Jokin Bildarratz. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua

«D eredua aztertuko dugu, hezkuntza hitzarmenaren bidez»

Aurrez aurreko hezkuntzarekin segitzeko asmoa dutela berretsi du, baita unibertsitatean ere. Argi du zein den legealdiko lehentasuna: «Alderdi politiko guztiekin hitzarmen bat nahi dut: hezkuntza hitzarmena».

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
Donostia
2020ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Kargua hartu berritan, pandemiak baldintzatutako ikasturte hasiera kudeatzea tokatu zaio Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuari (Tolosa, Gipuzkoa, 1963). Ikastetxeak «leku seguruak» izateko hezkuntza komunitate guztiak egindako lana azpimarratu du.

Madrildik Gasteizera egin duzu jauzi. Zer dela-eta erabaki zenuen pauso hori ematea?

Abuztuaren bukaera aldera lehendakariak deitu, eta proposatu zidan hezkuntzaren ardura hartzea. Zure lehendakariak eskatuz gero, ez dago batere zalantzarik onartu egiten diozula eskaintza. Politika asko gustatzen zait, hezkuntza bizi egiten dut; beraz, hezkuntza eta politika batera eramatea pribilegio bat da.

Hezkuntza eragileekin bildu zinen kargua hartu orduko. Zergatik?

Herri bateko alkatea izanik, herritarrekin egon behar duzu, eta, ardura hau hartuta, hezkuntza komunitatearekin egon behar duzu. Irailaren 15erako deitutako greba ere hor zegoen. Nik karguaren ardura irailaren 8an hartu nuen, eta hau esan nuen: uste dut garrantzitsua dela hezkuntza komunitate osoarekin biltzea, entzutea eta, batez ere, haiei mezu bat ematea: elkarrizketarena, haiekin egon nahi dudala.

Ikasturtea irakasleen eta jangeletako, garbiketako eta eskola garraioko langileen grebarekin hasi zenuten. Espero al zenuten horrelako hasiera bat?

Ni iritsi nintzenerako hori guztia mahai gainean zegoen. Egia da momentu hartan tentsioa zegoela hezkuntza munduan, eta horregatik esan nien hezkuntzako partaide guztiei komeni zitzaigula giroa lasaitzea. Onartu beharra dago giroa izugarri baretu dela leku guztietatik.

Hainbat eskolak azaldu dute ikasleren batek positibo emandakoan ere ez dela ikasgela osoa ixten. Irizpidea aldatu al da?

Hezkuntza Sailak ez du ezer ixten, Osasun Sailak egiten du. Irizpide aldaketa bat egon da gelak ixteko orduan: hasieran, positiboren bat egonez gero, ikasle guztiak bidaltzen ziren etxera, eta, orain, positiboa den ikaslea eta gertukoak izan daitezkeen kontaktuak bidaltzen dira, 6 urtetik gorakoen kasuan; 3 eta 6 urte artekoek musukoa ez daramatenez, gela osoa doa etxera, denak hartzen direlako gertuko kontaktutzat. Hezkuntza sistemak erakutsi du ikastetxeak leku seguruak direla. Hezkuntza komunitatearen jarrera izugarria izaten ari da. Guretzat oso garrantzitsua da—eta guretzat diodanean hezkuntza sistema osoarentzat esan nahi dut— presentzialtasuna, ez bakarrik haur txikiekin, baita unibertsitateko ikasleekin ere.

Mahai gainean egon al da hezkuntza ez-presentzialera itzultzeko aukera?

Ez. Atzo [ostegunean] lehendakariak Labi kontseilua bildu zuen. Dauzkagun datuekin ikusten ari gara ikastetxeak eta hezkuntza sistema, oraingoz behintzat, oso ondo erantzuten ari direla. Dena prest dago beste alternatiba batzuk eskaini ahal izateko, baina aurrez aurrekoa lehenesten ari gara.

Unibertsitaterako ere ez duzue aukera hori planteatu?

Ez. Gaur [ostiral] arratsaldean, bilera bat daukat unibertsitateetako sailburuordearekin eta hiru unibertsitateetako errektoreekin.Gure nahia eta erabakia, oraingoz, unibertsitateetan ere presentzialtasuna mantentzea da.

