosistemen galera. Gure ustez, mundu mailako itun bat beharko genuke itsasoak babesteko. Izan ere, ekosistemak eta bioaniztasuna egoera onean egoteak lagunduko du klima aldaketari aurre egiten. Eta biak dira beharrezkoak guk ere bizirik irauteko.

Eta Euskal Herrian?

Batez ere hirietako proiektuetan aritu gara lanean. Duela gutxi, Iruñeko Udalarekin egon ginen, hiri jasangarriago bat nola egin aztertzeko: mugikortasunean, kontsumoan, energian... Era berean, Gipuzkoan Zubietako erraustegiarekin zer gertatuko den ere gertutik aztertzen ari gara. Hori adibide bat baita ikusteko nola larrialdi egoera batean aurrera eramaten diren ekintza batzuk ez doazen beharko luketen norabidean.

Diputazioko agintariek diote klima aldaketari aurre egiten lagunduko duela.

Eta, gainera, ekonomia zirkular gisa saltzen dute, baina ekonomia zirkular batek dioena da zuk hasieran plastikozko botila bat baduzu, prozesu guztia pasatu ondotik, berriro plastikozko botila bat izango duzula. Eta, kasu honetan, botilak erraustegira badoaz, hori ez da zirkularra: beste zerbait da... Agian energia sortzen duen sistema bat, baina zikina, zeren isurketak daude... Alternatiba faltsu bat da. Benetako irtenbidea kontsumo murrizketa batean oinarritzen da: lehengaiena, natur baliabideena... Eta erraustegiarena prozesua lineala da, ez baitugu berreskuratzen hasierako lehengai natural edo material hori.

Petrolioa eta beste erregai batzuk erretzen direlako eta gasak isurtzen direlako, ezta?

Hori da. Eta, horrez gain, dioxinak eta beste hainbat toxina, gizakien osasunean eragina dutenak.

Zergatik erabaki du Espainiako Greenpeacek koordinatzaile bat izatea Hego Euskal Herrian?

Ikusi zutelako azkenean Madrilen dutela bulego bakarra, eta gaiak pentsatzen direla beti Espainiarako, baina gero herrialdeka errealitateak hagitz ezberdinak dira. Eta errealitate horien interpretazioa egiteko, gure boluntarioek, askotan, ez dute behar beste denborarik. Hizkuntza ere garrantzitsua da, zeren Madrilen dena gaztelaniaz egiten da, eta Euskal Herrian euskarak garrantzi handia du. Beraz, ikusten zen behar zela kanpaina global horiek lurraldera egokitzeko, eta garaipenak ere leku ezberdinetan lortzeko, nolabaiteko zubi lan hori.

Hemen beste talde batzuekin lanean ari zarete klima larrialdiari aurre egiteko.

Azkenean, indar metaketak beti lortzen du mezua indartsuago gizarteratzea. Batzuetan gertatzen da talde txikietan ari garela antzeko gauzetan, eta, agian, ez dugu lortzen mezuak behar bezain ozen entzunaraztea. Argi dago, beraz, indarrak metatzen baditugu aukera handiagoa izango dugula arrakasta izateko.

Jaurlaritzak klima larrialdia aldarrikatu du, baina berotegi gasen isuriak berriz ere gehitu ziren 2017an. Nafarroan, beste hainbeste. Zer diozu?

Bada, beste politika batzuk jarri behar direla martxan. Hasteko eta behin, badaude finantzaketa anitz erregai fosilei ematen zaizkienak. Eta bankuekin ere lan egiten dute, eta askotan erregai fosil horientzako diru laguntzak dituzte. Beraz, eskatzen duguna da erregai fosilei ez inbertsiorik ematea, eta horrelako bankuekin ere lan egiteari uztea. Era berean, alternatiba gisa, erakundeetatik apustu egin behar da energia berriztagarrien alde.

Nahikoa inbertitzen ari al dira horietan?

