Politika orokorreko eztabaida. Taldeen erantzunak

Iriartek EH Bilduren babesa eskaini dio Urkulluri, «estatu politika egiteko»

Martinezek «izaera sozial handiko estatutu bat» nahi du, eta Mendiak «abenturak» arbuiatu ditu. «Desleial» jokatzea leporatu dio Alonsok

jon olano
2019ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Arratsaldean, talde parlamentarioek hitza hartzeko txanda izan zuten Politika Orokorreko Eztabaidan, eta autogobernua izan zen indar politiko guztiek jorratutako gaietako bat. Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramaileak ontzat jo zuen kontzertu politikoaren proposamena: «Benetako aldebikotasun bermatua gauzatuko luke». Ados dago EH Bildu, eta, Iriarteren hitzetan, «hortik etor daiteke akordioa eta irtenbidea, oinarriak errespetatuz». «Beste harreman baten» beharra azpimarratu zuen, eta azaldu Espainiak ez duela beste harreman hori «besterik gabe eskainiko, eta EH Bilduk ez beste inork ez du lagunduko». Hortaz, indar subiranistaren elkarlana eskaini zion Iriartek Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariari: «Ez gara estatu bat, baina estatu politika egin behar dugu. Estatu itun bat behar dugu jendea babesteko; herri akordio bat».

Alabaina, Urkulluk sarri aipatu du Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldeko adostasuna zabaltzeko beharra, baina galdera egin zion Iriartek: «Akordioaren zer parte zaude prest kentzeko akordioa zabaltzeko? Ez du balio akordioa desnaturalizatzea, baliogabetzea eta konstituzionalistei beto eskubidea ematea».

Lander Martinez Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak nabarmendu zuen Urkulluren hitzaldian aipatutako lehentasunak Elkarrekin Podemosek «behin eta berriz» aipatutako gaiak direla, eta, nagusiki, alor sozialez jardun zuen. Besteak beste, Jaurlaritzari eskatu zion «migrazio politikak erreklamatzeko», eta gogorarazi gizarte babeserako zerbitzuetan artatutako pertsonak «krisialdiaren unerik okerrenean baino gehiago» direla.

Atal horretan, Martinezek esan zuen Elkarrekin Podemos «izaera sozial handiko estatutu berri baten alde» dagoela, baita indarkeriaren biktimek «egiarako, justiziarako, aitortzarako eta erreparaziorako eskubide berbera» izatearen alde ere: «Horretan guztian elkartu gaitezke, Urkullu jauna, akordio zabal eta pluralen bitartez».

«Ahaztu eredu konfederala»

Idoia Mendia PSE-EEko bozeramailea Autogobernu Lantaldeak adostutako oinarrien eta Urkulluk eginiko hitzaldiaren kontra mintzatu zen: «Lizarra I.ek eta II.k, 1930eko hamarkadakoak eta mende honetako lehen hamarkadakoak, huts egin zuten. Eta Gernika I.ek eta II.k asmatu, 1930eko eta 1970eko hamarkadetako akordio barneratzaileek».

Ohartarazi zuen sozialistek ez dutela parte hartuko «gauzak apurtzeko inolako abenturatan», eta, PSE-EEk «bermedun autogobernu bat» nahi duen arren,hori ez dela «eredu konfederal baten bidez» lortuko. Eredu hori «ahazteko» eta egungo sistema hobetzeari begira «indarrak batzeko» eskatu zion Urkulluri.

Alfonso Alonso PPko bozeramailea izan zen mintzatzen aurrena, eta gogor jardun zuen estatus erreformaren kontra. Bost taldeek izendatutako aditu talde batek azaroaren 30era arteko epea du estatutu zirriborro bat taxutzeko, baina testu horren edukiak arbuiatu zituen Alonsok: «Zure komisionatuak [Mikel Legarda EAJko diputatuak] kontzertu politikoa proposatu du. Horrek konstituzioa gainditzen du, desleialtasun onartezina da eta Espainiako Gorteek ukatuko dute, Ibarretxe planarekin egin bezala».

Joseba Egibar EAJko bozeramaileak itxi zuen talde parlamentarioen txanda, eta azaldu estatus berrirako testu artikulatua«onartutako oinarrien araberakoa» izango dela «derrigor».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.