Sare publikorako 669 irakasle gehiago kontratatuko zenituztela ziurtatu zenuten. Kontratazio horiek egin al dituzue? Horrela bada, zein irizpideren arabera banatu dituzue?

1.064 irakasle kontratatu dira, eta jangeletarako, 1.157 langile. Irakasleen kontratazioak bi irizpideren arabera egin dira. Batetik, ikastetxeek edo ikastetxeetako ekosistemek eduki ditzaketen ahuldadeen arabera: etorkinak, euskararen egoera... Eta, bestetik, ikasle kopuruaren arabera. Ikastetxe guztiek, edozein dela tamaina edo egoera, bi hereneko jardunaldi bat jaso dute gutxienez.

Noiz espero duzue itunpeko ikastetxeetarako baliabide gehigarriak jartzea, eta zenbatekoak izango dira?

Niretzat, gakoa elkarrizketa da: elkarrizketak negoziatzera eraman behar gaitu, eta negoziazio horrek, akordio batera. Hilabete honetan hori itxi behar genuke.

Zure ustez, zenbateko pisua eduki behar du itunpeko sareak EAEko hezkuntza sisteman?

Gizarteak erabakitzen duena. Batetik, hezkuntza publikoak bermatu behar du edozein herritarren hezkuntza integrala. Bestetik, gurasoek eduki behar dute, sisteman dauden ikastetxeak kontuan hartuta, haien balioekin identifikatuko den eskolara bidaltzeko aukera.

Haurreskolak partzuergoak doakotasuna eskatu du, eta Hezkuntza Sailean integratzea. Posible ikusten al duzue hori?

Nik dakidala Haurreskolak partzuergoak ez du hori eskatu. Gauza bat da sindikatuek eskatu izana, eta bestea, Haurreskolak partzuergoak eskatzea. Uste dut dauden tarteak eta kuotak ondo egokitzen direla gurasoek dauzkaten beharretara. 18.000 euro baino gutxiagoko diru sarrerak dituzten familiei dohainik eskaintzen zaie. Dagoen filosofia hau da: gehien daukatenek ordain dezatela.

EAEko Eskola Kontseiluak eskatua du D eredua «sakon aztertzeko». Aldaketak behar direla ikusten al du Hezkuntza Sailak?

D ereduaren lorpenak azpimarratu behar dira, izugarriak izan baitira. Euskadiko [Eskola] Kontseiluak eskatzen duena da D eredua aztertzea, eta guk hori egingo dugu, hezkuntza hitzarmenaren bidez. Kontziente gara D ereduaren funtzioa desberdina dela herriaren arabera. Horrek zer esan nahi du? Ikastetxeek egokitu egin behar dutela beren erantzuna herri bakoitzak dauzkan beharretara.

Gero eta ikasle gehiago daude D ereduan, baina euskara maila kaskarragoa lortzen dute askok. Nola eman dakioke buelta horri?

Kaskarragoa, edo lehen esaten nuena: euskara ereduak egoerara egokitu beharra dauka. Pentsatu behar da beste eredu batean, non ikastetxe bakoitza gai den herri bakoitzeko errealitateari hizkuntza erantzun bat emateko.

Atzo [ostegunean] LOMCE erreformatzeko lantaldean zuzenketak bozkatu zituzten, eta erabaki zuten gaztelania ez izatea irakats hizkuntza. Bidea irekitzen al du horrek Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere murgiltze orokorra ezartzeko?

Uste dut guk ez dugula arazorik izan. Azkenean, D eredua hori da: murgiltze eredu bat. Beti garrantzitsua da askatasun gehiago izatea, eta guri tresna gehiago ematea euskara jorratzeko.

Hezkuntza Sailak erabaki zuen irakasleak euskalduntzeko Irale programaren euskara ikastaroak ez ematea irakasleen lanorduetan, baita euskal girotze barnetegiak bertan behera uztea ere.

Hori berreskuratu beharra daukagu, lehenbailehen eta gure ahalmenen arabera. Egia da ez dagoela erraza pandemiaren egoerarekin. Segurtasuna, osasuna eta ikasleak ikastetxeetan egotea lehenetsi da.