Oraindik, Euskal Herrian, hagitz gutxi erabiltzen dira, nahiz eta gaitasun handia izan bai teknikoki bai ikerketa alorrean. Berdin gertatzen da kontsumo ereduarekin. Oraindik ere bultzatzen dira black friday-ak, merkataritza zentro handiak... Mugikortasun eredua, zeresanik ez. Hor dago supersurra Bilbon... Esaten dugu autoekiko mendekotasuna gutxitu egin behar dela, baina, horiek trabatu beharrean, halako azpiegiturak eraikitzen dira. Pentsatu beharko litzateke nola sustatu beste garraiobide sozialagoak, kolektiboagoak eta garbiagoak...

Auto elektrikoak al dira bidea?

Kontzeptu aldaketa bat behar da; hau da, banakako errekuntza autoetatik garraiobide kolektibo eta elektrikoetara aldatuz joan behar da, eta aldaketa hori bultzatzeko neurriak jarri behar dituzte martxan. Egia da pauso batzuk eman direla. Duela urte batzuk, bagenuen eguzkiaren gaineko zerga, eta, hori baliogabetu ostean, aukerak zabaldu dira: autokontsumoa, autoekoizpena... Horrelakoak bultzatu behar dira, ahantziz erregai fosilen mendekotasun handia duten azpiegiturak. Beste alternatiba txikiago, gertukoago eta berriztagarriago batzuk behar ditugu.

Kontua da Petronorren moduko enpresa batzuek botere ekonomiko eta eragin politiko handia dutela oraindik.

Bai, egia da orain arte erakundeetatik kasu gehiago egin zaiela enpresa horien interesei, herritarren osasunari eta beharrei baino. Erakundeetatik babesa ematen zaie, eta garbi utzi behar da ausart jokatu behar dela eta errealitatea aldatu behar dela, nahiz eta inorentzat erosoa ez izan, zeren larrialdi egoeran gaude.

Asko aipatzen da denok erabiltzen ditugula autoak, denok bidaiatzen dugula hegazkinez, denok kontsumitzen plastikoz betetako produktuak... Denok dugu ardura bera, edo batzuek ardura handiagoa daukate?

Denok daukagu ardura maila bat. Norberetik hasi behar dugu, baina politikariek, enpresek, aldaketarako ahalmen handiagoa dute. Eta, beraz, erantzukizunaren zati handi bat haiena da. Zeren nik erabaki dezaket autoa ez erabiltzea, baina gasolioari ematen zaizkion laguntzak kentzen badira, garestiago izanen da autoa hartzea... Eta, gainera, garraio publikoko sare on bat badaukat, beste garraiobide batzuen aldeko hautua egiten lagunduko dit. Beraz, osagarriak dira bi gauzak: norberarena eta agintariena.

Gauza bera plastikoekin. Esaten da mundu guztiak sortzen duela plastiko hondakin pila, baina ea nor den gai plastikorik ez kontsumitzeko...

Ia ezinezkoa da erosketa bat egitea batere plastikorik gabe. Eta badaude arau anitz erraten dutenak sortzailearen erantzukizuna dela haiek egoki kudeatzea, baina gero ez da kontuan hartzen, zeren enpresa horiek ez dute araua betetzen... Bestela ez lirateke hainbeste iritsiko erreketara, itsasora eta zabortegira.

Badirudi nolabaiteko trantsizio energetiko baterako lehen urratsetan gaudela. Baina erregai fosiletan nagusi diren enpresak eraldaketa horren buru egotea ez al da arrisku bat?

Ez da nahikoa energia iturriak aldatzea bakarrik. Erabilera bakarreko plastikoak erabilera bakarreko paperekin ordezkatzeak ere ez du balio. Energia iturriak ez ezik, kontsumo eta ekoizpen motak ere aldatu behar dira. Gutxiago kontsumitu eta bestelako gaiak kontsumitu; esate baterako, haragi gutxiago, etxalde industrialek sortzen dituzten kalteak —deforestazioan, esaterako— saihesteko. Eta, gainera, kontsumitzen den hori hurbilekoa izatea ere garrantzitsua da. Sistema bera aldatu behar da. Ez da nahikoa orain arte egiten genuen gauza bera egiten jarraitzea, bakarrik energia iturriak aldatuta.

Baina energia berriztagarrien ekoizpen masifikatuak ere apalduko lituzke berotegi gasen isuriak...

