Aurrematrikulazioa ireki du Jaurlaritzak, xede harturik gertuko eskolatzea sustatzea

Ikasleko eskaera bat aurkezten ahalko da, eta nahi bertze ikastetxe hautatu. Hilaren 24ra arte egonen da irekia eskaerak aurkezteko epea

Behin betiko zerrendak apirilean argitaratuko dituzte. RAUL BOGAJO / FOKU.
Isabel Jaurena.
2023ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Hezkuntzaren gaia pil-pilean egon da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta eztabaida ugari sortu dira horren inguruan. Matrikulazio kanpaina izan da zeresana eman duen azken auzia. Eusko Jaurlaritzak adierazi duenez, badaude ikastetxeetako lekuen banaketan eraginen duten zenbait faktore, adibidez: ikastetxe publikoek eta itunpekoek leku kopuru jakin bat gorde beharko duteikasle zaurgarriendako, eta gertuko eskolatzea sustatu nahi da.

Kanpaina atzo hasi zen, eta familiek hilaren 24ra arte aurkeztu ahalko dituzte eskaerak. Jaurlaritzak argibide batzuk eman ditu:

ESKAERAREN EZAUGARRIAK

Haur bakoitzeko eskaera bat bakarrik aurkezten ahalko da, eta gehiago aurkezten badira, ez dira kontuan hartuko. Dokumentu horretan nahi bertze ikastetxe hautatzen ahalko dira, baina ezinbertzekoa da lehentasunaren arabera antolatzea. Izan ere, adjudikazioa zerrendaren araberakoa izanen da. Jaurlaritzak gomendatzen du norbere etxetik hurbil dauden ikastetxeak hautatzea.

JARRAIPENA

Ikastetxe eta hizkuntza eredu berean jarraitu nahi duten horiek ez dute eskaerarik egin beharko. Ikastetxe berean jarraitu baina hizkuntza eredua aldatu nahi duten horiek, ordea, eskaera aurkeztu beharko dute.

INSTITUTURAKO JAUZIA

Lehen Hezkuntzatik (LH) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzara (DBH) pasatzen diren ikasleei dagokienez, baldin eta institutua eskolara atxikia baldin bada ez da eskaerarik aurkeztu beharko. Bi kasutan izan ezik: hizkuntza eredua aldatu nahi denean edo eskola institutu bati baino gehiagori atxikia dagoenean. Atxikitako institutu bat edo gehiago izan arren, bertze ikastetxe batean lekua eskatzeko aukera ere badago. Baina ikasle horiek ez dute lehentasunik izanen atxikiak ez dauden ikastetxe horietan.

NOLA EGIN ESKAERA?

Dokumentua aurrez aurre edo online aurkezteko aukera dago. Aurrez aurre egin nahi duten horiek, hain zuzen, lehenbiziko aukera gisa hautatu duten ikastetxera joan beharko dute, idazkaritzako ordutegietan. Eskaerarekin batera, nahitaezko zenbait dokumentu aurkeztu behar dituzte; zerrenda eskuragarri dago Hezkuntza Saileko webgunean. Horrez gain, baremoko puntuak lortzeko bertze hainbat dokumentu ere aurkeztu beharko dituzte.

Jaurlaritzak nabarmendu du derrigorrezkoa dela dokumentu horiek guztiak aipatutako epearen barnean aurkeztea. Bertzela, eskaera ez da kontuan hartuko. Argitu du, gainera, eskaera modu batean ala bertzean egiteak ez duela abantaila berezirik ematen adjudikazioari dagokionez.

ADJUDIKAZIOA

3 urteko umeen gelan eta LHko eta DBHko lehenbiziko mailetan, atxikiak dauden ikastetxeetatik datozen umeek lehentasuna izanen dute atxiki gabeko ikastetxe batetik datozen horiekin alderatuz. Ikasle bakoitzari emanen zaion lekua bere zerrendakoa izan daiteke, eta, horietako bakar batean ere lekua lortu ezean, bertze ikastetxe batean emanen zaio.

LEKUAK ZIURTATUTA

Gerta daiteke aurkeztutako zerrendako ikastetxe bakar batean ere lekurik ez ematea. Halakoetan, Hezkuntza Sailak leku libreak dituen ikastetxe bat adjudikatuko dio ikasleari. Horrelakorik ez gertatzeko, Jaurlaritzak gomendatzen du behar bertze eskaera egitea eta, batez ere, nork bere eragin eremuko ikastetxe guztiak hautatzea. Argi utzi du ez duela espero inork gaitzestea emandako lekua.

Bertzalde, seme edo alaba bat ikastetxe batean onartzeak ez du erran nahi haren anaia edo arreba ere onartuko dutenik. Gerta daiteke familia bateko haur bati ikastetxe batean lekua ematea eta bertze umeari bertze ikastetxe batean.

ZERRENDAK

Behin-behineko zerrendak martxoaren 14an argitaratuko dituzte, eta Ikasgunea atarian soilik egonen dira ikusgai. Ez dituzte ikastetxeetan jarriko, pribatutasuna errespetatzeko. Erreklamazioak egiteko epea apirilaren 4ra bitarte egonen da zabalik, eta hil horren 20an zabalduko dituzte behin betiko zerrendak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.