Eta asmo hori al daukazue Iraleren ikastaroekin ere?

Bai. Nire ustez, programa horrekin jarraitu behar genuke hau guztia pixka bat lasaitzen denean.

A eta B ereduak mantendu behar direla uste duzu?

Ez da erraza era zehatz batean ez ala bai erantzutea. Uste dut gizartea era natural batean posizionatu dela D ereduaren alde, eta, lehen aipatu dudan bezala, horrek eramango gaitu D eredua birpentsatzera. Legeak dio edozein ikasle gai izango dela ofizialak diren bi hizkuntzetan aritzeko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza bukatu eta gero. Hori da jorratu beharrekoa, eta hori da lortu behar duguna.

Hezkuntza legerako proposamenik aurkeztu gabe amaitu zen legealdia. Nola dago prozesua?

Aurreko legealdian egin zen hitzarmen bat [Eusko] Legebiltzarrean alderdi sozialistarekin eta alderdi popularrarekin. Alderdi politiko guztiekin hitzarmen bat nahi dut: hezkuntza hitzarmena. Hitzarmen horrek emango dio bide lege bati.

Zerk izan behar du lehentasuna?

Hitzarmenak. Hitzarmenak elementu edo puntu asko izango lituzke. Esan nahi du denok bat gatozela estrategia batean, eta estrategia horrek hainbat gai jorratu behar ditu: legea; euskararen erabilera, egoera, jarraipena eta jorratzea; eta hezkuntzan dauden oso elementu garrantzitsuak: curriculuma, konpetentziak, ebaluazioa... Nahi nuke hezkuntza komunitate osoa hitzarmen horretan egotea.

Madrildik ere etor daitezke aldaketak, LOMCE erreformatzeko prozesu horretatik. Nola begiratzen diozu prozesuari, eta zerk izan behar du lehentasuna?

Errespetuzko lege bat izatea nahi dugu. Gure eskumenak dauzkagu, eta ona litzateke mantentzea eta ez kate handirik jartzea.

Lehen unibertsitate planetik laugarrenera, Jaurlaritzak %181 igo dio aurrekontua Deustuko Unibertsitateari, eta %142 Mondragon Unibertsitateari. Publikoaren finantzaketak, berriz, %8,2 egin du gora. Unibertsitatera bideratutako diruaren %95,7 EHUrentzat da, baina 2007an %98,2 zen. Pribatuei diru gehiegi bideratzen al zaie?

Ikusten duzu zein den publikoari eskaintzen diogun aurrekontua. Gure inplikazioa erabatekoa da Euskal Herriko Unibertsitatearekin, baita Deustuko Unibertsitatearekin eta Mondragon unibertsitatearekin ere. Sistema publikoa eta itunpekoa ditugu, eta denen artean osatzen dute zerbitzu publikoa.

Beraz, EHUren finantzaketa nahikoa dela iruditzen zaizu?

Hezkuntza munduan, inoiz ez da nahikoa; beti beharko genuke gehiago. Apustua hori izango da gobernu honentzat.

Lanbide Heziketan erronka bat jarri duzue: euskaraz ikastea ikastetxe publikoetako ikasleen %60k eta itunpekoetako %55ek. Zein bide egingo duzue hori lortzeko?

Irakasleei formakuntza eman. Uste dut ikastetxe guztiek oso barneratuta daukatela helburu hori jarri dugula, eta horretarako bideak jarri behar dituztela.

Lau urtean 3.200 lanpostuko lan eskaintza publikoa egiteko asmoa duzu. Noiz egingo duzue lehenengoa eta zenbatekoa izango da?

Aurreko legealditik datorrena ixten ari gara. Sindikatuekin bildu ginen, eta gure asmoen berri eman genien, baina haiek entzun nahi genituen. Azaldu genien pentsatzen ari ginela urtarrila garai ona izan zitekeela, haien iritzia eman ziguten, eta kontraste bat egiten ari gara Osasun Sailarekin.

Zenbat postukoa izango da?

1.148 postukoa. Asmoa da behin-behineko ordezko kontratuen tasa %15era jaistea, baina gehiago txikitzea posible balitz, gehiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.