Ez gara jabetzen adituek diotela 2050erako isurketak zero netoak izan beharko liratekeela, eta 2030erako %50eko jaitsiera izan beharko litzatekeela. Horrek nahi du erran gaurtik hasita urtero %5 murriztu beharko liratekeela CO2 isurketak, eta azken urte hauetan, oraindik, gora doaz isurketak. Pentsa nolako aldaketa behar dugun. Eta hori ez da lortzen bakarrik energia fosiletatik berriztagarrietara aldatuz, baizik eta kontsumo maila jaitsiz, egin behar ditugun desplazamenduak birplanteatuz. Aldaketa sakon bat behar dugu.

COP25ean Parisko akordioa nola inplementatu erabaki behar da. Zer balorazio egiten duzue itun horretaz?

Oraindik kontu garrantzitsu batzuk falta dira akordioa ixteko, batez ere botere gehien duten estatuen aldetik. Hor ditugu oraindik ikatza erretzen duten zentralak. Guk esaten dugu 2025erako itxita egon beharko dutela, baina ez dago akordio orokorrik. Ikusten dugu anbizio falta ikaragarria daukatela, eta ikusiko dugu ea kapazak ituna martxan jartzeko, baina orain artekoa ikusita, zalantzak geratzen dira.

Herrialde boteretsuek ez diete pobretuei dirua eman nahi euren neurriak hartzeko klima aldaketari aurre egiteko.

Gehien kutsatu dutenak ipar globaleko herrialdeak dira, hau da, gu gara, eta horregatik gara lehendabizikoak Pariskoa bezalako tresnak martxan jarri beharko genituzkeenak. Eta, gainera, garbi dago kalteak ordaindu beharko genituzkeela kutsatu ez duten herrialdeei, ekonomikoki edo beste modu batera, baina justuak izan behar dugu, guk sortu baitugu kaltea, eta kalteberenak hegoaldeko herrialdeak baitira.

Ekologistek denbora asko pasatu duzue tokiko arazoei erantzun nahian, baina orain agerikoa da bioaniztasunaren galera, natur baliabideen suntsiketa, kutsadura eta klima larrialdia kolokan jartzen ari direla planeta osoa.

Garbi dugu arazo orokorra dela, eta erantzun orokorrak behar direla. Horrek eskatzen du beste maila batzuetan eragitea. Uste dut beste erakunde ekologistek ere ikusten dutela, eta hortik datoz aliantzak. Esaterako, orain Madrilgo COP25ean ere indar metaketa horren oihartzuna izango da abenduaren 6ko manifestazioa. Hala ere, aipatu nahiko nuke arazo globala izan arren tokian-tokian askotan egoten ahal direla irtenbideak. Adibidez, suteez ari garenean, haiei aurre egiteko politika eraginkor bat izan daiteke paisaiak eta oihanak egoki kudeatzea.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Osasun langileak, atzo, PCRak egiten, Donostiako Okendo kultur etxean. ©GORKA RUBIO / FOKU

Eragile guztiekin biltzeko eskatu dio oposizioak Eusko Jaurlaritzari

Olatz Esteban Ezkati

538 positibo atzeman dituzte Hego Euskal Herrian, iragan astean halako bi. Ospitaleratzeak ere bikoiztu egin dira egun batean: 103 pertsona daude erietxean.

 ©RAUL BOGAJO / FOKU
 ©LUKAS COCH / EFE

COVID-19aren kutsatzeak arakatzeko aplikazioen eraginkortasuna, kolokan

Munia El Marhoum Iruretagoiena

«Normaltasun berrira» heldu bidean, koronabirusaren zabaltzea geldiarazteko tresna gisa aurkeztu dituzte zenbait 'app'. Herrialde askotan ez dira lortu hasiera batean aurreikusitako emaitzak

Lasarte-Oriako klasururako konbentua itxita, gaur. ©Javier Etxezarreta / EFE

Lasarte-Oriako klausurako komentu bateko moja guztiek positibo eman dute

Berria

Hamar izan dira positiboak guztira. Alkateak adierazi du agerraldia kontrolpean dagoela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna